Sinbolikoa, eta ez mamitsua

Protesten artean bildu dira Trump AEBetako presidentea eta May Erresuma Batuko lehen ministroa Londresen. 'Brexit'-aren ostean egin lezaketen itun komertziala izan da bileraren ardatz nagusia

Milaka herritarrek hartu dute parte Trump presidentearen aurkako manifestazioan. ANDY RAIN / EFE.
2019ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
«Donald Trump ez da ongi etorria»; hala oihukatzen zuten atzo Londresko erdigunean Donald Trump AEBetako presidentearen aurka protesta egiteko batu ziren milaka lagunek. Trumpek begirada guztiak erakarri ditu Erresuma Batura egindako bidaian, eta oraingo honetan ere bazter guztiak aztoratu ditu. Diplomaziaren kortesiazko arauei muzin egin, eta zenbait politikari iraindu eta kritikatu ditu —Londresko alkatea, esaterako—, eta beste batzuk, aldiz, goraipatu, Boris Johnson eta Nigel Farage euroeszeptikoak, adibidez. Bigarren eguna zuen atzo, eta Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroarekin batzartu zen Downing Street-en. Haatik, bisita mamitsua baino, bisita sinbolikoa izan da Trumpena, Mayren egoera politikoa kontuan hartuta. Izan ere, Mayk etzi utziko dio Alderdi Kontserbadorearen buru izateari, eta, haren ordezkoak kargua hartu arte lehen ministro lanetan jarraituko duen arren, Trumpek ondorengoarekin itxi beharko ditu akordioak. Gaur du AEBetako presidenteak azken bisita eguna Erresuma Batuan.

Goizean goizetik nagusitu zen protesta giroa Erresuma Batuko hiriburuan. Aktibistek 09:00etarako puztu zuten parlamentuko plazan Baby Trump (Trump umetxoa) izeneko globo erraldoia, Trafalgar plazan antolatutako manifestazioa hasi baino ordubete lehenago. Jeremy Corbyn buruzagi laborista ere batu zen protestetara, eta babesa adierazi zion Londresko alkate Sadiq Khani, Trumpek herenegun hari egindako irainen harira. Khanek erantzun zion Trumpi, esanez «eskuin muturreko posterretakomutikoa» dela Trump.

May eta Trump AEBetako eta Erresuma Batuko hamar enpresari eta politikarirekin bildu ziren. «Lotura komertzialak estutzea» zen bilera horren xede nagusia, eta brexit-aren osteko merkataritza akordioa izan zuten hizpide. Trumpek merkataritza libreko aldebiko akordio bat defendatu zuen. Gainera, aurreko astelehenean, AEBetako presidenteak Twitterren argitaratu zuen akordio komertzial handi bat posible izango dela Erresuma Batua «Europako Batasunaren kateetatik askatzen denean». Erresuma Batuari esan zion akordiorik egin gabe uzteko Europako Batasuna, eta AEBen alde jartzeko.

Gai horretaz gain, Huawei eta AEBen eta Txinaren arteko gerra komertzialaren inguruan hitz egin zuten. Bestalde, Mayk esan zuen Erresuma Batuak Irango akordio nuklearrarekin jarraituko duela, baita klima aldaketaren aurkako borrokan ere —bi akordio horietatik atera da Trump bere agintaldian—.

Datarik gabeko akordioa

Trumpek eta Mayk agerraldia egin zuten bileraren ostean, Downing Street-eko atarian. Mayk bi herrialdeen arteko lotura nabarmendu zuen : «Elkarlanean jarraituko dugu ekonomia globala moldatzeko, eta arauetan eta instituzioetan eragiteko, merkatuak libreak, justuak eta irekiak izan daitezen». Trumpek esan zuen uste duela «funtsezkoa» izango dela egingo duten akordio komertziala: «Ez dakit zehazki noiz egingo dugun, baina egin dezagun akordio hori».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.