Inoizko hauteskunde prozesurik handiena izango dute bihar Mexikon. Herrialdea zatituta dago Andres Manuel Lopez Obrador presidentearen gogaideen eta haren arerio sutsuen artean. Horretaz mintzatu da Luis Hernandez La Jornada egunkariko iritzi saileko burua (Mexiko Hiria, 1955). Prozesuaren gaineko uste zorrotza du; ezkerretik hausnartua, gainera.
Inkesten arabera, Claudia Sheinbaum Morena Nazioa Onbideratzeko Mugimendukoak irabaziko ditu bozak, gehiengo handiz. Oposizioak lortuko du joera iraultzea?
Ezingo dugu itsu-itsuan sinetsi inkestek diotena. Inkestak egiten dituzten etxeak hedabide nagusiei lotutako negozioak dira, eta, 2018ra arte PRI [Alderdi Iraultzaile Instituzionala] eta PAN [Ekintza Nazionaleko Alderdia] oposizioko alderdien esanetara egon baziren ere, gaur guztiak Morenaren esku daude.
Sheinbaumen garaipena ezinbestekoa izango den ustea eraikitzea lortu dute. Hori saldu digute, eta horrek botoa ematera bultzatzen gaitu. Uste dut baietz, Sheinbaumek irabaziko duela, baina garaipena ez dela erabatekoa izango, eta Xochitl Galvez [Indarra eta Bihotza Mexikoren Alde] oposiziokoak dioten baino boto gehiago izango dituela.
Inkestak alde batera utzita, badira hori pentsatzeko elementu argiagoak. Askorik zabaldu ez bada ere, Sheinbaum enpresa talde handiekin elkartu da isilean, eta oso harrera ona izan du. Pentsatzekoa da konpromisoak hartuko zituela. Hori bada garaipenaren adierazle argia.
Presidentetzatik haratago, Lopez Obradorren asmoa da Diputatuen Ganberan eta Senatuan aulkien bi herenak lortzea, konstituzioa aldatzeko —C Plana deitu dio—. Lortuko al du?
Lopez Obradorrek, agintearen amaieran, konstituzioan 62 aldaketa sustatu ditu, eta Auzitegi Gorenak blokeatu egin dizkio. Bi herenak behar ditu horiek onarrarazteko, eta berandu ibili da; agintaldiaren hasieran bazituen, baina 2021ean, tarteko bozketan, galdu egin zituen. Uste dut gauza bera gertatuko zaiola orain, eta C Planak huts egingo diola.
Zaila dute, Chiapas eta Tabascon bakarrik baitute garaipena segurtatua. Veracruz eta Morelosen oso litekeena da galtzea, eta Jalisco, Guanajuato eta Yucatan galduak dituzte jada. Lurraldeotan, eskuinak beti izan du indarra PAN alderdiaren bitartez, eta berreskuratu egingo ditu eremu horiek. Galerarik handiena hiriburuan gertatuko da segur aski, 2021ean Mexiko Hiriaren erdia galdu baitzuten. Eta hiri handi gehienak galduko dituzte. Guztietan indartsua da Lopez Obradorren aurkako oposizioa, eta agerikoa erdiko klasearen nahigabea.
Ilusiorik ere ez da sumatzen. Eskualde gehienetan tokiko jauntxoak ipini dituzte zerrendaburu, betiko kazikeak. Kanpainarako nahi beste diru izan badute ere, botere faktiko horiek ez dute lortu 2018an egon zen ilusioa piztea.
Jauntxoak aipatu dituzula, horixe egotzi diote Lopez Obradorri, hautagaitzak «hondakinez» beteak dituztela. Shembaumek adosturiko konpromisoek geroa baldintza dezakete?
Lopez Obradorrek Noeren ontzia balitz bezala eraiki zuen Morena, etorriko zitzaion hauteskunde erauntsirako prestatzeko. Hor animalia guztiak sartu zituen, jirafak eta gazelak, baina baita sugegorriak eta armiarmak ere, eta horiek dira Morenaren sorrerako kideei gailendu zaizkionak.
