Segurtasun Kontseiluak onartu du Iranekiko akordioa

Erredakzioa
2015eko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Munduko potentzia nagusiek Iranekin programa nuklearrari buruz egindako akordioak igaro du indarrean sartzeko nazioartean gainditu beharreko lehenengo langa. NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak oniritzia eman zion atzo akordio horri, aho batez. Horren bidez, joan den astean Vienan sinatutako itunak nazioartean lege balioa izanen du 90 egunen buruan. Segurtasun Kontseiluak ebazpenean dioenez, IAEA Energia Atomikoaren Nazioarteko Agentziak datozen asteetan egiaztatzen badu Iranek zenbait baldintza zehatz bete dituela, NBEren organo gorena zigorrak kentzen hasiko zaio Teherani. Beharrezkoa iritziz gero, zigorrak berrezartzeko sistema bat ere ezarri du kontseiluak: Iranek NBEn salaketa bat jasoko balu akordio nuklearra hautsi duelakoan, 30 eguneko epean automatikoki jasoko lituzke kendutako zigorrak, beste ebazpen batek hori eragotzi ezean.

NBEko Segurtasun Kontseiluko bortz kide iraunkorrek(AEBek, Erresuma Batuak, Errusiak, Frantziak eta Txinak) eta Alemaniak sinatu zuten akordioa Iranekin. IAEAk berresten badu Iran hartutako konpromisoak betetzen ari dela —uranio aberastuko erreserbak eta zentrifugagailuak murriztea, adibidez—, Segurtasun Kontseiluak bertan behera utziko ditu azken urteotan Teheranen aurka onartutako zazpi ebazpen.

Iranen «marra gorriak»

Segurtasun Kontseiluaren oniritzia jaso ondoren, akordioak aurrera egiteko hurrengo bi arreta gune nagusiak Irango Parlamentua eta AEBetako Kongresua izango dira. Iranen, Ali Khamenei lider gorenak oniritzia eman dio itunari, nahiz eta zehaztu horrek ez duela esan nahi AEBekiko harremana aldatuko dutenik. Irango Tasmin agentziaren arabera, Guardia Iraultzaileen buruzagi Mohammad Ali Jafari komandanteak adierazi du ez dutela «inoiz» onartuko akordioa, «marra gorriak» gurutzatu dituelakoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.