Bost emakume eta gizonezko bat hil dituzte gaur, labankadaz, Sydneyko (Australia) merkataritza gune batean. Poliziak 40 urteko gizon bat hil du, tiroka, erasotzailea zelakoan. Hildako horiez aparte, beste zortzi pertsona ere zauritu dituzte erasoan. Poliziak adierazi du ez duela uste erasotzaileak «ekintza terrorista bat» egin nahi zuenik.
Westfield Bondi Junction merkataritza gunean 15:10ean sartu da erasotzailea —Euskal Herrian goizeko zazpiak inguru zirela—. Atera egin da berehala, eta handik hamar minutura itzuli da, labana bat eskuan, eta han hasi da jendeari eraso egiten.
Bertan hil dira lau emakume eta gizon bat. Zaurituta larri gelditu den beste emakume bat ospitalera eraman dute, eta han zendu da. Beste zortzi pertsonak ere larrialdi zerbitzuek artatu dituzte, eta ospitalera eraman dituzte; horien artean bederatzi hilabeteko ume bat dago, ebakuntza egin diotena.
Abisua jaso dutenean, merkataritza gunera joan dira poliziak, eta, haiek zabaldu dutenez, agente batek aurre egin dio erasotzaileari, hura agentearengana itzuli da labana eskuan, eta poliziak tiro egin dio. Bertan hil da gizona.
Karen Webb Gales Berriko Poliziaren komisarioak adierazi du ikertzen ari direla, baina «egun asko» beharko dituztela erasoa zergatik gertatu zen argitzeko. Halere, oraintxe dituzten datuen arabera, ez dute uste «eraso terrorista bat» izan denik. Erasotzaileak 40 urte ditu. Identifikatzen ari direla esan du komisarioak.
«Uste dugu pertsona hau bakarrik aritu dela». Erantsi du ez dutela uste pertsona jakin baten kontra ekin nahi zuenik.
Ehunka pertsona atera dituzte merkataritza gunetik, eta izua zabaldu da azkar. Lekua itxita edukiko dute gaur, ikerketarako datuak biltzeko.