Apenas igaro diren bi hilabete eta erdi Thailandiako Ordezkarien Ganberak sexu berekoen ezkontza legeztatzea aurrera atera zuenetik; eta, gaur, herrialde horretako senatuak egin du urrats erabakigarria, legea onartuta. Aise gailendu da baiezkoa: goi ganberako 152 diputatuetatik 130ek bozkatu dute legearen alde; hemezortzik abstentzioa eman dute; eta lauk kontra bozkatu dute. Thailandiako errege Maha Vajiralongkornek berretsi behar du orain, eta, gero, herrialdeko aldizkari ofizialean argitaratu eta lau hilabetera sartuko da indarrean —zehazki, 120 egunera—.
«Sexu bereko pertsonen arteko ezkontza lorpen arrakastatsu bat da giza eskubideentzat» adierazi du prentsa oharrean LGTB kolektiboaren aldeko Fortify Rights gobernuz kanpoko erakundeak. Asian sexu berekoen arteko ezkontza legeztatu duen hirugarren herrialdea da Thailandia: Taiwan izan zen pausoa ematen lehena, 2019an, eta Nepalen iaz onartu zuten. Asia hego-ekialdeari dagokionez, berriz, Thailandia da oraingoz gisa horretako lege bat duen estatu bakarra.
Eta horren harira, zenbait aldaketa egitekoak dira herrialdeko kode zibileko ezkontza legean. Testu horretan, zehaztuta dago «gizon baten eta emakume baten» artekoa dela ezkontza, eta «senar» eta «emazte» terminoak agertzen dira. Onartu berri duten legearen bitartez, hiztegi hori aldatuko dute: «bi pertsona» ezkontzen direla jarriko du kode zibilean, eta ezkontideak ez dira izango «senarra eta emaztea», baizik eta «ezkondutako bikote bat».
Nolanahi ere, aldaketak hiztegitik harago doaz. Gaur egun, ezkontide heterosexualek dituzten eskubide berak izango dituzte sexu berekoen bikoteek, eta, ezkontzeko eskubidea izateaz gain, legearen arabera eskubide eta aukera berak izango dituzte afera hauetan: adopzioan, herentzian eta osasun zerbitzuetan.
Bestalde, legeak barne hartzen ditu transexualak; hori bai, jaiotzetiko sexua aitortuko zaie. Hori zehaztea gogor kritikatu dute herrialdeko LGTB kolektiboko elkarteek eta ekintzaileek, eta, gisa horretako ñabardurak saihesteko, generoa aitortzeko legea onartzeko beharra aldarrikatu dute. Kritika horiek alde batera utzita, egun historikotzat jo dute gaurkoa.
Oro har, Thailandiako Senatuaren erabakiak poza eragin du herritarren eta, bereziki, LGTB kolektiboko kideen artean. Aurrerapausoa txalotzeko, hainbat ekintzailek egun osoko egitaraua prestatu dute Bangkoken: hirian barrena manifestazio bat egitekoak dira, eta, horren ondoren, drag ikuskizun bat egongo da. «Esan genezake Asia hego-ekialdean gertatzen ari den aldaketaren sinboloa dela», esan dio The Guardian egunkariari Thammasat Unibertsitateko queer teoriako irakasle eta aditu Tinnaphop Sinsomboonthongek.
Bide luzea aurrean
Azken urteetan, Thailandiako turismoaren sektoreak ugaritu egin ditu queer-ak eta LGTB kolektiboko kideak hara erakartzeko kanpainak. Horren erakusle da, kasurako, herrialdeak asmo duela LGTBI Komunitatearen Nazioarteko Egunaren harira egiten diren ospakizunen herrialde anfitrioia izatea 2030erako. Asmo horiek talka egiten dute, ordea, kontinenteko gainontzeko herrialde gehienek aferaren inguruan duten ikuspuntuarekin.
Mundu osoko egoerari erreparatuz gero, sexu berekoen arteko ezkontza legeztatu duten herrialdeen zerrenda ere ez da askoz ere luzeagoa: 35 herrialdetan dago onartuta.
Aske utzi dute thaksin, bermea ordainduta
Ordu gutxi iraun du Thailandiako auzitegi batek herrialdeko lehen ministro ohi Thaksin Shinawatrari ezarritako zigorrak, aske geratu baita 12.660 euroko bermea ordainduta. Lehen ministro ohiari «maiestatearen kontrako» delitua leporatzen diote, 2015ean egin zituen adierazpen batzuen harira, eta delitu horrengatik hiru eta hamabost urte arteko espetxe zigorra ezarri dezakete.
Edonola ere, herrialdeko Fiskaltza Nagusiak ohar batean azaldu duenez, Thaksinek debekatuta dauka herrialdetik irtetea, gutxienez datorren auzi saiora arte, zeina abuztuaren 19an izango den. Lehen ministro ohia iaz itzuli zen Thailandiara, erbestean hamabost urte eman ondoren.