Salbuespen bakarra Mexiko Hiria da, Clara Brugada buru dela. Han, ezkerra eta Morenako historikoak Sehinbaumen asmoei gailendu zaizkie, eta ezkerreko hautagaitza behartu.
Lopez Obradorrek hipoteka handiak utziko dizkio Sheinbaumi, batez ere militarizazioari lotuta. Zer ekar dezake horrek etorkizunerako?
Munduko hipoteka guztiak utziko dizkio, militarizazioa bakarrik ez: gobernadoreak Lopez Obradorrenak dira, diputatuak eta senatariak; eta Auzitegi Gorenean gobernuaren aldekoak, denak, harenak. Presidenteak konstituzioaren erreforma proiektua utziko dio oinordekoari. Gobernu programa itxia, alegia. Zer esan nahi du horrek? Lopez Obradorrek segi dezakeela agintzen, atzetik bada ere, leial izan zaion jendea orain Morenaren aparatuan baitago. Presidenteak etxera erretiratuko dela esan du, baina ikusteko dago.
«Lopez Obradorrek segi dezake agintzen, atzetik bada ere, leial izan zaion jendea orain Morenaren aparatuan baitago»
Zer egingo duen Sheinbaumek? Lehen hauteskunde eztabaidan apal izan bazen ere, bere burua bereizten saiatu zen, eta errieta egin zioten. Ondorengo eztabaidetan, Lopez Obradorren ondarea baldintzarik gabe defenditu du, baita defendaezina dena ere. Besterik da zer egingo duen presidente denean.
Nola geratuko da oposizioa hauteskundeen ondoren? PRI desagertuko da?
Zer lortu du oposizioak kanpaina honetan? Eskuinak kalea hartzea lortu du. Hauteskunde agintarien defentsan mobilizazioak egin eta gero, hauteskunde kanpainarekin lotu dute protesta, arrakasta handiz. 2018an Lopez Obradorri botoa eman zion gizarte zibileko sektore bat bereganatu du eskuinak, eta eliteko intelektualak ere haren alde agertu dira. Guztia ulertzeko, aintzat hartu behar da erdiko klaseak zenbateko haserrea duen, oposizioaren botoa presidentearen kontrako botoa baita.
C Planak huts egiten badio, Sheinbaumek negoziatu egin beharko du. Eta Manlio Fabio Beltrones [PRIkoa] negoziatzeko irrikan ikusten dut. C Planik gabe, 62 erreformak ez dira aurrera aterako negoziatu gabe. Horrek oposizioa biziberrituko du. Ustez hiritarra den presidentegai bat aurkeztu badute ere, alderdiek, PRIk eta PANek, parlamentuko ordezkariei eutsi diete, eta Sheinbaumek haiekin negoziatu beharko du. PRI ez dago hilda.
Eta beste muturrean, Morenaren barruan zein kanpoan, ezkerrak badu etorkizunik?
Morenaren barruan ezkerrak duen itxaropen bakarra Clara Brugada da, Mexiko Hirikoa. Irabazten ez badu, ezer gabe geratuko dira. Bitxia da, baina Lopez Obradorren kabinetea aztertzen baduzu, ezkerreko jenderik ez duzu ikusiko. Bestelakoak bai: priista zaharrak, enpresariak eta abar.
Eta Morenatik kanpo, zer dago? Zapatismoaren eremua dago, eta erauzketa-proiektuen aurka herri indigenek egindako erresistentzia. Oposizio sozial bat ere badago: maisu-maistren protestak, eta desagertuen senitartekoen haserrea, Ayotzinapako liskarretik hasi eta ama bilatzaileen samineraino.
Sheinbaumek, kanpainan, horiek existituko ez balira bezala jokatu du. Lopez Obrador guztiak ezerezten saiatu da sei urtez. Alferrik: hor daude, eta Sheinbaumek guztiei egin beharko die aurre agintea lortzen duenean.