Sinaloako kartelaren sortzaileetako bat atxilotu dute AEBetan

Ismael Zambada 'Mayo' atxilotu dute, Texasen, Mexikoren mugan. El Chapo Guzman karteleko beste buruzagiaren semeetako bat ere AEB Ameriketako Estatu Batuetako Poliziaren zaintzapean dago.

Zambada eta Guzman garraiatu zituen abioi pribatua. CESAR CONTRERAS / EFE
Zambada eta Guzman garraiatu zituen abioi pribatua. CESAR CONTRERAS / EFE
2024ko uztailaren 26a
13:00
Entzun

Ismael Zambada Mayo atxilotu zuten atzo Texaseko El Paso hirian, AEB Ameriketako Estatu Batuetan. Sinaloako kartelaren sortzaileetako bat izan zen 1987an, Joaquin Guzman El Chapo narkotrafikatzaile ezagunarekin batera. Zambadaz gain, El Chaporen semeetako bat ere AEBetako Poliziaren zaintzapean dago atzotik: Joaquin Guzman. Mexikoren mugan dagoen hiri horretako aireportu pribatu batean egin zuten atxiloketa.

Zambada hogei urte baino gehiagoan egon da AEBetako autoritateen begipean, atzo arte. Herrialde horretako fiskaltzak hamabost milioi dolarreko —ia hamalau milioi euro— ordainsaria ezarria zuen hura atxilotzearen truke. DEA Drogen Aurkako Agentziaren buruak, Anne Milgramek, adierazi zuen Zambada atxilotzea «kolpe gogorra» izan dela Sinaloako kartelaren bihotzean. Bestalde, Alejandro Mayorkas AEBetako Segurtasun Nazionaleko idazkariak atzoko operazioa goraipatu du, eta Joe Biden AEBetako presidenteak fentaniloaren aurka abiatutako borrokarekin lotu.

Hamaika dira AEBetako auzitegi federalek Zambadaren aurka ebatzitako auzi judizialak: horietan denetan kokainaren eta marihuanaren trafikoari bide ematea leporatzen zaio, baita fentaniloarenari ere. Azken substantzia horren eraginez, 100.000 estatubatuar baino gehiago hil ziren iaz, Gaixotasunak Kontrolatzeko eta Prebenitzeko Zentroak dioenez. Gainera, hemezortzi eta 45 urte arteko biztanleriaren heriotza kausa nagusia bihurtu da.

The Wall Street Journal egunkariaren arabera, AEBetako autoritateek engainu baten bidez lortu zuten Zambada eta Guzman atxilotzea, karteleko hainbat kideren kooperazioarekin: bi narkotrafikatzaileek aerodromo klandestinoak aztertzera joan behar zutela, Mexikora, eta, bitartean, FBI Ikerketa Bulego Federaleko agente armatu ugari haien zain zeuden aireportuan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.