Sexu erasoak egitea egotzi diote Emausko Trapuketarien sortzaileari

Zazpi emakumezkoren lekukotzak jaso dituzte txosten batean. Pierre abadearen erasoak 1970 eta 2005 bitartean gertatu ziren.

Pierre abadea, artxiboko argazki batean. BERRIA
Pierre abadea, artxiboko argazki batean. BERRIA
2024ko uztailaren 18a
12:00
Entzun

Emausko Trapuketarien sortzaile izandako Pierre abadeari sexu erasoak egitea egotzi diote. Elkarte horrek eta Pierre Abadea fundazioak berak eskatutako ikerketa independente batek jaso ditu zazpi emakumezkoren lekukotzak. Erasoak 1970 eta 2005 bitartean gertatu ziren. Abadea —Henri Groues deitzen zen— 2007an hil zen. 94 urte zituen.

Atzo kaleratu zuten ikerketa, eta, haren arabera, emakumezko horiek Emausko Trapuketarien langileak edo boluntarioak ziren. Horietako bat adingabea zen erasoak gertatu zirenean. Iaz erabaki zuten ikerketa bat martxan jartzea, Emausko Trapuketarien Frantziako adarrak abadeak egindako sexu eraso baten lekukotzaren berri izan zuelako.

Txostenean jaso dutenez, erasoen biktimek kontatu dute abadeak jarrera desegokiak izan zituela, sexu harremanak edukitzeko proposamenak egiten zituela, konnotazio sexuala zuten iruzkinak egiten zituela behin eta berriro, eta baimenik gabe kontaktu fisikoa edukitzen saiatzen zela. Lekukotza eman duten emakumeetako batek adierazi du arazo psikologikoak eduki dituela orduz geroztik.

Txostenaren ondorioetako bat da «logikoa» dela pentsatzea erasoak jasandako «beste pertsona» batzuk ere egongo direla, «baina zaila da kopuru bat ematea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.