Sharma Oli komunista izendatu dute Nepalgo lehen ministro

Laugarren aldiz hartu du lehen ministro kargua. Txinaren interesen aldeko ikuspegia erakutsi du aurreko agintaldietan.

Sharma Oli Nepalgo lehen ministroa kargua hartzean, gaur goizean. NARENDRA SHRESTHA / EFE
Sharma Oli Nepalgo lehen ministroa kargua hartzean, gaur goizean. NARENDRA SHRESTHA / EFE
2024ko uztailaren 15a
15:30
Entzun

Khadga Prasad Sharma Oli izendatu dute Nepalgo lehen ministro, eta kargu hori eskuratu duen laugarren aldia da. Pushpa Kamal Dahal aurreko lehen ministroari babesa kendu, eta ostiralean Ordezkarien Ganberak haren aurkako zentsura mozioa onartu ostean iritsi da kargura. Sharma Oliren alderdiak, Nepalgo Alderdi Komunista Marxista-Leninista Bateratuak (CPN-UML), koalizioa osatu du Nepalgo Kongresua alderdiarekin, hautagaitza sendotzeko. Bi alderdiek Ordezkarien Ganberako eserlekuen erdiak baino gehiago dituztenez —89 Nepalgo Kongresuak eta 78 CPN-UMLk—, behe ganberaren konfiantza lortu du Olik, 166 kideren babesa bilduta —148 behar dira, gutxienez—.

Ibilbide luzea du Olik Nepalgo politikagintzan. 1970ean Nepalgo Alderdi Komunistara afiliatu ondoren, 1973tik 1987ra bitartean kartzelan egon zen, orduko monarkiaren aurka borrokatzeagatik. 1990ean diputatu kargua lortu zuen, eta 1994. eta 1995. urteetan herrialdeko Barne ministroa izan zen. 1996an, gerra zibila piztu zen estatu sozialista bat ezartzearen aldekoen eta monarkiaren jarraitzaileen artean, eta gatazkak 2006ra arte iraun zuen, Nepalgo Errepublika Demokratiko Federala sortu zen arte. Oli 2015ean izendatu zuten lehen ministro lehen aldiz, eta geroztik, 2018an eta 2021ean ere jardun zuen karguan.

Asiako bi herrialde boteretsuen, hau da, Txinaren eta Indiaren artean dago Nepal, eta historikoki biek izan duten lehia diplomatikoak nabarmenki baldintzatu du Nepalgo sistema politikoa. Olik bere agintaldietan hartutako erabakiek erakusten dutenez, Pekinen eta New Delhiren arteko balantzan, lehen ministroa gertuago dago Txinaren ikuspegitik. Esate baterako, 2016an lankidetza akordio bat sinatu zuen Txinarekin, tradizionalki Nepalek New Delhirekin izandako mendekotasuna hautsita. Halere, Indiako lehen ministro Narendra Modik zoriondu egin du Sharman Oli, eta adierazi bi herrialdeen arteko loturak «sendotzea» espero duela.

Zentsura mozioak eta askotariko koalizio osaketak ohikoak dira Nepalgo egitura politiko ezegonkorrean. Azken 30 urteetan ia 30 lehen ministro izan ditu herrialdeak, eta iragan ostiralekoa Kamal Dahal lehen ministroaren aurkako bosgarren zentsura mozioa zen urte eta erdiko agintaldian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.