Iazko azaroaren 1ean Novi Saden, hau da, Serbiako Vojvodina eskualdean gertatutako istripu batek protesta uholde bat eragin du Balkanetako herrialde horretan. Hamabost pertsonak bizia galdu zuten tren geltoki bateko markesina bat erori eta gero. Hilabete batzuk lehenago, Serbiako Gobernuak kontrataturiko Txinako bi enpresak amaitutzat eman zituzten hiru urteko berritze lanak.
Istripuaren inguruan izandako irregulartasunek eta informaziorik ezak piztu du, bereziki, herritarren haserrea, eta zer gertatu den ikertzeko eskatzen ari dira, nagusiki, ordutik egindako protestetan. Horrekin batera, protestan ari direnek uste dute Novi Sadeko ezbeharrak «estatuaren ustelkeria» agerian utzi duela; izan ere, Belgraden denen ahotan dago gai hori, baita herrialdearen egoera ere. Etzirako estatuaren kontrako beste manifestazio batera deitu dute Belgrad hiriburuan.
Belgradeko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko ikaslea da Bogdan —ikasleek ez dute abizenik eman nahi izan—, eta hark ere uste du Serbiako politika «ustelkeriak blaitzen» duela. «Ustelkeriaren afera ez da berria; aspaldiko kontua da, eta nazkatuta gaude». Jugoslavian (1918-1992) «gutxi batzuek» lapurtzen zuten, haren iritziz. «Demokrazian gaudenetik, ordea, politikari gehienek lapurtzen dute». Marija ere fakultate hartako ikaslea da, eta Bogdanekin eguerdiko kafea hartzen ari da Belgradeko okindegi batean: «Mafia da nagusi gure politikan, ideologiarik gabeko mafia» dio gazteak. «Serbiako politikariak mafiosoak dira. Horregatik, sistema osoa aldatzea nahi dugu, ez soilik Vucic presidenteak dimisioa ematea».
Iritzi berekoak dira unibertsitateko ikasle gehienak, eta horregatik erabaki zuten protestak abiatzea azaroren 27an. Ordutik, fakultateak blokeatu dituzte, Blokada izeneko ekinaldiaren barruan. Geroago, lehen eta bigarren hezkuntzara zabaldu zituzten salaketa mobilizazioak, eta gizartearen beste sektore batzuetara ere bai. Horrela, abenduaren 22an ekin zieten mobilizazio masiboei, hala Belgraden nola herrialdeko hiri nagusietan. Besteak beste, manifestazio nazionalak egin zituzten Novi Saden, Kragujevacen eta Nisen. Azpimarratzekoa da, gainera, urtarrilaren 24ko greba orokorra, eta Serbiako autobide nagusia 24 orduz moztu zutenekoa, Belgradeko Mostar zubian.
Mobilizazioak ez ezik, bide mozketak ere eguneroko kontua bilakatu dira Belgraden; tarteka kaosa eragin arren, biztanle gehienek begi onez ikusten dituzte protestak, eta hori agerikoa da hiriko edozein leku publikotan entzuten diren elkarrizketetan. Badira, ordea, protestak babestu arren manifestariak «noraezean» ari direla uste dutenak; izan ere, ez dago argi ikasleen nahia beteko balitz —hots, Vucicek dimisioa emango balu— biharamunean zer gertatuko litzatekeen. Ikasleek ez baitute proposamenik egin epe ertain edo luzera begira.
Serbiako historia modernoan izandako mugimendurik handiena da hau, «transbertsala, horizontala eta gidaritzarik gabekoa», ikasleek adierazi dutenez. «Utopikoegia, agian», dio Cervantes Institutuan lan egiten duen gazte batek, Alexandra Petrovicek. Ekonomian lizentziaduna da, eta bat egiten du protestekin: «Jendeak nahi du Vucicek dimisioa ematea, eta gero gerokoak». Hori da, hain zuzen ere, etorkizunari lotutako zalantzarik handiena: zer pasatuko litzateke Vucicek dimisioa emango balu? «Uste dut hainbatek planteatzen dutena utopia hutsa dela: proposatu dute boterea unibertsitateetako irakasleen esku uztea behin-behinean, beste gobernu bat osatu arte», azaldu du Petrovicek.
«Serbiako politikariak mafiosoak dira. Horregatik, sistema osoa aldatzea nahi dugu, ez soilik Vucic presidenteak dimisioa ematea»
MARIJAIkaslea
Balizko agertoki horrek ezinegon handia piztu du serbiarren artean, eta berriz agertu da herrialdeak 1990eko hamarkadaren bukaeran izandako krisiaren mamua. Orduan, dinarraren, hau da, Jugoslaviako txanponaren hiperinflazioak jota, Serbia krisi ekonomiko larri batean sartu zen. Gaur egun, ordea, Serbiako Gobernua eta Serbiako Banku Nazionala indarra egiten ari dira «dinarra debaluatu ez dadin», Petrovicek azaldu duenez. «Euroak salduz, dinarraren balioa handitu egiten da». Serbia gobernurik gabe geratzen bada, halere, litekeena da 1990eko hamarkadako egoeraren antzekoa izatea berriz; hori dela eta, «jende asko» dinarretan bildutako aurrezkiak euroekin aldatzen hasi da, esplikatu duenez. «Komeni da diru pixka bat euroekin aldatzea eta leku seguru batean gordetzea, ez baitakigu zer gertatuko den datozen asteetan».
Bizi baldintzak, okerrera
Bizi baldintzak eta bizitzaren garestia salatzeko mugimenduek ere garrantzi handia hartu dute azken asteetan, hala nola hainbat supermerkaturi boikota egiteko eskatzen duten mugimenduek. «Prezioak jasanezinak dira. Hainbat supermerkatuk monopolioa dute, eta elkarren artean adosten dituzte prezioak», azaldu du ekintzaile batek, Belgrad erdigunean. «Jokaera desleiala da hori, lehia izatea eragozten baitu». Errealitateak berak erakusten du prezioak zertan diren: Serbiako supermerkatuetan prezioak garestiagoak dira Mendebaldeko Europakoetan baino. Horregatik, astero supermerkatu baten kontrako boikota egitera deitzen dute.

Serbiarren soldata 500 euro ingurukoa da, eta baldintza eskas horiei gehitu behar zaie COVID-19aren pandemiaren ondoren alokairuen prezioetan izandako garestitzea: gehienek lehen halako bi edo hiru balio dute orain. Gainera, Ukrainako gerraren harira Errusiatik Serbiara etorritakoek etxebizitza ugari erosi dituzte, historikoki harreman bikaina egon baita errusiarren eta serbiarren artean, eta errusiar asko bizi da Belgraden. Etorritako asko, ordea, dirudunak dira, inbertitzaileak, eta eragina izan dute prezioen garestitzean.
«Uste dut hainbatek planteatzen dutena utopia hutsa dela: proposatu dute boterea unibertsitateetako irakasleen esku uztea behin-behinean»
ALEXANDRA PETROVIC Langilea
Hori dela eta, gazteentzat «gero eta zailagoa» da Belgraden bizitzea, Bogdanek kontatu duenez. «Dena garestiagoa da, eta gure baldintzak okerragoak dira, salbu politikarekin lotura duen familia batekoa baldin bazara. Halere, pozik nago errusiarrak Serbiara etorri direlako, hemen Errusian baino askatasun handiagoa dago eta».