mikel p ansa

Sei ikaskizun Valentziatik

2024ko azaroaren 10a
05:00
Entzun

Joandako urari ezin omen zaio presarik jarri, hala esaten du esaera zaharrak, baina etortzeko dauden urei bai, jar dakieke, eta Mediterraneo mendebaldea astindu duen denboraleak argi utzi ditu ikasgai batzuk, eta komeni da horiei buruz hizketan hastea, urak berriro harrotu aurretik.

Ikasgai bat: uholdeek hartzeko arriskupean dauden lurretan ezin dela gehiago eraiki, ez litzatekeela gehiago eraiki beharko. Hidrologoek aspaldi salatu dute, eta agintariek aditzen hasi beharko dute. Uholde lurrak katalogatzeko eta hirigintza politikak horren arabera egokitzeko eta halako lurrak gehiago ez okupatzeko erabakiak hartzen hasi beharko lukete udalek eta gainerako gobernuek. Eta dagoeneko okupatuta dauden halako eremuetarako konponbideak planteatu beharko dira, oraindik egin ez den tokietan, baina ikuspegi integral batekin, ez hormigoiarekin bakarrik. Valentzian ikusi dugu uholde lurretan eraiki zirela orain hondatutako etxe horietako asko, hamarretik hiru, ikerketa baten arabera.

Bigarrena: errekak eta ibaiak ezin direla kudeatu kanal artifizialak edo aquapark bat balira bezala, ekosistema edo ibaien arroak osorik aintzat hartu behar direla. Valentzian ikusi dugun lokatz hori guztia mendietatik dator, ur olde handiei eusteko gai ez ziren lur pilak eta pilak askatu eta joan dira erreketan behera, eta horrek zerikusia du erreken inguruko erosioarekin, baso politikarekin, artifizializazioarekin, eta beste hamaika arrazoirekin. Hondamena mendian ere gertatu da, kalteak gehien hiriguneetan ikusi eta sentitu diren arren.

Hirugarrena: jadanik ezin zaiela ez ikusi egin klima aldaketak dakartzan erronka eta arriskuei. Dagoeneko argitaratu dira zenbait ikerketa, ondorioztatu dutenak Mediterraneoko denborale horrek lotura zuzena duela gizakiaren jarduerarekin eta berotze globalarekin. Arturo Elosegi EHUko Ekologia irakasleak egunotan argitaratu duen artikulu batean esan duena gogora ekartzea merezi du: «Bai, desastreak betidanik gertatu izan dira, baina klima berotu ahala gero eta maizago, gero eta gogorrago izanen dira». Inor gutxik aipatu du, baina duela hemezortzi hilabete, hiru orduko epean metro koadroko 240 litro euri bota zituen Arano aldean, eta errepide nagusian ia 30 bat luizi eragin zituen, txikizio handiak eraginez, eta, goizaldean gertatu zenez, ez zuen inor harrapatu, baina hondamendia handiagoa izan zitekeen. Duela gutxi arte arrunt ezohikoak ziren tanta hotzaren gisako ekaitz bortitzak ikusten ari gara ia urtero Euskal Herrian, Lizarraldean-eta, adibidez. Klima aldaketari aurre egiteko legeak eta neurriak premiazkoak dira; berotze globalak eragin ditzakeen kalteak identifikatzeko lana ere bai; eta bistan da ezin dela politika guztia deskabornizaziora eta energia berriztagarriei buruzko eztabaidetara eraman: ikuspegi orokorrago bat behar da horretan ere, eta gure kasuan, esaterako, itsasbazterraren okupazioari buruz ere neurriak aztertzen hasi beharko litzateke.

Laugarrena: larrialdi handiak kudeatzeko protokoloak eta tresnak errebisatu behar direla. Valentziako hondamendiaren kudeaketaren atzean ezgaitasun ugari ari dira agertzen, baina, horretaz harago, berrikusi egin behar da espero gabeko larrialdi handiei aurre egiteko zer tresna dauden, eta zer hobekuntza egin behar diren. Eta horren inguruko kultura ere zabaldu behar da: ez da posible, esaterako, uholde eremuetan bizi direnek ez jakitea nola jokatu behar duten arriskuen aurrean.

Bosgarrena: jendea arriskuan dagoenean, gatazka politiko miserableak alde batera utzi behar direla; eta, batzuetan, politikariak eurak bihurtzen direla politikaren aurkako mezu larriena. Valentziako Generalitateko agintarien kudeaketa hondamendia bera bezain larria izan da: erabat gainezka egin dute alde guztietatik, berandu iritsi dira leku guztietara, eta, puntu batetik aurrera, denbora gehiago eman diote lokatza nahasteari edota norbere burua erreskatatzeari, jendea erreskatatzeari baino. Eta PSOEk Espainiako Gobernutik egin duenak eta egin ez duenak ere ez ditu ba zalantza gutxiago ereiten. Politikagintzaren desprestigioaz hitz egiten da, baina nola ez da ba jendea nazkatuko politikarekin, halakoak ikusita? Umiltasun, enpatia eta lidergo gehiago behar da politikagintzan, ikuspegi eraikitzaileagoa.

Seigarrena: basatza galanta dagoela sare sozial esaten zaien zulo digital horietan. Etenik gabeko herio batean bizi den gizarte bat sortzen ari gara, gezur, zurrumurru, ustekizun eta irainez gainezka dagoena; eta norbere parrokiari itsatsita mantentzen gaituena, zer nahi eta hura ematen baitiote norberari zulo digital horiek, gorrotoa elikatuz, gainera. Eta horixe bihurtzen da, gero, ultraeskuinaren arrantzaleku. Hor ere bada lokatza garbitzeko premia galanta.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.