Senegal

Senegalgo Gobernuak oposizioko liderra atxilotu du, eta haren alderdia legez kanpo utzi

Protestei berrekin diete hainbat hiritan, Macky Sall presidentea «justizia instrumentalizatzen» ari dela salatzeko. Hauteskundeak egingo dituzte 2024an, eta Ousmane Sonko mehatxutzat du gobernuko alderdiak.

Senegalgo Gobernuaren aurkako protestak Dakarren, ekainean. JEROME FAVRE / EFE
Paulo Ostolaza.
2023ko abuztuaren 1a
12:05
Entzun

Ousmane Sonkoren beldur da Senegalgo Gobernua. Oposizioko liderra espetxeratu egin zuten larunbatean, eta haren alderdia legez kanpo utzi zuten atzo. Fiskaltzak zazpi delitu egotzi dizkio; besteak beste, «estatuaren segurtasunaren aurkako atentatua». 2024an bozak egitekoak dira herrialdean, eta Sonkok salatu izan du Macky Sall presidentea «justizia instrumentalizatzen» ari dela, berari hauteskundeetara aurkeztea eragozteko.

Ekaina hasi zenetik, protesta jendetsuak izan dira Dakarren eta beste zenbait hiritan. Sonkoren aurka ezarritako bi urteko kartzela zigorrak eragin zuen haserre olatua senegaldarren artean. «Gazteria galbidean jartzea» egotzi zioten. Herritarrek salatzen dutenez, Sallek, botere instituzionalaz «abusatzeaz» gain, kaleak «militarizatu» ditu, helburu bakarrarekin: «Erresistentzia egiten ari den gazteria ikaratzea eta bortxatzea». Oposizioko burua auzi-ihesean ibili da ordutik.

Ikusi gehiago: Zapaldutako herria zutitu da

Hura atxilotzeak su gehiago eman dio suari, eta protestei berrekin diete milaka herritarrek. Bi hildako izan dira azken orduetan. Ekainean hamasei lagun zendu ziren, gobernuaren arabera, eta ia halako bi, oposizioaren arabera; seiehun lagunetik gora atxilotu zituzten.

Egoerari aurre egiteko, Internetera sarbidea mugatu dute berriro. Helburua da «gorrotoa eta iraultza sustatzen dituzten mezuak» saihestea sare sozialetan, Moussa Bocar Thiam Komunikazio ministroak aitortu duenez. Milaka herritarrek salatu dute azken orduetan Internetera konektatu ezinda dabiltzala.

Sonkok babes handia du Senegalen, bereziki gazteen artean. Hirugarren izan zen 2019. urteko hauteskundeetan. «Injustuki ni espetxeratzea agindu berri dute», idatzi zuen atzo Facebooken. Egozten diotena da, besteak beste, matxinadara deitzea, estatuaren aurka konspiratzea eta herrialdearen segurtasuna mehatxatzea.

Alderdia, legez kanpo

Gobernuak ez du Sonkoren aurka bakarrik egin: hura buru duen Lanaren, Etikaren eta Senidetasunaren Aldeko Senegalgo Abertzale Afrikarrak (PASTEF) alderdia ere legez kanpo utzi du. Atzo eman zuen horren berri Antoine Felix Diome Barne ministroak. Arrazoia, Sonko atxilotzeko erabili duten bera: «Bere jarraitzaileak matxinatzera deitu ditu alderdi horrek». Diomek egotzi die ekaineko protestetan izandako hainbat heriotzaren eta arpilatzeren arduradun izatea.

Ohar baten bidez erantzun du PASTEFek: «Senegalen botereari eusteko saiakera despotikoan, Macky Sallek ateak ireki dizkio kaosari. Gezurrezko arrazoiak erabilita atxilotu du bere aurkari nagusia, Ousmane Sonko. PASTEF desegiten badute ere, alderdiaren espirituak iraungo du». Azaldu dutenez, Sonkok hauteskundeetara aurkeztu ahal izango du kartzelan egonda ere.

Gobernuaren jokabidearen aurka hitz egin dutenetako bat Aminata Toure lehen ministro ohia izan da. Esan du gertatzen ari dena Senegalen historian «aurrekaririk ez duen okerra» dela, eta kezka agertu du datorren urteko hauteskundeen inguruan. Senegal Frantziatik banandu zenetik, 1960tik, lehen aldiz debekatu dute alderdi politiko bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.