SDFk su etena adostu du Manbijen Turkiak babestutako matxinoekin

SNAk atzo esan zuen Siria iparraldeko hiri hori hartu zuela. Damaskora sartu eta Al-Assad erorarazi zuten taldeek Deir ez-Zor ere bereganatu dute, eta SDF hiritik kanporatu.

SDf Siriako Indar Demokratikoetako soldaduak Deir ez-Zor inguruan, artxiboko irudi batean. AHMED MARDNLI / EFE
SDf Siriako Indar Demokratikoetako soldaduak Deir ez-Zor inguruan, artxiboko irudi batean. AHMED MARDNLI / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko abenduaren 11
13:02
Entzun

Matxino taldeek Baxar Al-Assad agintetik kendu zuten igandean, baina azken hamarkadan Sirian egondako gerra zibilean borrokan aritutako hainbat taldek liskarretan jarraitzen dute.Turkiak babestutako SNA Siriako Armada Nazionala talde armatuak atzo esan zuen Siria iparraldeko Manbij hiria hartu zuela. Hiri hori SDF Siriako Indar Demokratikoen esku zegoen; eta SNAk hiria hartu zuen arren, borrokan jarraitzen zuten bi taldeek. Gaur goizean SFDk ohar bidez jakinarazi duenez, su etena adostu dute hirian: «SDFko indarrak hiritik joango dira ahal bezain laster».

SFDko komandanteburu Mazlum Abdik ohar horretan azaldu duenez, menia sinatu dute hirian azaroaren 27tik Turkiak babestutako indarren aurka borrokan ari ziren zenbait miliziano hiritik ateratzeko eta «zibilen segurtasuna ziurtatzeko». Miliziano kurduek osatzen dute batez ere SDF koalizioa, eta AEB Ameriketako Estatu Batuak dira haren aliatu nagusiak —bederatziehun soldadu inguru dituzte AEBek Sirian—, eta su etena Washingtonen diplomazia lanagatik lortu dela nabarmendu du Abdik. Gainera, Manbijen lortutako akordioaren ildotik, gerrarik gabeko Siria baten alde egin du Abdik oharrean: «Gure helburua da Siriako lurralde guztietarako su eten orokor bat lortzea, eta herrialdearen etorkizunerako prozesu politiko bati ekitea».

Horiek horrela, Siriaren menpeko Kurdistango RIC Rojava Information Centerrek bildutako adierazpenetan, Abdik nabarmendu du «gorakada amaitu» nahi dutela, eta baieztatu du helburu horrekin Turkiarekin negoziatzen ari direla, «AEBen bitartekaritzari esker».

Baxar al-Assad: Bat-batean erori daIker Tubia

Egoera, ordea, SDFk eskatutako menia horretatik urrun dago. Al-Assad erorarazi zuten matxino taldeen artean HTS Sortaldea Askatzeko Erakundea da indarrik handiena duena, eta SDFk kontrolpean zuen Deir ez-Zor Siria ipar-ekialdean dagoen hiria hartu dutela jakinarazi du gaur. HTSko komandante eta Al-Assaden aurka borrokatutako matxinoen bozeramaile Hassan Abdul Ghanik Telegram bidez jakinarazi du Deir ez-Zor hiria «askatu» dutela. Bozeramaileak gaineratu duenaren arabera, HTSko indarrek SDFren aurka borrokan jarraitzen dute hiriaren inguruen. Adierazi duenez, hiritik gertu dagoen aireportu militarra hartu dute jada.

Al-Assaden gobernuaren indarrek kontrolatzen zuten azken urteetan inguru hori, baina, matxino taldeak Damaskora sartu eta Siriako presidenteak Moskura ihes egin ostean, kurduak buru dituen koaliziak hartu zuen eskualdearen kontrola. SDFk igandean argudiatu zuenez, hiriaren kontrola hartu zuten «Turkiaren menpeko talde mertzenarioek» hartu ez zezaten eta Estatu Islamikoak indarra berreskuratu ez zezan.

Turkiaren erasoak

SDFko bozeramaile Ferhad Shamik «Turkiaren erasoen aurrean» beren burua defendatu beharraz mintzatu da Ronahi TV Siriaren menpeko Kurdistango telebista kate batean. Salatu duenez, Turkiak Kurdistanen bizi diren «herritarren aurka eraso egitea du helburu»: «Mundu guztia Damaskora begira zegoela, Turkiako Estatuak eta haren mertzenarioek Administrazio Autonomoaren [Siriaren menpeko Kurdistan] lurren aurka egin zuten». Are gehiago, kurduen aurkako erasoak eragozteko lanean ari direla azpimarratu du: «Ahalegin diplomatikoetan ari gara sarraskirik izan ez dadin. Ez diogu utziko Turkia estatu okupatzaileari gure herritarrak masakratu ditzan».

Shamik Al-Assad agintetik kendu duten matxinoen ekintzak ere gaitzetsi ditu: «Sarraski sektarioak egiten ari dira. Ez balitz gure erakundeko borrokalariengatik, HTSk alauien [Xiiten adarra, Al-Assad alauia da] aurka egin duen sarraskia guk ere pairatuko genuke».

AEBen eta Israelen rola

Sirian taldeek borrokan jarraitzen duten bitartean, Al-Assaden aliatu nagusietako batek, Iranek, Israeli eta AEBei leporatu die presidentearen aurkako «konspiratzaileak» izatea. Irango lider goren Ali Khameneik gaur egin duen hitzaldian esan duenez, bi herrialde horiek parte hartu izanaren «froga argiak» dituzte: «Ez dago dudarik: Sirian gertatu dena plan estatubatuar-sionista baten ondorioa da». Washington eta Tel Aviv, halere, ez dira Al-Assaden aurka aritu diren bakarrak Khameiniren iritziz. Hirugarren herrialde baten izen zehatzik eman ez duen arren, «Siriaren bizilagun batek ere rol argia» izan duela azpimarratu du lider gorenak. Kontuan izanda Ankarak SNA talde matxinoa babesten duela, pentsa liteke Turkia dela Khameneik aipatutako hirugarren herrialde hori.

Hamas Palestinako erakunde islamistak eta Hezbollah Libanoko talde xiitak Israelen aurka dituzten gatazkengatik, eta orain Al-Assad agintetik kendu dutelako, Iranek Ekialde Hurbilean dituen aliatuak indarra galtzen ari dira. Baina Khameneik esan du horrek ez duela ahultzen Teheran : «Analista desinformatuak uste du erresistentzia ahultzen bada Iran ere ahulduko dela. Baina ez. Iran indartsua da, eta are indartsuago bihurtuko da».

352

 

Zenbat aldiz bonbardatu duen Israelek Siria, igandetik. Siriako Giza Eskubideen Behatokia gobernuz kanpoko erakundeak gaur salatu duenez, Baxar Al-Assad igandean agintetik kendu zutenetik Israelgo armadak 352 aldiz bonbardatu du Siria. Al Jazeera Qatarko hedabidearen arabera, kopuru hori handiagoa izan liteke. Izan ere, hedabide horrek gaur kaleratutako informazioaren arabera, Tel Avivek 480 eraso baino gehiago egin ditu Sirian azken 48 orduetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.