Martxoaren 20an iragarri zuen Leo Varadkar Irlandako Errepublikako lehen ministroak dimisioa emango zuela, baita FG Fine Gael alderdiko buruzagitza utziko zuela ere. Simon Harrisek lau egun baino ez zituen behar izan Varadkarren ordezko gisa sendotzeko. Segituan aurkeztu zuen bere burua alderdiko buruzagi izateko, eta alderdikideen sostengua jaso zuen aurkaririk gabeko primarioetan. Varadkarrek atzo utzi zuen ofizialki taoiseach delakoa, lehen ministroaren kargua, Michael D. Higgins herrialdeko presidentearen aurrean. Gaur, behe ganberak Harrisen hautagaitza onartu ostean —aldeko 88 boto eta aurkako 69—, herrialdeko presidenteak ofizialki izendatu du gobernuburu, eta Harrisek promestu du herritar guztien «itxaropenak, ametsak eta aspirazioak betetzeko» egingo duela lan.
Bozketaren ondorengo hitzaldian, koalizio gobernua goraipatu du gobernuburu izendatuak, eta elkarlanean jarraitzeko asmoa duela baieztatu. Aurrean dituen erronkak ere izan ditu mintzagai, eta horiei aurre egiteko «prest» agertu da: «Etxebizitzaren auzia da gure belaunaldiko erronka sozial eta ekonomiko handiena. Zeru-lurrak astinduko ditut etxebizitza gehiago eraikitzen laguntzeko eta jabetzarako sarbidea errazteko». Zaintza, gizarte zerbitzuak, klima larrialdia eta lehen sektorea ere izan ditu hizpide. Arratsaldean argituko du nor izango diren gobernu berriko ministroak.
Bestalde, bere aurretik jardun dutenen lana ere goraipatu du, batez ere Varadkar lehen ministro ohiarena (2022-2024). Brexit-aren eta pandemiaren harira izandako jokabidea nabarmendu du gehienbat. Oposizioak, ostera, hautagaitza kritikatu du. «Gaurkoa ez da ona Irlandarentzat, baizik eta Fine Gael eta Fianna Failentzat», adierazi du Sinn Feineko buru Mary Lou McDonaldek. Horregatik, «lider aldaketa» baten beharraz hitz egin du, eta «hauteskunde orokorrak» egiteko eskatu.
«Etxebizitzaren auzia da gure belaunaldiko erronka sozial eta ekonomiko handiena. Zeru-lurrak astinduko ditut etxebizitza gehiago eraikitzen laguntzeko eta jabetzarako sarbidea errazteko».
SIMON HARRIS Irlandako Errepublikako lehen ministroa
Irlandako Errepublikak inoiz izan duen lehen ministrorik gazteena da Harris. 37 urte ditu, eta kargu garrantzitsuak bete izan ditu gobernuan. Gazte hasi zen politikan, eta 24 urte dituenetik parlamentuko kide izan da. Osasun ministro izan zen pandemiaren hasierara bitarte (2017-2020); aldi horretan, lan garrantzitsua egin zuen abortatzeko eskubidea zabaltzeko erreferendumean —baiezkoak irabazi zuen—. 2020ko hauteskundeen ostean, Goi Mailako Hezkuntza, Ikerketa, Berrikuntza eta Zientzia ministro izendatu zuten Harris. Gerora, Justizia ministro ere aritu zen tarte batez (2022-2023).
Egun, eskuineko bi alderdik eta indar ekologista batek osatzen dute Irlandako Errepublikako koalizio gobernua; Varadkarren eta Harrisen FGrekin batera jarduten dute FF Fianna Failek eta CG Aliantza Berdeak. 2020ko hauteskundeetan FFk lortu zuen ordezkari gehien behe ganberan, eta alderdi horretako Micheal Martin izan zen gobernuburu agintaldiaren lehen erdian (2020-2022). Jarraian hartu zuen postua Varadkarrek. Azken bozetan, baina, Sinn Feinen gorakada izan zen albiste. Bigarren indarra bihurtu zen, eta hurrengo hauteskundeetarako faboritotzat jotzen dute inkestetan.
Hauteskundeak ortzi mugan
Datorren urteko martxoaren amaiera baino lehen egingo dituzte hauteskundeak Irlandako Errepublikan. Ordurako, koalizio gobernuaren eta bere alderdiaren posizioa indartzea izango du erronka Harrisek, Sinn Feinen gorakadari aurre egiteko —2022an, gailendu egin zen Ipar Irlandako bozetan, lehen aldiz—. Ez dirudi, ordea, lan erraza izango denik. Otsaileko erreferendumean porrot nabarmena izan zuen egungo gobernuak; konstituzioan emakumearen rola eta familiaren definizioa aldatzea proposatzen zuen erreformaren aurka bozkatu zuten herritarrek.
Horrez gainera, Irlanda etxebizitza krisi betean dago, eta zerbitzu publikoen egoerak ere okerrera egin du. Klima aldaketaren aurkako aktibistek gobernuari eskatzen diote bete ditzala finkatutako helburuak, eta, aldi berean, nekazariak kexu dira ingurumen neurriak direla eta. Hori gutxi ez, eta brexit-aren ostean tenkatu egin ziren Erresuma Batuarekin dituzten harremanak, eta Ipar Irlandako Gobernuan ezegonkortasuna da nagusi.
Harris «Tiktokeko taoiseach» moduan definitu dute, besteak beste, Irish Times Irlandako egunkariak eta The Guardian Erresuma Batukoak. Lehen ministro izendatuak sare sozialetan duen ospea dela-eta jarri diote izengoiti hori. Fine Gael alderdiko liderrak ia 100.000 jarraitzaile ditu sare sozial horretan, bere alderdiaren kontuak dituen jarraitzeak halako hamar baino gehiago. Gainerako sareetan ere ezaguna da: 177.000tik gora jarraitzaile ditu Instagramen, eta 237.000 X sare sozialean.