Aleksandar Vucic Serbiako presidentea eta Albin Kurti Kosovoko lehen ministroa bihar dira batzartzekoak, Ohriden (Ipar Mazedonia), Josep Borrell EB Europako Batasuneko diplomaziaburua bitartekari dela. Bilera horren asmoa da Balkanetako bi herrialdeen arteko harremanak normalizatzea, eta, era berean, Belgradi EBko kide izateko bidea erraztea. Vucicek atzo ziurtatu zuenez, «bazkide eraikitzailea» izango da biharko bilkuran, baina oroitarazi zuen bien arteko gerturatzeak ez duela aintzat hartuko Serbiako probintzia ohiaren independentzia aitortzea. Serbiako oposizioko alderdiek eta nazionalistek, ordea, mehatxutzat hartu dute estatuburuak Kosovorekin duen jarrera, eta herrialdeari «traizio» egitea leporatu diote. Hala, Vucicen dimisioa eskatzeko protestak egiten ari dira asteotan, Belgraden.
Hilabeteetako tirabiren ostean, Vucicek eta Kurdik joan den hilean onartu zuten EBk eta Ameriketako Estatu Batuek babestutako plan horretan oinarrituta negoziatzea. Bi aldeak ados jartzen badira, «aurrerapauso garrantzitsutzat» hartuko luke hori Bruselak, talde komunitarioaren babespean 2013an hasitako normalizazio prozesuaren ondoren. Hain zuzen, Borrellek bi agintariei atzo eskatu zien «ikuspegi eraikitzailearekin» joan daitezela bihar Ohridera. «Ezarritako epeak adostuz gero, Mendebaldeko Balkanek urrats handia egingo lukete Europarako bidean». Bide horretan, Vucicek nabarmendu zuenez, Serbia EBra hurbiltzeko garrantzitsua izango da Kosovorekin harremana normaltzea, herrialdearen «interes nazional handia» baita.
Beste ezer baino lehen, Serbiako presidenteak berretsi zuen Pristinak Kosovon gehiengo serbiarra duten udalerrien elkarte bat sortu behar duela —50.000 Kosovoko serbiar inguru dira—, besteak beste hezkuntzaren, osasunaren eta ekonomiaren alorretan autonomia izango duena; bi aldeek 2013an adostu zuten, Bruselaren bitartekaritzarekin, baina oraindik bete gabe dago, Vucicen esanetan. EBko planaren arabera, besteak beste, Belgradek eta Pristinak bi herrialdeetako herritarrak identifikatzeko dokumentu ofizialak onartuko dituzte, alde batetik bestera libre bidaiatu ahal izan dezaten.
Kosovo, «sakratua»
Hori bai: Kosovoren independentzia aitortzaren harira, Vucic argi mintzatu zen atzo Serbiako telebista kate bati emandako elkarrizketa batean: «Niretzat, normalizazioa ez da aitortza esateko eufemismo bat. Normalizazioa da harreman hobea izatea Kosovoko albaniarrekin, elkarren artean ditugun arazo ugari konpontzeko [...] elkarrekin lan egiteko eta etorkizunari elkarrekin begiratzeko». Kosovok 2008ko otsailaren 17an aldarrikatu zuen independentzia, alde bakarrez, eta Serbiatik bereizi zen. Belgradek, ordea, ez du aitortzen haren independentzia.
Vucic buru duen gobernua Mendebaldeak babestutako elkarrizketa akordiora hurbiltzeak haserrea olatua eragin du Serbiako nazionalista eskuindar eta kristau ortodoxoen artean; mobilizazio ugari antolatu dituzte azken egunotan, eta biharko ere protestara deitu dute, Vucicek dimisioa eman dezala eskatzeko. «Serbiako herriak, lur hau odolez zikindu zuenak, ez dugu Kosovo serbiarra entregatuko, Kosovo sakratua baita», esan zion Zorica Mojsic serbiarrak Reuters berri agentziari, joan den asteburuko manifestazioan.
Kosovok 2008ko otsailaren 17an independentzia alde bakarrez aldarrikatu zuenetik, Pristina eta Belgrad elkarri mokoka dabiltza, Serbiak ez baitu Kosovoren independentzia aitortzen. Eta bi herrialdeen arteko tentsioa are gehiago handitu zen Kosovok EBko estatu kide bihurtzeko eskaera egin zuenean, iazko abenduaren hasieran. Serbiarrak gutxiengoa dira Kosovon (%7), eta salatu izan dute Pristinako gobernuak baztertu eta diskriminatu egiten dituela.
Iazko urtearen amaiera aldera arte, Serbiak ez zien jaramonik egin Mendebaldeko erakundeen eta herrialdeen lasaitasunerako deiei, eta «borrokarako prest» jarri zituen bere armadako soldaduak Kosovoko mugan; hain zuzen, soldaduen kopurua 1.500dik 5.000ra igo zuten, Kosovoko serbiarrak «babesteko». Halaber, hango serbiarrek hamar egunez blokeatuta eduki zuten Kosovoko iparraldeko trafikoa, hango serbiarrek kamioiak geldituta eten baitzuten zirkulazioa. Abenduaren 29an hasi ziren Kosovoko serbiarrak mugan jarri zituzten barrikadak kentzen, Vucic haien ordezkaritzarekin batzartu ostean.