Sinesgarritasuna, kolokan

Sudango Darfur eskualdeak bost estatutan zatituta jarraitzea ala hura bateratzea bozkatu dute erreferendumean. Oposizioa bozak boikotatzen saiatu da, gatazka odoltsua amaitu ez delako eta desplazatuek ahotsik izan ez dutelako

Sinesgarritasuna, kolokan.
2016ko apirilaren 14a
00:00
Entzun
Bederatzi egun beharko dituzte Darfurko biztanleek erreferendumaren emaitzak ezagutzeko.Orduan jakingo da Darfurrek bost estatutan banatuta jarraituko duen ala bateratzearen alde egingo duen. Kasu batean zein bestean, Sudanek jarraituko du lurraldearen burujabetza izaten. Hain zuzen ere, Khartumgo Gobernuak zatitu zuen Darfur bost estatutan orain dela lau urte, eta statu quo-a mantentzearen alde agertu da. Bateratzearen defendatzaileek, aldiz, uste dute Darfurrek autonomia handiagoa lortuko lukeela estatu bakarra osatuta, eta, hala, 2003az geroztik lurraldea suntsitu duen gatazkari argi apur bat emango liokeela.

Herritarren artean, ordea, ez da suhartasuna gailendu. Omar Hasan al-Baxir Sudango presidentearen aldekoek gobernuaren jarrera defendatzera deitu ditu herritarrak, baina oposizioa —bai armatua, bai politikoa— bozak boikotatzen saiatu da, bi arrazoi nagusigatik: batetik, Darfurko desplazatu kopuru handiaren eraginez, multzo handi bat ahotsik gabe gelditu da. Gatazka odoltsuak bultzatuta, bi milioi eta erdi lagun dira etxetik alde eginda, Darfurko eta Sundago kanpalekuetara joan behar izan dutenak —ehunka mila lagunek Txadera eta Afrika Erdiko Errepublikara jo dute—. Datu kezkagarri horrek goitik behera aldatu du hautesle errolda; erreferendumera deituta zeuden 4,5 milioi pertsonetatik, 3,3 milioik baino ez zuten izena eman otsailean, NBE Nazio batuen Erakundearen datuen arabera. Al-Faxer hiriburuan parte hartzea handia izan bada ere, Abu Xuk kanpalekuaren gisako guneetan ez du oihartzunik izan ia.

Bestetik, herrialdeak gerran jarraitzen du, su-etena 2010ean sinatu arren. Hedabide askok XXI. mendeko lehen holokausto handia deitu izan diote gatazkari, Khartumgo Gobernuak babestutako janjauid milizia arabiarrek sarraskia eragin baitute Darfurko herrietan, herritar beltzen eta nekazarien aurka. Hilketak, bortxaketak, bahiketak, torturak... Nazioarteko Zigor Auzitegiak «garbiketa etnikotzat» jo ditu janjauid-ek eragindako sarraskiak, eta 2008an al-Baxir presidentea atxilotzeko agindua eman zuen —orain arte ezin izan dute epaitu—. Dena den, Darfur eremuko tentsioak Afrikako zaharrenak eta luzeenak direla diote adituek, nahiz eta gaur egun ikusezina izan nazioartean.

Azken erresistentziak

Gatazkak mugarri bat izan zuen 2003an: fur, masalit eta zagaua etnietako miliziek armak hartu zituzten, Khartumgo Gobernuaren bazterkeria salatuz. SLA Sudan Askatzeko Armada eta JEM Justizia eta Berdintasunerako Mugimendua izan ziren aliatuta borroka armatuari ekin ziotenak. Gaur egun, hamahiru talde armatu daude. Hainbat izan dira bake akordioak lortzeko saiakerak, baina tiro hotsak ez dira isilduDarfurren.

Halere, gobernuak matxinoen azken erresistentziak amaitu izana aldarrikatu du. Herenegun, Sudango armadak eraso egin zion Sudan Askatzeko Armadari Marra mendian, eta milizianoek Darfur ekialdean zuen gotorlekuaren kontrola hartu zuten, gobernuaren arabera. «Eraso honekin amaitutzat ematen dugu Darfurko estatuetan mugimendu mertzenarioen matxinada», esan zuen Ahmad Jalifa Xami armadaren bozeramaileak. Sudan Askatzeko Armadak, ordea, bestelakoa dio. Xihab al-Din Haqar bozeramaileak Sudango armadaren hitzak gezurtatu ditu, eta, gainera, adierazi du duela aste bete Sudango armadaren 1.070 soldadu hil zituela.

Dohako Bake akordioa sinatu zuten Qatarren 2012ko uztailean Khartumgo Gobernuak eta JEM talde armatuak. Akordioa betetze aldera, Biltzar Nagusiko Alderdiak hamabi hilabete zituenDarfurko erreferendumera deitzeko, baina ez du 2016. urteko apirilera arte gauzatu. Atzerapen horrek ere kolokan jarri du nazioartean erreferendumaren zilegitasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.