Shinzo Abe Japoniako lehen ministro izandakoa hil zuten atzo. Goi ganberarako bihar egitekoak diren hauteskundeetarako kanpainako ekitaldi batean hitz egiten ari zen, Nara hirian (Japonia), kalean, tiro egin ziotenean. Konorterik gabe eta bihotz-biriketako geldialdian eraman zuten ospitalera, helikopteroz. Ordu batzuk geroago hil zen. 67 urte zituen 2012 eta 2020 artean gobernuburu izandakoak. Sare sozialetan zabaldutako bideoetan ikusi bezala, ustezko erasotzailea tiro egin eta berehala atxilotu zuten. Zenbait hedabidek kaleratutako informazioaren arabera, Aberi eraso egin zionak 41 urte ditu, eta Japoniako armadako soldadu ohia da. Ikertzen ari dira ea etxean egindako arma batekin egin zion tiro lehen ministro ohiari.
Erasoa gertatu eta gutxira, agerraldi publikoa egin zuen Fumio Kishida Japoniako lehen ministroak, Abe bezala LPD Alderdi Liberal Demokratikokoak. Zendutakoaren laguna zen, eta azalpenak ematerakoan ozta-ozta eutsi zien malkoei. «Orain, galdera da klima soziala aldatu ote den», nabarmendu zuen, eta erantsi tentuz hartu behar dela gertatutakoa. «Hauteskunde batzuen erdian gertatu da. Demokraziaren zutabea dira, eta halakorik ezin da onartu». Ziurtatu zuen, erasoa gorabehera, bihar bozak egingo dituztela.
Abe, hain zuzen, hauteskunde horietarako kanpainako ekitaldi batean parte hartzen ari zen Naran, Japoniako hiriburu zaharrean, Tokiotik 500 bat kilometrora. Osasun arrazoiengatik kargua utzi zuen 2020ko irailean, eta jada ez zuen kargurik bere alderdian. Dena dela, ordezkarien ganberako diputatua zen, eta, Japoniako hedabideek diotenez, LPD indar kontserbadoreko lider nagusia zen oraindik ere.
Mintzatzen hasi eta gutxira, Japonian 11:30 inguru zirenean—04:30ak Euskal Herrian— egin zion tiro, atzealdetik. Abe lurrera erori zen, bularrean odola zuela. Japoniako komunikabideek Polizia iturriak aipatuz kaleratu dutenez, atxilotutakoa ez zegoen «gustura» agintari ohiarekin, eta horregatik jo zuen hura hiltzera. Poliziaren esanetan, atxilotuak galdeketan aitortu zien «herra» ziola «elkarte jakin bati».
Naran hitz egingo zuela ekitaldia baino ordu batzuk lehenago erabaki zuen Abek; beraz, ez dago argi hilketaren susmagarriak nola jakin zuen eta nola prestatu zuen erasoa. Hori bai, kriminalitate tasa oso apala du Japoniak: suzko armekin egindako erasoak bakanak dira, eta, horrenbestez, hauteskundeetako mitinak kalean egin ohi dituzte, segurtasun neurri gutxirekin. Oraingoan, tren geltoki baten aurrean zen ekitaldia. Poliziak prentsa agerraldi bat egin zuen, eta kazetari batek galdetu zion bozeramaile bati ekitaldiaren segurtasunaz, ea zergatik zegoen tokia Aberen atzean oinez ibiltzeko edo haren atzean gelditzeko. Bozeramaileak erantzun zion erantzukizunen inguruan espekulatzen hasi aurretik gertatutakoa ikertuko dutela.
Agintean emandako urteetan arlo ekonomikoan erreformak egiteagatik eta atzerri politikan AEBekin eta EB Europako Batasunarekin harremanak hobetzeagatik nabarmendu zen Abe. Defentsarako gastua handitu zuen, eta Bigarren Mundu Gerra bukatzean 1946an onartutako konstituzioa, kutsu bakezalekoa, aldatu zuen 2014an, Japoniako tropei beren mugetatik kanpo borrokatzeko modua emateko.
Japonia. Shinzo Abe lehen ministro ohia hil dute
Shinzo Abe hil dute, tiroz
Kalean mitin bat ematen ari zela hil dute Japoniako lehen ministro izandakoa. Poliziaren arabera, ustezko egileak adierazi die «herra» ziola agintari ohiari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu