Joe Bidenen aholkulari ohia

Juan Verde: «Sen ona eta logika jada ez daude agintean Etxe Zurian»

Europak armamentuan egin asmo duen gastua babestu du Verdek, baina uste du trantsizio energetikoan sakontzeko politikekin batera egin behar dela gastu hori, energetikoki «independenteagoa» izateko.

JUAN VERDE
JON URBE / FOKU
inaut matauko rada
Donostia
2025eko martxoaren 7a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Jasangarritasun Departamentuak antolatuta, Ekonomia Zirkularrari Buruzko Nazioarteko Topaketak egiten ari dira, zazpigarren aldiz, Zubietan (Donostia). Ezohiko gonbidatu bat izan zen atzo hizlarien artean: Juan Verde (Telde, Espainia, 1971); besteak beste, Joe Biden AEBetako presidente ohiaren Aholkularitza Batzordearen parte izandakoa.

Behin baino gehiagotan aipatu duzu Euskal Autonomia Erkidegoa, eta bereziki Gipuzkoa, lan ona egiten ari dela trantsizio ereduan. Zer nabarmenduko zenuke?

Uste dut ez dela inolaz ere kasualitatea jasangarritasunean gehien inbertitzen duten enpresak eta eskualdeak izatea berrikuntzan gehien inbertitzen dutenak eta, ondorioz, lehiakorrenak direnak. Korrelazio zuzen bat dago, eta hori hemen ere gertatzen da. Ez da kasualitatea EAE izatea eskualde oparoena eta lehiakorrena, Gipuzkoa bereziki. Uste dut zerikusi handia duela enpresa mundua elkarlanean hertsiki aritzeak mundu akademikoarekin, ekintzaileekin eta erakunde publikoekin: horrek baldintza egokiak sortzen ditu berrikuntzarako. Gainontzekoentzat erreferentea da, nire ustez.

Badirudi AEBetan eta Europako Batasunean agenda berdea garrantzia galtzen ari dela. Zergatik gertatzen ari da hori?

Nik esango nuke AEBetan gertatzen ari denak, eta testuinguru geopolitiko berriak, batez ere Donald Trumpek NATOri dakarkion mehatxuak, baldintza geopolitiko oso kezkagarriak sortu dituela, eta Europak 800.000 milioi euro baino gehiago inbertitu beharko dituela defentsan. Espero dut horrek jasangarritasuneko desinbertsioa ez ekartzea.

Hala ere, AEBetan agenda berdea ez dago sektore publikoaren menpe; bai, ordea, sektore pribatuaren menpe. Enpresek bultzatzen dute hori. Zeintzuk dira AEBetan jasangarritasunean gehien inbertitzen duten enpresak? Microsoft, Amazon, Tesla, Google...

Big Tech deiturikoak?

Ez bakarrik Big Tech deiturikoak, baizik eta handienak, Tesla enpresa industrialagoa da eta. Baina Tesla esaten dudan moduan, esan dezaket Bank of America eta Citybank. Eta zergatik diot hori? Bai, gaur egun auzitan jartzen da jasangarritasunaren agenda, baina niretzat desazelerazioa esan nahi du, besterik ez; abiadura aldaketa bat, baina inoiz ez bide aldaketa bat. Ez da atzerako martxa, desazelerazioa baizik.

«AEBetan agenda berdea ez dago sektore publikoaren menpe; bai, ordea, sektore pribatuaren menpe»

Trump aipatu duzula eta: zer gertatuko da haren agintaldian agenda berdeari dagokionez?

Erantzun motza da Donald Trumpen arazoa dela ez dakigula zer espero dezakegun harengandik. Sen ona eta logika jada ez daude agintean Etxe Zurian. Epe laburrean, ikusi dezakegu multilateralismoan oinarritutako diplomaziaren amaiera gertatzen ari dela, eta akordio bilateral oportunista eta trantsakzionaletan oinarritutako diplomazia bilaterala itzultzen ari dela. Eta hori arazo bat da.

Bestalde, uste dut Europari pasa zitzaiokeen gauza onena Donald Trump dela, behartzen duelako etxeko lanak egitera eta onarpen txikia duten neurriak hartzera. Europak berrikuntzaren, jasangarritasunaren eta independentzia energetikoaren aldeko apustua egin behar du. Dugun aukera bakarra da.

Hain zuzen, helburu horietarako bidean atzerakada gertatzen ari dela dirudi, ez aurrerapausoak.

Egon behar duen lekuan dago Europa? Ez, noski. Baina horrek esan nahi al du atzerakada bat gertatzen ari dela jasangarritasunaren eta eraginkortasun energetikoaren bidean? Ez dut uste. Zergatik? Europako enpresek energia gutxiago gastatuko dutelako, eta horrela baliabideak libratzen dira inbertitzeko, dibertsifikatzeko, hazteko. Negozio aukera bat dela ulertu behar da.

Gainera, ez da gauza bat edo bestea aukeratu behar. Uste dut defentsa planak jasangarritasun planekin batera egin behar direla, eta adibide bat emango dut: zuk ezin duzu Europa defendatu trantsizio energetikorik egin gabe. Ez al zara guztiz zaurgarria Iraken, Errusiaren, Venezuelaren aldean, edo ideologian eta balio demokratikoetan bat egiten ez duzun herrialdeen aldean? Zertarako bidali haiei milaka milioi dolar, trukean zuk milioika tona kutsadura izateko? Non dago negozioa hor? Eta lehiakortasuna? Ez dago segurtasunik trantsizio energetikorik gabe.

Zein izan da Joe Bidenen administrazioaren bide orria agenda berdeari dagokionez?

Trump aurrez Parisko Akordioetatik atera zen, eta jasangarritasunean inbertitzeari utzi zion; Bidenek, ordea, itzuli zenean, jasangarritasunaren bideari berrekin zion, eta ez hori bakarrik, baizik eta AEBen historiako funts publikoen inbertsiorik handiena egin du, bai jasangarritasunean, bai eraginkortasun energetikoan, bai azpiegitura berdeetan.

«Irtenbidea kontsumitzeari uztea dela pentsatzen duena fantasia mundu batean bizi da»

Eta zergatik ez zituen berretsi ingurumenarekin zerikusia duten nazioarteko hitzarmenak? Biodibertsitatearen Hitzarmena eta Basileako Hitzarmena, adibidez.

AEBetako errealitate politikoa eta soziala ulertu behar dira. Ez da erraza demokratentzat, herrialdea guztiz polarizatuta baitago. Biztanleen %51k bozkatu zuten Trumpen alde, baina %49k ez. Marjina hain txikia denean, ez da erraza gauzak aurrera ateratzea; gobernatzen denean ez da nahi dena egiten, ahal dena egiten da, oposizioak egiten uzten dizuna. Bidenen agintaldiaren parte handienean Senatuan 50 demokrata eta 50 errepublikar zeuden.

Esan duzu klima aldaketa dela arriskurik handiena lehiakortasunerako. Kontrara, hazkundea helburu duen ekonomia ez al da arriskutsua ingurumenerako?

Nik ez dut hori horrela ikusten, inola ere ez. Irtenbidea kontsumitzeari uztea dela pentsatzen duena fantasia mundu batean bizi dela uste dut. Kontsumitzeari utzi beharko geniola? Bai. Posible dela kontsumitzeari uztea? Ez. Jendea txiro izateari utzi eta klase ertainera pasatzen denean, eta klase ertainetik goikora pasatzen denean, gehiago kontsumitzen du, eta hori, zoritxarrez, garapena eta oparotasuna lortzeko ordaindu beharreko bidesaria da.

Uste dut ez dela kontsumo arazoa baizik eta kontsumo arduragabearen arazoa. Kapaza bazara kontsumitzeko, baina aldi berean zure karbono aztarna konpentsatzeko, zer du txarrik kontsumoak?

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.