SDFk kontraerasoa egin du Tixrin presan, Siria iparraldean

Koalizioaren esanetan, «taktika berriak» baliatzen ari dira Turkiak babestutako matxinoen erasoei aurre egiteko.

SDFren kide batzuk Al-Hasakan, abenduaren 8an. AHMED MARDNLI / EFE
SDFren kide batzuk Al-Hasakan, abenduaren 8an. AHMED MARDNLI / EFE
Igor Susaeta.
2024ko abenduaren 23a
17:15
Entzun

Siriako matxinoek Baxar al-Assad herrialdeko presidentea erorarazi zutenetik, SDF Siriako Indar Demokratikoak koalizioak bi aste daramatza Turkiak babestutako SNA Siriako Armada Nazionala talde armatuaren erasoei eusten Tixrin presa estrategikoan, Siria iparraldean. Are, Ankarak hauspotutako matxinoen aurkako kontraerasoa hasi du azken orduetan, Siriako Giza Eskubideen Aldeko Behatokia GKE gobernuz kanpoko erakundeak ohar batean zabaldu duenez.

SDF miliziano kurduek osatzen dute batik bat. Koalizioak, bere kabuz, ez du esan kontraeraso bat hasi duenik, baina haren komandante Vivan Soranekin hitz egin du Firat News berri agentzia kurduak, eta hark nabarmendu du Turkia «armarik astunenekin» ari dela eraso egiten, baina «taktika berriak» baliatuz ari direla horri eusten.

Aintzat hartu behar da presa estrategikoa dela Tixringoa, hark hornitzen baitu argindarrez Siria iparralde osoa. Bi milioi metro kubo ur ditu. SDFk 2015ean hartu zuen haren kontrola. Manbijeko Kontseilu Militarrak —koalizioaren barruko milizia bat da— gaur ohar batean adierazi duenez, Turkiak babestutako matxinoen eraso bat eragotzi du presaren bueltan. SDFk berak ere ohar bat kaleratu du, eta jakinarazi hamar matxinoren gorpuak topatu dituztela, eta azken orduetan SNAren bost ibilgailu militar txikitu dituztela.

Bien bitartean, Turkiako Gobernuak berriro esan du jarraituko duela kurduen kontra egiten. Recep Tayyip Erdogan presidenteak azken asteetan egin bezala, Hakan Fidan lehen ministroak ere mezu hori plazaratu zuen atzo Damaskon, Sirian gaur egun de facto buruzagi denarekin bildu ondoren, hau da, Abu Mohammad al-Golanirekin, HTS Sortaldea Askatzeko Erakundea muturreko koalizio islamistako liderrarekin.

Horren harira, Alemaniako Atzerri ministro Annalena Baerbockek ohartarazi dio Turkiari ez lukeela hasi beharko kurduen kontrako gerra bat. YPG Herriaren Babes Unitateak dira miliziano kurduen adar nagusia, eta, Turkiaren ustez, PKK Kurdistango Langileen Alderdiarekin loturak dituzte; PKK, hain zuzen, erakunde «terrorista bat» da Ankararentzat.

Baerbockek Alemaniako irrati publikoan gaur azaldu duenez, EI Estatu Islamikoa indartuko luke Turkiaren erasoak. «Horrek arriskuan jarriko luke Siriaren segurtasuna, baita Turkiarena eta Europarena ere». Gogorarazi du, bide batez, 2014 eta 2019 artean Ekialde Hurbilean EIren kontra egindako gerran «ezinbestekoa» izan zela milizia kurduen jarduna. AEBek militarki laguntzen dute SDF, eta hori bera azpimarratu izan du beste batzuetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.