Shinzo Abe Japoniako lehen ministro izandakoa hil dute gaur. Goi ganberarako etzi egitekoak diren hauteskundeetarako kanpainako ekitaldi batean hitz egiten ari zen, Nara hirian, kalean, tiro egin diotenean. Konorterik gabe eta bihotz biriketako geldialdian eraman dute ospitalera helikopteroz, eta ordu batzuk geroago hil da. 67 urte zituen 2012 eta 2020 artean gobernuburu izandakoak. Sare sozialetan zabaldutako bideoetan ikusi bezala, ustezko erasotzailea tiro egin eta berehala atxilotu dute. Zenbait hedabidek kaleratutako informazioaren arabera, Aberi eraso egin dionak 41 urte ditu, eta Japoniako armadako soldadu ohi bat da. Etxean egindako arma batekin egin dio tiro lehen ministro ohiari.
Erasoa gertatu eta gutxira, agerraldi publiko bat egin du Fumio Kishida Japoniako lehen ministroak, Abe bezala LPD Alderdi Liberal Demokratikokoak. Zendutakoaren laguna zen, eta azalpenak ematekoan ozta-ozta eutsi die malkoei. «Orain galdera da klima soziala aldatu ote den», nabarmendu du, baina erantsi tentuz hartu behar dela gertatutakoa. «Hauteskunde batzuen erdian gertatu da. Demokraziaren zutabea dira, eta hori ezin da onartu». Ziurtatu du, erasoa gorabehera, etzi bozak egingo dituztela.
Abe, hain zuzen, hauteskunde horietarako kanpainako ekitaldi batean parte hartzen ari zen Naran, Japoniako hiriburu zaharrean, Tokiotik bostehun bat kilometrora. Osasun arrazoiengatik, kargua utzi zuen 2020ko irailean, eta jada ez zuen kargurik bere alderdian. Dena dela, ordezkarien ganberako diputatua zen, eta, Japoniako hedabideek diotenez, jarraitzen zuen PLD indar kontserbadoreko lider nagusia izaten.
Ex Prime minister of JAPAN Shinjo Abe shot from behind by person with shotgun
— Naina Yadav (@NAINAYADAV_06) July 8, 2022
Shinzo Abe pic.twitter.com/zRmgkLU3xR
Mintzatzen hasi eta gutxira, Japonian 11:30 inguru zirenean —04:30 Euskal Herrian— egin dio tiro, atzealdetik. Abe lurrera erori da, bularrean odola zuela. Japoniako komunikabideek Polizia iturriak aipatuz kaleratu dutenez, atxilotutakoa ez zegoen «pozik» agintari ohiarekin, eta horregatik jo zuen hura hiltzera. Poliziaren esanetan, atxilotuak galdeketan aitortu zien «elkarte jakin bati» herra ziola.
Abek ekitaldia baino ordu batzuk lehenago erabaki zuen Naran hitz egingo zuela; beraz, ez dago argi hilketaren susmagarriak nola jakin zuen eta nola prestatu zuen erasoa. Hori bai, kriminalitate tasa oso apala du Japoniak, suzko armekin egindako erasoak bakanak dira, eta, horrenbestez, hauteskundeetako mitinak kalean egin ohi dituzte, segurtasun neurri gutxirekin. Kasu honetan, tren geltoki baten aurrean zen ekitaldia. Poliziak prentsa agerraldi bat egin du, eta kazetari batek ekitaldiaren segurtasunaz galdetu dio bozeramaile bati, ea zergatik zegoen tokia Aberen atzean oinez ibiltzeko edo haren atzean gelditzeko. Bozeramaileak erantzun dio erantzukizunez espekulatzen hasi aurretik gertatutakoa ikertuko dutela.
Agintean egindako zortzi urteetan arlo ekonomikoan egindako erreformengatik, eta atzerri politikan AEBekin eta EB Europako Batasunarekin harremanak hobetzeagatik nabarmendu zen Abe. Defentsarako jarritako gastua handitu zuen, eta Bigarren Mundu Gerra bukatu eta gero 1946an onartutako konstituzioa, kutsu bakezalekoa, aldatu zuen 2014an, Japoniako tropek beren mugetatik kanpo borrokatzeko bidea emateko.
Gaitzespen mezuak
Nazioartean berehala zabaldu dira atentatuaren aurkako ahotsak, Abe oraindik bizirik zela. G20ko herrialdeek Balin dute bilera egunotan, eta handik helarazi dute erasoaren aurkako euren gaitzespena. NATOko idazkari nagusi Jens Stoltenberg ere esan du «erabat hunkitu» duela Aberen aurkako tiroketak: «Gure kide hurbila da Japonia, eta haren eta Fumio Kishida lehen ministroaren ondoan gaude».
Europako Batasuneko buruak ere mintzatu dira atentatuaz. Europar Kontseiluko presidente Charles Michelek adierazi du «hunkituta eta triste» utzi duela Aberen aurkako «eraso koldarrak», eta nabarmendu du Japoniako lehen ministro ohia «benetako laguna, eta ordena multilateralaren eta balio demokratikoen defendatzaile sutsua» dela.
Zhao Lijian Txinako Atzerri Ministerioaren bozeramaileak ere adierazi du «zirrara» eragin diola gertaerak. Aberen agintaldian areagotu egin zen Japoniaren eta Txinaren arteko tentsioa, Diaoyu uharteen inguruko liskarrengatik, besteak beste.