Seulek Jeju Air hegazkin konpainiaren inguruko ikerketa bat abiatuko du, 179 lagun hil diren istripuaren harira

Konpainia bereko bertze hegazkin batek ere arazoak izan ditu lur hartzeko orduan; presidentea «atsekabetuta» agertu da herenegungo istripuaren inguruan. 140 gorpu identifikatu dituzte oraingoz.

Choi Sang-mok Hego Koreako jarduneko presidentea, biktimen oroimen lekuan . HAN MYUNG-GU / EFE
Choi Sang-mok Hego Koreako jarduneko presidentea, biktimen oroimen lekuan . HAN MYUNG-GU / EFE
Iratxe Muxika
2024ko abenduaren 30a
14:02
Entzun

Herenegun gauean istripua izan zuen Jeju Air aire konpainiako hegazkin batek; haren ondotik, gaur, lur hartzeko arazoak izan ditu konpainia bereko bertze hegazkin batek. Horiek horrela, Hego Koreako Gobernuak gaur iragarri du segurtasun ikuskaritza «zorrotzak» eginen dizkiola Jeju Airi. 

Larunbateko istripuan 179 lagun hil ziren, Muan hiriko aireportuan. Hego Koreako Garraio ministroak atzo adierazi zuenez, lur hartzera zihoazenean hegazkinak hegazti multzo bat jo zuen, eta ezin izan zituen lur hartzeko gurpilak atera. Lurreratu eta pistatik atera ostean, hegazkinak eztanda egin zuen. Bi pertsona atera ziren bizirik: hegazkinaren atzealdean ziren tripulazioko bi kide. Gaur, aldiz, ez da biktimarik egon, baina hegazkinak aireratutako aireportura itzuli behar izan du. 

Hego Koreako agintariek erran dutenez, 179 hildakoetatik 140 identifikatu dituzte. Oraingoz, gorpu gehienak aldi baterako gorputegi batera eraman dituzte. «Ikerketa agentziek autopsiak egin, eta gorpuak lekualdatzeko prest daudenean, harremanetan jarriko gara familiekin», jakinarazi du Hego Koreako Yonhap agentziak iturri ofizialak aipatuz. 

Langileak biktimen ondasunak pistatik jasotzen ari dira, baina ezbeharraren lekua bere horretan mantendu nahi dute, agintariek zehatz-mehatz ikertu dezaten istripua zer dela-eta gertatu den. 181 lagun zeuden larunbateko hegaldian: tripulazioko sei kide eta 175 bidaiari — 173 hegokorear eta bi thailandiar—. Gaur-gaurkoz, istripua ikertzen ari diren agintariek uste dute hegazkinak hegazti bat jo zuela, eta horrek balaztatze sisteman eta lurreratzeko trenean eragindako akatsak ekarri zuela ezbeharra. Dena dela, Hego Koreako Garraio Ministerioak jakinarazi du hegaldiko datuak jasotzen dituen grabagailuak kalteak jasan dituela, eta, hortaz, hilabete eta sei hilabete arteko tartea beharko dutela datuak deskodifikatzeko. 

Zazpi eguneko dolua

Choi Sang-mok Hego Koreako jarduneko presidenteak —Yoon Suk-Yeol presidentea kargugabetu egin zuen Asanblea Nazionalak, baina Auzitegi Konstituzionalak, oraindik, berretsi egin behar du erabakia— larrialdi bilera batera deitu zuen atzo, eta erreskatean ahal zen guztia egiteko agindua eman zuen. Muango aireportuko hegaldi guztiak bertan behera utzi dituzte etzi arte. Gaur, Seulen, hondamendiak kontrolatzeko bilera egin dute, eta «atsekabetuta» agertu da presidentea. «Bihotza minduta daukat ezbehar samin honi aurre egin beharraz, noiz-eta herrialdeak zailtasun ekonomikoak dituen honetan».

Bileran azaldu dutenez, jarduneko presidenteak «gardentasunez» jokatuko du ikerketaren emaitzak familiei jakinarazteko orduan. Horrez gain, Choik agindua eman dio Garraio Ministerioari urgentziaz ikuska dezatela herrialdeko hegazkin konpainien sistema eragilearen segurtasuna. Hego Koreako Gobernuak zazpi eguneko dolua ezarri du, larunbata gauerdira arte, eta oroimen aldareak jarriko dituzte ezbeharraren lekuan eta bertze hamazazpi hiritan. 

PRESIDENTEAREN ATXILOTZE AGINDUA

Hego Koreako Gobernuko ikerketa talde batek Yoon Suk-Yeol presidentearen aurkako atxilotze agindua eskatu du. Abenduaren 3an gerra legea ezartzen ahalegindu zen Yoon, eta, horren aurka, zentsura mozioa erregistratu zuen oposizioak. Lehenak huts eginda, bigarren zentsura mozio bat erregistratu zuten, eta, abenduaren 14an, Asanblea Nazionalak Yoon kargugabetu zuen. Kargugabetze hori, ordea, Auzitegi Konstituzionalak berretsi beharko du, eta ekainaren 11ra arteko epea du horretarako. 

Seul mendebaldeko barne auzitegi batean aurkeztu dute gaur atxilotze aginduaren eskaera, zeinean salatzen duten abendu hasieran Yoonek bere karguaz baliatuta gehiegikeriaz jokatu zuela  eta matxinada baten «buru» izan zela. Gainera, azaldu dute Yoonek armadari agindu ziola erabakia baliogabetzearen aurka bozkatu zedin. 

Presidenteak, ordea, ukatu egin ditu akusazioak, eta erantzun du gerra legea ezartzeko saiakera «gobernantza ekintza» bat izan zela, eta oposizioa «ohartaraztea» zuela helburu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.