MENDEBALDEKO BALKANAK

Serbiak eta Kosovok akordioa lortu dute matrikulen auzian

EBk jakinarazi duenez, «Serbiak utziko Kosovoko hirien izenekin matrikulak jaulkitzeari; eta Kosovok alboratuko ditu ibilgailuak berriro matrikulatzearekin lotura duten ekintzak»

Pertsona bat bere ibilgailuko Serbiako matrikula estaltzen, Kosovon sartu aurretik. EFE
Igor Susaeta.
2022ko azaroaren 24a
12:36
Entzun

Tentsioaren «areagotzea» saihesteko eta bi herrialdeen arteko harremanak «normalizatzeko», Serbiak eta Kosovok akordio bat lortu dute matrikulen auzian. Hori jakinarazi du, goizaldean, Josep Borrell EB Europako Batasuneko diplomaziaburuak. Bruselak bitartekari lanak egin ditu bi aldeen arteko negoziazioetan.

Akordioak zertan dantzan azaldu du Twitterreko bere kontuan idatzitako mezu batzuetan: «Serbiak utziko Kosovoko hirien izenekin matrikulak jaulkitzeari; eta Kosovok alboratuko ditu ibilgailuak berriro matrikulatzearekin lotura duten ekintzak». Borrellek adierazi du, gainera, hurrengo egunetan aldeekin mintzatuko dela harremanak normaltzeko «hurrengo pausoez» eztabaidatu ahal izateko.

Ikusi gehiago: Kosovok hilabete atzeratu ditu Serbiako mugan tentsioa handitu duten neurriak

Bi herrialdeen arteko harremanak normalizatzeko Bruselaren ordezkari Miroslav Lajcakek Serbiak eta Kosovok egindako «lana» nabarmendu du, eta Kosovoko lehen ministrorde Bislimi Besnikek elkarrizketekin jarraitzeko deia egin du. Borrell Serbiako presidente Aleksandr Vucic-ekin eta Kosovoko lehen ministro Albin Kurtirekin bildu zen astelehenean Bruselan, baina ezin izan zuten ados jarri. Akordio iragarpena bi egun geroago heldu da.

Kosovo Serbiaren eskualde bat zen 2008ra arte, Kosovok independentzia aldarrikatu zuen arte. Mendebaldeko herrialde gehienek aitortzen dute estatu gisa, baina aitortzen ez dutenen artean dago Serbia bera. Eta, horregatik, bere lurretan ez ditu baimentzen Kosovoko matrikula duten ibilgailuak.

Ikusi gehiago: Tentsioa baretzeko ahalegina

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.