Senegalgo oposizioko buruzagia ez da lehiatuko presidentetzarako bozetan

Kontseilu Konstituzionalak hogei hautagaitza onartu ditu, eta Sonko ez dago horien artean. Haren alderdiarentzat, bazterketa «aurrekari arriskutsu bat» da.

(ID_12907996) SENEGAL PROTESTAK
Iazko udan protestak izan ziren Sonkoren alde; irudian, ekaineko bat, Dakar hiriburuan. JEROME FAVRE / EFE
ander perez zala
2024ko urtarrilaren 22a
12:35
Entzun

Ousmane Sonko Senegalgo oposizioko buruzagia ezingo da lehiatu datorren otsailaren 25eko presidentetzarako hauteskundeetan. Kontseilu Konstituzionalak joan den asteburuan atera zituen argitara onarturiko hogei hautagaiak —denera 93 aurkeztu ziren—, eta horien artean ez dago Sonko. Halere, bazterketa horrek ez du sorpresa handirik eragin haren aliatuen artean, hilabeteotan salatu baitute modu batera edo bestera hautagaitza hori blokeatzen saiatu direla, «justizia erabilita». Oposizioko buruzagia difamazioagatik zigortu zuten, urte erdiko kartzela ezarrita, eta kondena hori hartu dute argudiotzat lehian parte hartzea debekatzeko.

Inkesten arabera, aurtengo bozak azken bi hamarkadetako lehiakorrenak izatea espero da, eta horrek kezka eragin du Macky Sall presidentearen inguruan, kritikoek argudiatu dutenez. Sall ez da berriz aurkeztuko —2012tik da estatuburu—, eta haren ordez Amadou Ba lehiatuko da, egungo lehen ministroa. Oposizioarentzat, Sonko zen bozetan gailentzeko aukerarik handienak zituen presidentegaia, baina, zenbait hilabete iraun duen borroka judizialaren ondoren —espetxean dago joan den udatik, matxinadara deitzea leporatzen baitiote—, beste estrategia baten alde egin beharko dute.

Sonkoren alderdiarentzat, PASTEF Lanaren, Etikaren eta Senidetasunaren Aldeko Senegalgo Abertzale Afrikarrak ezkertiarrarentzat —legez kanpokoa da iragan udatik—, Kontseilu Konstituzionalaren erabakia «aurrekari arriskutsu bat» da. Edonola ere, badirudi amore eman dutela haren hautagaitzaren inguruan, iragan azaroan, badaezpada, Bassirou Diomaye Faye alderdiko idazkari nagusia izendatu baitzuen presidentegai; hura atxiloaldi prebentiboan dago joan den apiriletik, baina presidentetzarako hauteskundeetan lehiatu ahalko da. Hortaz, espero da Sonkok haren alde bozkatzera deitzea.

Oposizioko Cheikh Tidiane Dieyeren eta Habib Syren hautagaitzak ere onartu ditu Kontseilu Konstituzionalak. YAW Yewwi Askan Wi koaliziokoak dira —PASTEF ere aliantza horren parte da—, baina espero da biek atzera egin eta Fayeren alde bozkatzera deituko dutela. Hori aintzat harturik, eta ikusirik egungo presidentea berriz ez aurkezteak barne borrokak eragin dituela haren koalizioan, oposizioak espero du irabazteko gai izango dela; halere, Sallen kontrako guztiak ez dira Fayeren hautagaitzaren inguruan elkartuko, YAWko kide Dethie Fall ere lehiatu ahalko baita.

Presidentearen aliatuei dagokienez, Bak ez du dena aldeko. Alderdikideen artean sorturiko eztabaidek kalte egin diote, ez da oso ezaguna, eta Mahammed Dionne gobernuburu ohia (2014-2019) eta Aly Ngouille Nidaye Nekazaritza ministro izandakoa (2022-2023) ere aurkeztu izanak zatitu egingo du Sallen hauteskunde oinarria.

Oposizioko beste lider bat ere kanpoan

Sonkori buruzko erabakia alde batera utzita, zalaparta handia sortu du Karim Wade ere lehiatik kanpo utzi izanak. Wade ezaguna da oposizioan, eta hark ere baditu aukerak bozetan babes handia lortzeko; Kontseilu Konstituzionalaren erabakiaren inguruan, atzo esan zuen nazioarteko auzitegietara joko duela. Gaur, berriz, ohar baten bitartez, ikerketa bat irekitzera dei egin du, argitzeko zergatik geratu diren 73 hautagai presidentetzarako bozetatik kanpo.

Hari dagokionez, Kontseilu Konstituzionalak argudiatu du hautagaitza aurkeztean herritartasun bikoitza zuela —Senegalgoa eta Frantziakoa—, eta horrek eragozten diola bozetan lehiatzea. Wadek hilaren 16an egin zion uko Frantziako herritartasunari, baina, kontseilu horren arabera, berandu da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.