Gilles Simeoniren garaipena eztabaidaezina da. Aurten bakarrik aurkeztea erabaki zuen: batzuentzat, egokia; beste batzuentzat, arriskutsua. Agintari autonomistari era ezin hobean atera zaio apustu elektorala. 2017an hiru alderdik osaturiko koalizioak lortu zuena oraingoan gizon bakar batek lortu du: Fa Populu Inseme zerrendak botoen %40,64 bildu ditu, eta, hortaz, gehiengo osoa izango du Asanblean: 63 aulkitik 32. Hegemonia baten hasiera da Korsikan asteon abiatuko dutena.
Simeonik agintaldi bakarra egin du uharteko boterean, baina sei urteko epe labur horrek balio izan dio herritarren artean mezu bat eta politika egiteko modu bat ereiteko, eta aurtengo bozetan lan horren fruituak jasotzeko. Lehen aldia da Korsikako alderdi batek bere kabuz parlamentuko eserlekuen gehiengo osoa lortzen duela, eta, hortaz, agintari autonomistak beste mugarri bat jarri du arrakastak besterik ezagutu ez dituen ibilbide politikoan; Bastiako auzapez kargua izan zen lehenik; uharteko agintea gero, mugimendu nazionalistako aliatuekin elkartuta, eta bakarkako bidea izan da azkenik, Korsikako presidente postura itzultzeko.
Elektoralki, Simeonik erabat astindu du uharteko taula politikoa. Lau talde parlamentario izango dira datorren legealdian Asanblean, eta horietako hiru nazionalistak izango dira; zehazki, bat, autonomista; bestea, independentista, eta azkena, autonomisten eta independentisten artekoa. Horrek utzi duen testuingurua da mugimendu horretatik kanpoko sektore bakarra egongo dela oposizioan: Laurent Marcangeli Ajaccioko auzapeza buru duen eskuina.
2015ean, nazionalistak lehen aldiz uharteko boterera iritsi zirenean, botoen %35,34 eta 24 aulki zituzten parlamentuan; datorren legealdian, berriz, 46 eserleku izango dituzte, hiru zerrendak elkartuta botoen %67,97 bildu baitituzte. Gorakada handia izan da, mugimenduko hainbat alderdi eta sektoreren lanaren ondorio dena, baina, azkenean, Simeonik lortu du hori kapitalizatzea, besteak beste, Korsikako presidente karguak eman dion ikusgaitasunari esker.
Inbestidura bozketa etzi egingo dute, eta ikusteko dago herenegungo garaileak akordio bat proposatuko dien ordezkaritza lortu duten mugimenduko beste kideei hitzordu horretarako eta agintaldirako. Bigarren itzuliaren aurretik, Simeonik jakinarazi zuen bozen ostean «legealdirako kontratu bat» proposatuko diela «gehiengo nazionalista batean egoteko bokazioa duten indarrei», Jean-Christophe Angelini autonomistari eta Paul-Felix Benedetti independentistari, baina orain, gehiengo osoa dutela kontuan harturik, litekeena da hirurek beste modu batera ikustea itun horren inguruan ados jartzea; betiere, testuaren edukia jakiteko dagoela.
Hain justu, kanpainan Angelini izan da Simeoniren gehiengo osoaren aurkako mezu gehien bidali dituen agintaria, eta, hori eragozteko, Jean-Guy Talamoni independentistaren zerrendarekin bat egitea erabaki zuen bigarren itzulitik kanpo geratu zen; batuketa hori 2015eko eta 2017ko Pe a Corsica koalizioari egindako erreferentzia bat ere izan da, herenegungo lehiako zerrendak Avanzemu pe a Corsica izena izan baitu.
Apustuak, ordea, espero baino emaitza okerragoak izan ditu, soilik bi puntu egin baitute gora bigarren itzulian; Angelinik botoen %13,22 lortu zituen iragan igandean; Talamonik, %6,9, eta bien zerrendak botoen %15,07 lortu ditu gaur. Denera, hortaz, zortzi kontseilari izango dituzte uharteko parlamentuan, eta ikusteko dago diputatu horiek oposizioaren parte izango diren ala Simeonirekin adostasunik lortuko duten; edo biak. Zundaketen berri izan eta berehala, Angelinik aitortu zuen batasun hori «hutsegite bat» izan dela, baina ez zuen damurik agertu.
Benedetti, arrakastatsu
Mugimendu nazionalistan, Benedettiren zerrendak ere ordezkaritza izango du Asanblean, sei aulki lortu baititu botoen %12,26 bilduta; Core in Fronte lehen aldiz sartuko da parlamentuan bere kabuz aurkeztuta, 2012ra arte Talamoni buru duen Corsica Liberaren parte izan baitzen, eta harrezkero ez zuelako ordezkaritzarik lortu. Haren kasuan ere, ikusteko dago zer jarrera izango duen berriz Korsikako presidente kargua hartuko duenarekiko, iragan agintaldian oso kritiko agertu baitzen harekin.
Horiek horrela, mugimendutik kanpo ere ordezkaritza izango dute Korsikako Asanblean, Marcangeli eskuindarrarena izan baita boto gehien bildu duen bigarren zerrenda. Zehazki, Un Soffiu Novuk botoen %32,02 lortu ditu, eta, hortaz, hamazazpi kontseilari izango ditu parlamentuan.
Lehen postuan amaitu ez duen arren, Ajaccioko auzapezak lortu du bi itzulien artean herritar gehiago mobilizatzeko helburua betetzea, 2017an bi eskuinak zatituta baino babes handiagoa bildu baitu zerrenda bateratua aurkeztuta (+1,16).
Zundaketen emaitzak jakin eta berehala, Marcangelik adierazi du «borrokaren oposizioa» izango dela harena 2028ra arte iraungo duen legealdian: «Ez dugu lortu gehiengoa konbentzitzea, baina etorkizunean borroka gehiago izango ditugu, eta horiek irabazi egingo ditugu. Orain, Simeoniri dagokio besteak entzutea. Gurea oposizio eraikitzailea izango da».
Lehen itzuli arrakastatsuaren ostean, bigarrena ere ospatzeko modukoa izan da mugimendu nazionalistarentzat. Orain arte soilik batasunaren bidez iritsi da uhartearen agintera, baina herenegungo emaitzek agerian utzi dute zatituta ere horretarako gai izan direla; denera, hiru zerrendek botoen %67,97 bildu dituzte. 2017an, Pe a Corsicak botoen %56,46 lortu zituen, eta 63 aulkitik 41.
Departamendu eta eskualde bozak. Korsika
Simeoni jaun eta jabe Korsikan
Fa Populu Inseme zerrendak botoen %40,64 bildu ditu bozen bigarren itzulian, eta aulkien gehiengo osoa izango du uharteko Asanblean. Denera, mugimendu nazionalistak botoen %67,97 lortu ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu