Shigeru Ishibak irabazi ditu LDP Japoniako Alderdi Liberal Demokratikoak lider berria aukeratzeko egindako barne bozak, gaur. Parlamentuak urriaren 1ean izendatuko du Ishiba herrialdeko 65. lehen ministro. Abuztuaren 14an, Fumio Kishida LDPkoak iragarri zuen dimisioa emango zuela, ustelkeria kasuak zirela-eta, eta horregatik egin dituzte gaur barne hauteskundeak.
215 boto lortu ditu Ishibak, eta Sanae Takaichi Segurtasun Ekonomikoko ministroari gailendu zaio (194). Barne hauteskundeak Takaichik irabazi izan balitu, herrialdeko lehen emakume ministroa bilakatuko zatekeen. 67 urte ditu Ishibak, eta bosgarren saiakera du LDPko liderra izaten. Taldeko «beterano» izendatu izan du bere burua. Hauteskundeen irabazleak gaurko ekitaldian azaldu du Japoniak «bidezkoagoa eta adeitsuagoa» izan behar duela, eta hemendik aitzinera «segurtasun gaietan» jarriko duela arreta; erraterako, Estatu Batuek Japoniako baseetan egiten duten erabileran.
Yasuo Fukuda lehen ministro izan zenean (2007-2008), Japoniako Defentsa ministroa izan zen Ishiba, baita Nekazaritza, Basogintza eta Arrantzakoa ere. Bertzeak bertze, zalantzan jarri du Japoniako Bankuaren ezohiko interes tasen politika, eta, bide batez, landa eremuko despopulazioari aurre egiteko baliabideak ere eskatu ditu. 50eko hamarkadatik ia etenik gabe izan dira boterean Alderdi Liberal Demokratikokoak.