GUATEMALA

Semilla legez kanpo utzi du behin-behinean Guatemalako Hauteskunde Auzitegi Gorenak

Presidentetzarako bozak irabazi eta astebetera heldu da Gorenaren ebazpena. Erabakiaren aurretik, hauteskundeen emaitzak ontzat jo dituzte. Alderdi aurrerakoiak babes errekurtso bat aurkeztuko du, «jazarpen politikoari amaiera emateko».

Semilla mugimenduko buru Bernardo Arevalo, gaur goizaldean, Guatemala Hirian emandako prentsaurrekoan. ESTEBAN BIBA / EFE
Mikel O. Iribar.
2023ko abuztuaren 29a
13:00
Entzun

Semilla mugimendua gailendu zen duela astebete Guatemalako presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulian, botoen ia %61 lortuta, eta, atzo, Hauteskunde Auzitegi Gorenak baliozkotzat jo zituen boz horiek. Bide horretan, alderdi aurrerakoi horretako Bernardo Arevalo soziologoari eman zion presidente hautetsiaren kargua, eta Karin Herrera zientzialariari presidenteordearena. Erabakiaren berri eman baino minutu batzuk lehenago, ordea, Erdialdeko Amerikako herrialde horretako Herritarren Erregistroak —Goreneko organo bat da— legez kanpo utzi zuen Semilla mugimendua, behin-behinean, Fredy Orellana epaileak uztailaren 12an emandako agindu judizial bati erantzunez, alderdiak ustez 2017 eta 2018 artean jasotako sinadura faltsuengatik.

Ikusi gehiago: Bernardo Arevalo aurrerakoiak irabazi ditu Guatemalako bozak

Arratsalde zoroa izan zuten atzo Hauteskunde Auzitegi Goreneko magistratuek —Euskal Herrian goizaldea zela—. Hasieran, hauteskundeei buruzko agerraldi batera deitu zuten, baina, gero, bertan behera utzi eta 19:00ak arte atzeratu zuten; azkenean, 18:00ak aldera egin zuten, eta bigarren itzuliko emaitzak ontzat jo zituztela adierazi zuten, adostutakoa indarrean jartzeraino. Horiek hala, Gorenak Arevalo Guatemalako Errepublikako presidente hautatutzat eman zuten, eta kargu hori datozen lau urtetarako eman zitzaion.

Magistratuak prentsaurrekoa ematen ari zirenean heldu zen Semilla behin-behinean legez kanpo uzteko erabakia, Efe berri agentziak baieztatu zuenez. Agerraldi horretan, magistratuek esan zuten ez zeudela ebazpenaren jakinaren gainean. Erabaki horrek, zehazki, hauteskundeetako emaitzak ofizialtzea eragotzi zuen. Arevalok eta Herrerak kritikatu egin dute ebazpena, eta helegitea jarriko dute. «Hemendik aurrera, ezerk ezin du legez eragotzi 2024ko urtarrilaren 14ko kargu hartzea. Garai historikoa da hau», esan zuen Semillako buruak. Era berean, Herrerak adierazi zuen ebazpen hori «guztiz baliogabea» dela zuzenbide estatuan.

Ikusi gehiago: Guatemalan aldaketarako aukera dute

Horrez gain, Semillak babes errekurtso bat aurkeztu zuen Goreneko bigarren aretoan, Orellana epailea eta Rafael Curruchiche fiskala buru izan dituen «jazarpen politikoari» amaiera emateko. Alderdiaren esanetan, epaitegiak prozesu egokiaren bermeak urratzen dituzten «legez kanpoko ekintzak egin ditu, eta defentsarako eskubidea eta benetako babes judiziala urratu».

Bestalde, AEE Amerikako Estatuen Erakundeak gaur salatu duenez, Semilla mugimenduaren kontrako ebazpenak ez du «behar bezala frogatutako oinarririk edo arrazoirik», eta Guatemalako Konstituzioaren printzipioak eta nazioarteko arauak «urratzen» dituela ohartarazi du. AEErentzat, Hauteskunde Auzitegi Gorenaren Herritarren Erregistroak «bertan behera utzi nahi ditu» alderdi politiko horrek dituen eskubideak, «herritarren babes zabala» izan duela aintzat hartuta. Beraz, erakundeak uste du «legearen gehiegizko interpretazioa» izan dela.

Prensa Libre Guatemalako egunkariak zenbait adituren adierazpenak jaso ditu, eta, haien eta herrialdeko legearen arabera, Semilla Mugimendua behin-behinean legez kanpo uzteak arazoak sor diezazkieke alderdi horretako diputatuei Kongresura heltzeko. Datozen egunetan, Hauteskunde Auzitegi Gorenak erabaki bat hartu behar du, atzo harturiko ebazpena berresteko eta atzera botatzeko.

Joan den uztailaren 12an, Curruchichek eskatu zuen Semilla legez kanpo uzteko, Orellana epailearen eskaerari erantzunez. Fiskaltzak zioen herritarren sinadura bilketan ustezko irregulartasunak izan zirela 2017 eta 2018 bitartean Semillak alderdi gisa izena emateko. Fiskaltzaren arabera, hemezortzi hildakoren izenak ageri ziren alderdiko afiliatuen milaka sinaduren zerrendan; beste 319k, berriz, ez zuten identifikazio agiririk.

Ildo horretan, fiskaltzak 24 ordu eman zizkion hauteskunde batzordeari ebazpena betetzeko, eta batzordeak berak baieztatu zuen Arevalo eta UNE Itxaropenaren Nazio Batasuna alderdiko buru Sandra Torres kontserbadorea bozen bigarren itzulian lehiatuko zirela. Halere, egoerak sumindura eragin zuen guatemalarren artean, eta Semillaren aldeko protestak egin zituzten. Ezkerreko olatua handitu egin zen bozen atarian, Arevalo erraz nagusitzeraino. 9,3 milioi herritar zeuden bozkatzera deituta, eta horietatik lau milioi inguruk eman zuten botoa (%45ek). Semillako hautagaiak 2,4 milioi boz lortu zituen; Torresek, 1,5 milioi.

Hauteskunde gau hartan, hautagai eskuindarrak ez zituen emaitzak onartu, eta prozesu judizialaren inguruan dituen zalantzak azpimarratu zituen, bai eta Guatemalako fiskaltzak Semillarekin lotutako ustezko irregulartasunak ikertu behar dituela ere; Torresek, ordea, ez du afera horren inguruko froga bakar bat ere plazaratu. Bien bitartean, mugimendu aurrerakoiaren aurka abiatutako ikerketak bere horretan jarraitzen du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.