Senegalen, sistema mantentzearen eta eraldatzearen arteko lehia

Presidentetzarako hauteskundeen lehen itzulia egingo dute gaur. Hogei hautagai daude, baina agintean den alderdiko ordezkari Amadou Baren eta oposizioko Bassirou Siomaye Fayeren artekoa izango da lehia.

Sonko eta Fayeren aldeko pankarta Tivaouane Peulhen (Senegal), martxoaren 12an. JEROME FAVRE / EFE
Sonko eta Fayeren aldeko pankarta Tivaouane Peulhen (Senegal), martxoaren 12an. JEROME FAVRE / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko martxoaren 24a
05:05
Entzun

Estatu kolpeak eta diktadoreak ohikoak dira Afrika mendebaldean, baina Senegal oasi demokratiko bat izan da 1960an independentzia lortu zuenetik. Azken urteetan, ordea, ezbaian egon da demokrazia. Barne gatazkaz eta oposizioak jasan duen errepresioaz gain, hauteskundeak berak egon dira kolokan hilabeteotan. Macky Sall da herrialdeko presidentea. Hamabi urte egin ditu kargu horretan eta, legez, ezin du beste agintaldirik egin, baina horretan saiatu da. Are gehiago: hasieran, aurtengo otsailaren 25ean egitekoak zituzten presidentetzarako hauteskundeak. Aste batzuk lehenago, ordea, Sallek bertan behera utzi zituen, eta abendura arte atzeratu. Erabaki horrek istiluak eragin zituen herrialdean, eta, azkenean, gaurko antolatu behar izan zuen boz horien lehen itzulia, Batzorde Konstituzionalak aginduta.

Herritarrek hemeretzi hautagairen artean aukeratu beharko dute —98 aurkeztu ziren hasieran, baina gehienek ez zuten lortu Batzorde Konstituzionalaren baimena—. Praktikan, ordea, bi hautagairen artekoa izango da lehia: Amadou Ba eta Bassirou Diamaye Faye. Edo, hobeto esanda, Sallen —Bak ordezkatua— eta oposizioko PASTEF Lanaren, Etikaren eta Senidetasunaren Aldeko Senegalgo Abertzale Afrikarrak legez kanpo utzitako alderdiaren buru Ousmane Sonkoren —Fayek ordezkatua— artekoa. Apirilaren 1ean jakinaraziko dituzte lehen itzuliaren emaitzak.

Etorkizunari antzemateko kristalezko bola duten igarleek legez, Saiba Bayo politologoak ere iragarpena egin du: «Hauteskundeak garbiak badira, gobernua aldatu egingo da». Senegalgo bozetan iruzur egitea «oso zaila» dela adierazi du Bayok, herrialdeak independentziaz geroztik egindako ibilbide demokratikoagatik. Hala ere, ez du ezer ezinezkotzat jotzen, egungo gobernua nolakoa den aintzat harturik: «Ezin da ezer baztertu errepublikako presidenteak konstituzioa behin eta berriz urratzen duen sistema batean».

Sistema horrek dituen «arazoengatik» egin zituen PASTEFek iaz zenbait proposamen politiko. Hamaika aldaketa proposatu ditu Sonkoren eta Fayeren alderdiak. Sistema presidentzialista dute Senegalen, eta, Bayok azaldu duenez, estatuburuak «du azken hitza, errege txiki bat izango balitz bezala». Horregatik, kargu hori duenaren boterea murriztu eta «sistema orekatuago baterako» urratsak egiten hasteko, oposizioko koalizio nagusiak proposatu du presidenteordearen postua sortzea, presidentearen eskumen batzuk hartu ditzan.

OPOSIZIOKO KOALIZIO NAGUSIAREN proposamenETAKO BATZUK

  1. Presidenteordearen postua sortu.

  2. Batzorde Konstituzionala Auzitegi Konstituzionalarekin ordezkatzea.

  3. CFA frankotik irtetea, eta diru propioa sortzea.

  4. Europarekin dituen gas eta petrolio akordioak berrikustea.

  5. Ecowas Afrika Mendebaldeko Estatuen Ekonomia Erkidegotik irtetea.

Hori, halere, ez da sistema eraldatzeko mahai gainean duten proposamen bakarra. Senegalek ez du auzitegi konstituzionalik, baizik eta Batzorde Konstituzionala; «kontsulta organoa baino ez da», azaldu du politologoak. Instituzioak sendotze aldera —eta, bide batez, presidentearen boterea murrizteko—, oposizioak proposatu du batzordea auzitegi izaera duen organo batekin ordezkatzea.

Dirua jomugan

Proposamenak proposamen, beste batek eragin du harrabotsik handiena; nazioartean, batez ere: mendebaldeko CFA frankotik irtetea, eta diru propioa sortzea. CFA Afrikako Finantza Komunitatea da. Bertan, zortzi herrialde daude, eta diru bera dute.

Diru hori «lozorro kolonialaren» ezaugarri nagusia dela iritzi dio Bayok: «Frantziak sortu zuen dirua haren interesetik at zeuden politika ekonomikoak ez egiteko». Parisek jaulkitzen du dirua, eta hark kontrolatzen du. Hortaz, «edozein politika ekonomiko egiteko, ados jarri behar dute haiekin», eta diru horretatik irteteak independentzia ekonomikoa bermatuko lioke Senegali, politologoaren ustez.

«Senegalen, batzuk ezkutatzen tematzen diren arren, gerra zibila izan da azken urteetan».

SAIBA BAYOPolitologoa

Ba eta Sall PASTEFen aurka agertu dira behin eta berriz. Are gehiago, justiziaren aginduz espetxeratu dituzte alderdiko buruak —Sonko eta Faye besteak beste, iaz—, sedizioaren eta estatu kolpe baten alde egitea egotzita. Bayok adierazi du hauteskundeetan «kalte handia» egingo diela Bak «gaitasunik ez izateak herritarrak erakartzeko» eta proposamen argirik ez egiteak.

Emozioek erabaki

Senegalgo politologoaren ustez, proposamen horiek garrantzi handiagoa dute hauteskundeen osteko herrialdea nola eraikiko duten ulertzeko, bozetan izango duten garrantzia baloratzeko baino. Izan ere, proposamen politikoei «emozioak gailentzen zaizkie Senegalgo politikan», Bayoren iritziz.

«Senegaldarrek ikusi dute gobernuak bidegabe jokatu duela Fayeren eta Sonkoren aurka; erasoa jasan dute etengabe». Politologoak argi du horrek haien alde egitera bultzatuko duela balantza. Are gehiago: uste du hauteskundeetara deitu eta kanpaina hasi zenean Faye espetxean egoteak «onuragarria» izan dela harentzat.

Presidentetza batek ala besteak eskuratu, lan handia izango du egiteko. «Senegalen, batzuek ezkutatzen tematzen diren arren, gerra zibila egon da azken urteetan», azaldu du Bayok. Beraz, estatuburuak herrialdea adiskidetzeko eginkizuna izango du. Hilaren 6an eman zuten lehenengo pausoa giroa baretze aldera, amnistia legea onartu baitzuten. 2021eko otsailaren 1etik joan den otsailaren 25era bitarteko ekintzak amnistiatu dituzte legearen bitartez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.