Senegalgo presidente izateko hautagaitza aurkeztu du Ousmane Sonkok

Oposizioko buruzagia espetxeratuta dago uztailaren 28tik, «gazteria galbidean jartzea» leporatuta. Haren kontrako zigorra «konplot politikoa» dela salatu dute haren jarraitzaileek.

Ousmane Sonko Senegalgo oposizioko liderraren aldeko protestak, Dakarren, joan den ekainaren 3an.
Ousmane Sonko oposizioko liderraren aldeko protestak, Dakarren (Senegal), ekainaren 3an. JEROME FAVRE / EFE
iraia vieira gil
2023ko abenduaren 26a
17:30
Entzun

Ousmane Sonko Senegalgo oposizioko liderra borroka luzea izaten ari da auzitegietan datorren urteko presidentetzarako hauteskundeetara begira. 2021eko otsailean emakume bat bortxatzea eta «heriotza mehatxuak» egitea leporatuta, epaiketa bat egin zuten haren kontra, eta joan den ekainaren 1ean absolbitu egin zuten delitu horietatik; aldiz, bi urteko kartzela zigorra ezarri zioten «gazteria galbidean jartzeagatik» —18 eta 21 urte bitarteko gazteez abusatzeagatik egozten dute delitu hori, Senegalgo Zigor Kodearen arabera—. Otsailaren 25ean egingo dituzten presidentetzarako hauteskundeetan parte hartzea galarazten zion zigor horrek, eta sententziaren aurkako helegitea aurkeztea erabaki zuten Sonkoren abokatuek; kalean, bien bitartean, protesta jendetsuak izan ziren. Tartean, gainera, oposizioko buruzagia berriz atxilotu zuten, iragan uztailaren 28an, «hainbat krimen eta deliturengatik», eta harrezkeroztik espetxeratuta dago. Azkenean, hilaren 14an, Dakarko Auzitegi Nagusiak jakinarazi zuen baimena zuela boz horietan hautagai izateko, eta Sonkok gaur aurkeztu du hauteskundeetan lehiatzeko hautagaitza.

Sonkoren abokatuek zailtasunak izan zituzten haren hautagaitza aurkezteko dokumentuak entregatzeko Hauteskundeetako Zuzendaritza Nagusian. Hilaren 19an bertaratu ziren, baina inork ez zien kasu egin; azkenean, lortu zuten, eta, prentsa ohar baten bidez, eskaera hau egin zuten: «Senegalgo Gobernuari eskatzen diogu epaitegiek eta auzitegiek emandako erabakiak zorrotz errespetatzeko eta aplikatzeko, eta zuzenbide arauak errespetatzeko».

Oposizioko buruzagiaren hautagaitza onartua izanez gero, estatuko abokatuek iragarri dute erabaki horren kontrako helegitea aurkeztuko dutela.

Sonkok hainbatetan adierazi du Senegalgo gaur egungo agintariak haren kontra daudela, eta, beraz, urteotako epaien helburua dela bozetatik kanpo uztea presidente izateko haren hautagaitza. Lehiakide indartsutzat daukate Sonko, eta horren erakusle dira iazko Asanblearako hauteskundeak: oposizioko lider horren YAW Herria Askatu koalizioak 56 aulki lortu zituen 165etik, eta, horren ondorioz, Macky Sall presidentearen BBY Itxaropenak Elkartuta aliantzak 2012tik zuen gehiengo osoa galdu zuen.

Hori ikusita, justiziaren bitartez Sonkoren hautagaitza oztopatzen saiatzen ari dira. Aurten, gainera, bestelako delitu batzuk ere egitea egotzi diote, APS Senegalgo Prentsa Agentziaren arabera: joan den apirilaren 30ean, adibidez, Turismo eta Aisialdi ministro Mame Mbaye Niangi kalte ordainak ematera kondenatu zuten, politikariaren izena zikintzea leporatuta; geroago, Sonko bera espetxeratu ostean, Dakarko Auzitegi Nagusiko fiskal Abdou Karim Diopek jakinarazi zuen «matxinadak sustatzeagatik» eta «segurtasun publikoa arriskuan jar dezaketen ekintzak egiteagatik» ere auzipetuko dutela. Orduan, Barne ministro Sidiki Kabak agindua eman zuen Sonko buru duen PASTEF Lanaren, Etikaren eta Senidetasunaren Aldeko Senegalgo Abertzale Afrikarrak alderdia desegiteko, uztailaren 31n argitaratu zuten prentsa ohar baten bitartez. Sonkori bezala, «matxinadak antolatzea» eta «ondorio larriak izan dituzten protestak antolatzea» leporatu zioten alderdi horri; gerora, Kabaren erabakiari oniritzia eman zion EcowasAfrika Mendebaldeko Estatuen Ekonomia Erkidegoaren Justizia Auzitegiak.

Sonkoren atxiloketak, hain zuzen, protestak eta manifestazioak eragin ditu Senegalen, haren kontrako epaia «konplot politikoa» dela salatzen baitute haren jarraitzaileek. Indarkeria nabaria izan da protesta gehienetan, eta, gobernuaren arabera, hamasei hildako izan dira horietan; Amnesty Internationalek esan du 23 izan direla, eta PASTEFek, berriz, 30. Manifestatzaileek indarkeria erabiltzea leporatu diote Senegalgo Poliziari, baina erakunde horrek ukatu egin du halakorik egin izana. Bien bitartean, Dakarko Auzitegi Nagusiaren aginduz, manifestazioetan parte hartu zuten laurehun lagun baino gehiago atxilotu dituzte, APSek argitaraturiko informazioaren arabera; Sonkok salatu du PASTEFeko zazpiehun kide baino gehiago ere kartzelatu dituztela. Oposizioko liderrak, berriz, egoera salatzeko gose grebak egin ditu, eta ZIU zainketa intentsiboetako unitatera eraman behar izan dute behin baino gehiagotan.

Aldaketak gobernuan

Sall 2012tik da Senegalgo presidente, baina ez da aurkeztuko datorren urteko bozetara —Senegalgo legearen arabera, presidente batek bi agintaldi besterik ezin du egin segidan—. Haren ordez, gaur egungo lehen ministro Amadou Ba izango da presidentegaia. Utzi dizkion eginbeharren artean, bat azpimarratu du oraingo presidenteak: «Behar bezalako antolakuntza bermatzea hurrengo urteko hauteskundeetan».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.