Argentina

Segurtasuna, militarren eskuetan

Rosario hirian 22 hilketa izan ziren iaz 100.000 biztanleko; Argentina osoan, 4,6. Datu horiek ikusita, Polizia federaleko eta armadako kide gehiago bidali ditu hiri horretara Alberto Fernandez presidenteak. Lehen aldia da estatuburuak halako neurri bat hartzen duena.

Rosario. Polizia Rosarion. Droga trafikatzaileekin elkarlanean aritzea egozten diote tokiko poliziari. F. TROVATO FUOCO / EFE.
Cecilia Valdez
Buenos Aires
2023ko apirilaren 15a
00:00
Entzun
Duela egun batzuk, tiroka eraso zioten Antonella Roccuzzoren familiak Argentinako Rosario hirian duen supermerkatuari; horri gehiturik Lionel Messiri egin dizkioten mehatxuak, gehixeago atera da argitara aspaldiko gai bat, indarkerian eta krimen antolatuan errotua. Argentinako hilketa tasa 100.000 biztanleko 4,6 da; Rosarion, berriz, 100.000 biztanleko 22 hilketa izan ziren 2022an. Alberto Fernandez presidenteak iragarri du —eta askok oportunistatzat jo dute erabakia— Polizia federaleko eta armadako kide gehiago bidaliko dituela hara, herri xehearen auzuneak urbanizatzeko eta krisia arintzeko.

Ikusi gehiago: Ariel Larroude, Politika Kriminaleko aholkularia: «Rosarioko Polizia botere lehian dabil narkotrafikatzaileekin»

Roccuzzotarren supermerkatuaren erasoa gertatu eta egun batzuetara, Maximo Jerez 11 urteko mutikoa hil zuten, bizkarrean tiro eginda, eta beste hiru lagun zauritu zituzten. Eztanda sozial bat eragin zuen horrek, eta eragin mediatiko handia izan zuen beste eztanda bati gehitu zitzaion: hain justu, Lorenzo Altamirano kale artistaren hilketak eragindakoari. Antza, ausaz hautatu zuten Altamirano, eta mezu mafioso bat bidaltzeko erabili zuten haren gorpua. Rosarioko kaleetan gero eta larriagoa da egoera azken urteetan; besteak beste, banden buruzagi batzuk atxilotu dituztelako eta horrek ez duelako egin narkotrafikatzaileen arteko botere lehia areagotu baino. Lehengoa gutxi ez, eta lider nor izango borrokan dabiltza orain. Epaiketa egin zioten Los Monos izeneko gaizkile taldeari —Cantero familia du buru, eta 25 urte daramatza hirian jardunean—, eta 2018an amaitu zen, baina bitarte horretan agerian geratu zen narkotrafikatzaileek kontrolatzen dutela gizartea, eta Rosarioko zenbait polizia halako taldeen mesedetan aritu direla: besteak beste, informazioa emanez lekuetan indarrez sartzeari eta diru zuriketari buruz.

Kaleko zaintza

Fernandezek iragarritako neurrietako bat izan zen itun bat sinatzea gobernuaren eta Santa Feko probintziaren artean, aurpegiak ezagutzeko seiehun kamera erosteko eta Finantza Informazioaren Unitatearen bulego bat jartzeko. Indar federalak eta armada bidaltzeari buruz, berriz, zera esan zuen Fernandezek: «Defentsa Nazionaleko Legean jasota dauden lan subsidarioak dira». Erabakia oportunistatzat jo zuten askok —izan ere, Messiren gisako figura bat zipriztindu duelako izan du halako eragina auziak, eta horregatik egin du presidenteak iragarpen hori—, eta kritikatu ere egin dute hainbat sektorek. Victoria Darraidouk, Lege eta Gizarte Ikerketarako Zentroaren koordinatzaileak, kezkatuta dagoela adierazi zion Tiempo argentino egunkariari: «Ikusten ari gara zenbait neurri hartzen ari direla nolabaiteko eragin mediatikoa izateko, baina, egiaz, ez dakigu zertan datzan armadaren esku hartze hori; ez da zabaldu ez informaziorik, ez kontua nola izango den azaltzeko araudirik». Azaldu zuenez, armadari ez dagokio urbanizazio lanak egitea, baizik eta defentsa nazionalean eta defentsa zibilean jardutea esparru jakin batean: «Halako esku hartzeak egiteko, beti erabiltzen da batzorde bat, eta modu integralean erreparatzen zaie esku hartzeei. Oraingoan, ordea, ez dakigu akordiorik egin ote duten Defentsa Ministerioak eta probintziak. Arazotsua iruditzen zaigu gobernua eskuinerantz eta esku hartze punitibista handiago baterantz lerratzea arazo sozial bati erantzuteko erabakiak hartzeko garaian».

Lehen aldia da Fernandezek armadara jotzen duena botere lehia nagusia narkotrafikoarena den eremu batean. Barne Segurtasuneko 24.059 Legeak, 19. artikuluan, ezartzen du ezen «Polizia Federalari, Aireportuetako Segurtasunerako Poliziari, Jendarmeria Nazionalari eta Argentinako Itsas Prefekturari» dagokiela delituei erantzutea, baina, 27. artikuluan, Defentsa Ministerioari ere eskumena ematen dio zera agintzeko: «Krisi Batzordeak hala eskatuz gero, indar armatuek laguntza eman dezatela barne segurtasuneko operazioetan, afektazio bidez hark hala eskatuz gero, zerbitzu hauetan: armak, intendentzia, osasuna, albaitaritza, eraikuntza eta garraioa, baita ingeniaritza eta komunikazio elementuak ere [...]».

Defentsa ministroak, Jorge Taianak, argitu zuen Ingeniaritza eta Azpiegitura Zuzendaritza Nagusiko kideak armarik gabe jardungo direla, indar federalek eta Santa Feko Poliziak arduratu beharko dutela segurtasunaz, eta esku hartzeak «integratzailea» izan behar duela operazioak arrakasta izango badu: alegia, armadarekin batera estatuaren beste agentzia batzuk ariko dira, hala nola Garapen Sozialeko Ministerioa eta Osasun Ministerioa. Horrez gainera, segurtatu zuen esku hartzea behin-behinekoa izango dela, auzo horietako obra publikoak hobetu bitartekoa.

Hauteskunde lehiak markatutako urte honetan, polemika adina duda piztu du halako erantzun ofizial punitibistak, eta ataka larrian jarri du diktaduraren osteko berreraikuntzari buruzko akordio funtsezkoetako bat. Berreraikuntza horretarako, izan ere, Argentinak eskema legal eta instituzional demokratiko bat prestatu zuen, ezaugarri zituena bai kontrol politiko zibila, bai barne segurtasunaren eta defentsaren arteko bereizketa, eta baita indar armatuek barne afera politikoetan esku hartzeko debekua ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.