Baxar al-Assaden erregimenak ondoen gordetako sekretuetako bat zen Sednayako kartzelaren barruan zer gertatzen zen. Amnesty Internationalek eta nazioarteko beste erakunde batzuek «giza hiltegitzat» zeukaten; jakina zen horretarako beste. Hala eta guztiz ere, Siriako gizarte zibila erabat aztoratu zen Al-Assad erori ondoren espetxea ireki zutenean, eta trumilka abiatu ziren Sednayara, gerra zibilean desagertutako milaka siriarretako batzuk hango zeldetatik aterako ziren esperantzaz.
Abenduaren 8ko goizean, Siriatik ihes egiteko ordua zuela erabaki zuen hango presidenteak. Indar matxinatuak azkar egiten ari ziren aurrera Hayat Tahrir al-Xam talde fundamentalista islamiarraren gidaritzapean, eta, bi aste pasatu aurretik, hartuak zituzten herrialdeko hiri nagusiak. Kolpistak Damaskoko lehendakari jauregira iritsi zirenerako, Al-Assad Errusiara alde egina zen jada. Halaxe amaitu zen al-assadtarren 54 urteko dinastia. Alabaina, buruzagi siriarra ez zen izan ihes egindako bakarra. Kartzelak zaintzen zituzten funtzionarioek ere alde egin zuten, eta, ondorioz, borrokalari errebeldeek presondegiak ireki ahal izan zituzten.
Sirian kaosa zen nagusi, eta herrialde osoko milaka familia ziztu bizian abiatu ziren askatutako kartzeletarantz. Esperantza piztu zitzaien berriz: esku beltz batek ahaide maiteak kendu zizkien aspaldi, eta ez ziren sekula itzuli; senide horiekin berriz elkartzea espero zuten familiek. 2011n gerra zibila piztu zen Sirian, gobernuak Udaberri Arabiarraren kontra abiatutako errepresioaren ondorioz, eta nazioarteko hainbat esku hartze izan ziren. Geroztik, 100.000 siriar baino gehiago desagertu dira Sirian bertan. Desagerpen horietako asko gobernuak eragin zituen, askoren ustez: Sednayan eta beste kartzela batzuetan giltzapetu zituztela, eta, gero, haietako asko exekutatu. Sednayara joatea erantzunak lortzeko azken saiakera zen familia askorentzat.
Ahmed Burkanik gabardina iluna darama soinean, eta 45 urte ditu, hor nonbait. Burkanik, zeina anaia gaztearen bila baitabil, espetxearen kanpoaldean erantzun die BERRIAren galderei. «Torturatu, eta hona ekarri zuten, Sednayara», azaldu du, kartzelako sarrera seinalatu bitartean. «11 urte igaro dira. Eraman zutenean 14 urteko umea besterik ez zen. Harrezkeroztik ez dugu haren berririk izan. Galdetzera etorri gara hona, baina ez dugu ezer lortu».
«11 urte igaro dira. Eraman zutenean, 14 urteko umea besterik ez zen. Harrezkeroztik ez dugu haren berririk izan»
BURKANISenidea
Izan ere, herritar askok espetxera jo zuten, nahiz eta ez jakin seguru senideak atxilotu eta hara eraman zituzten ala ez. Halaxe Raja Abdelrahuf-ek ere, neba falta baitu. «Haren bila ibili naiz hiru egunez, gelditu gabe», kontatu du. «Ospitale guztietan ibili gara bila, baina ez dugu aurkitu. Duela hamar egun hura aipatu ziguten. Batek esan zigun bizirik zegoela. Hona etorri gara haren bila, baina aurkitu ez».
Susmo txarra
Sednayan milaka preso zeudela uste da. Alabaina, Hayat Tahrir al-Xameko borrokalariek zeldetako ateak ireki zituztenean, 300 atxilotu besterik ez zuten aurkitu islamistek. Susmo txarra piztu zuen horrek: gobernua erori aurretik exekuzio masiboak egin zituztela eta gorpuak lekualdatu zituztela pentsatu zuen jendeak. Ondorengo egunetan, beldur hori areagotu egin zen, hobi komunak aurkitu baitzituzten Damaskoko eta beste hiri handi batzuetako aldirietan; hobietan identifikatu gabeko milaka gorpu daudela uste dute.
Abdelrahufek zapi zuri batez estalita darama ilea, eta jada ez daki neba non bilatu. Malko artean, laguntza eskatu dio munduari: «Zin dagit, Jainkoaren izenean, ospitale guzti-guztietan begiratu dudala. Hiru egun daramatzat gelditu gabe. Gobernu guztiei arren eskatzen diet. Gure herriak bidegabekeria ugari pairatu ditu. Oso txarto tratatu gaituzte. Agintari guztiei arren eskatzen diet gure haurrak bilatzen lagun diezagutela».
Tokiko iturri medikoek BERRIAri kontatu diotenez, Sednayako ziegak 25 metro koadrokoak ziren, eta ehun preso baino gehiago giltzapetzen zituzten bakoitzean. Ezerezaren erdian dago presondegia, Damaskotik ordu erdira, eta kiratsa eta iluntasuna dira nagusi han. Kartzela ireki zutenean, preso batzuk askatzeaz gain, espetxeko artxiboak eskuratu zituzten. Familia osoak —helduak eta haur txikiak barne— belauniko jartzen dira kartzelako bazter lohietan, lurrean sakabanatutako dokumentuak irakurri eta desagertutako senideen inguruko daturen bat bilatzeko. Zibil batzuek kontatu dute artxibo batzuk txikituak izan direla, eta orrialde batzuk erauziak; uste dute Al-Assaden funtzionarioak frogak eta informazioa ezabatzen saiatu zirela.
«Baina nora eraman zituzten gure senideak? Gure senideak nora eraman zituzten jakin nahi dugu»
ABDELRAHUFSenidea
Hala ere, erregistro batzuk osorik daude oraindik, eta hildako presoen izenak irakur daitezke dokumentu horietan, baita kartzelan exekutatutakoenak ere. Sednaya barruan, burdinazko atetzarrak zabal-zabalik daudela, Siria osotik iritsitako herritarrek ahots goran irakurtzen dituzte zerrenda beltz horiek, ezinegonak hartuta dagoen jendetzaren aurrean. «Ahmed al-Hariri, Mohammad al-Mahmari, Tarik Mohammad Atfal...!». Izenak ahoskatzean, prestatu gabeko omenaldia egiten diete eroritako erregimenaren biktimei. Zibilak, ordea, ez dira omenaldi bila joan. «Baxarrek [al-Assad] eta haren jendeak aise egin dute ihes», bota du Abdelrahufek, nahigabetuta eta eskuak bularrean jarrita: «Baina nora eraman zituzten gure senideak? Gure senideak nora eraman zituzten jakin nahi dugu».