Siria iparraldeko Manbij hirian su etena dago, ustez, abenduaren 10etik. Menia adostu zuten Turkiak babestutako SNA Siriako Armada Nazionala talde armatuak eta SDF Siriako Indar Demokratikoak koalizioak —miliziano kurduek osatzen dute batik bat—. Baina bi aldeek borrokan jarraitzen dute hiri horren inguruan, eta koalizio horrek jakinarazi du azken orduetan 40 bat pertsona hil direla.
Batez ere, Tixrin presaren bueltan gertatu dira erasoak. Estrategikoa da, argindarrez hornitzen baitu Siria iparralde osoa. SDFk 2015ean hartu zuen haren kontrola, eta Turkiak finantzatutako matxinoek hura dute helburu. Koalizioaren bozeramaile Farhad Xamik atzo azken orduan sare sozialetan kaleratutako ohar batean zehaztu zuenez, Turkiak babestutako matxinoek gerra hegazkinekin eta droneekin eraso zieten asteazken arratsaldean.
SDFkoek AEBen laguntza militarra dute. Erantzun egin zieten, eta borroketan 37 matxino eta koalizioko sei kide hil ziren, bozeramaile horren esanetan. Azpimarratu zuen, bide batez, «kolapso arriskua» dagoela presan, eta hori gertatuz gero Turkiak bere gain hartu beharko duela «hondamenaren» erantzukizuna. Bi milioi metro kubo ur ditu.
Siriako Giza Eskubideen Aldeko Behatokia gobernuz kanpoko erakundeak baieztatu du 37 pertsona hil direla, eta zehaztu 26 SNAkoak zirela, sei SDFko milizianoak, eta bost zibilak. Ohar batean, gaineratu du hamalau zauritu daudela; haietako batzuk, larri. Londresen du egoitza elkarte horrek —hainbat kide ditu Sirian—, eta adierazi du abenduaren 8an matxino taldeek Baxar al-Assad Siriako presidentea izandakoa agintetik kendu zutenetik areagotu egin direla SNAren eta SDFren arteko borrokak, eta horietan 300 pertsona inguru hil direla; haietatik 30 inguru, zibilak.
AEBek, tropa gehiago
SNAk esan zuen abenduaren 9an Manbij hartu zuela, eta egun bat geroago iritsi zen aldeen arteko menia. AEBak bitartekari aritu ziren. Aintzat hartu behar da AEBak SDFri laguntzen ari zaizkiola 2017tik, duela hamarkada bat EI Estatu Islamikoak eskualdean izan zuen hedapenari aurre egiteko ahaleginean.
Eta, hain zuzen, atzo Lloyd Austin AEBetako Defentsa idazkariak esan zuen AEBen tropek Sirian jarraituko beharko luketela EIri aurre egiten. «Uste dut EIko kideek presentzia handia hartuko luketela berriro, AEBetako indarrek Siriatik alde egingo balute», adierazi zuen Pentagonoko buruak, AEBek Ramsteinen (Alemania) duten base militarrean egindako agerraldi batean. Duela hilabete pasa, hau da, matxinoek Al-Assad erorarazi zuten arte, 900 soldadu inguru zituzten AEBek Sirian; orain, berriz, 2.000 inguru. Austinek azaldu zuenez, behin-behinean bidali dituzte tropa gehiago Siriara.
Nabarmendu zuenez, SDF «bazkide ona» da. Kurduak buru dituen koalizio horrek kontrolatutako eremuetan atxilotuta daude, hain zuzen, EIko milaka kide. Hori bai, Austinek adierazi zuen iruditzen zaiola «noizbait» Siriako armadaren parte bihurtu dela koalizioa bera. «Orduan Siriak kontrolatuko lituzke [atxilotze] eremuak».
Turkiako Gobernuak berak esana dauka SDFren kontra egiten segituko duela Siria iparraldean. Ankararen argudioa da koalizioaren indar nagusiak, hau da, YPGk (Herriaren Babes Unitateak) lotura zuzena duela PKK Kurdistango Langileen Alderdiarekin; Turkiarentzat «erakunde terrorista» da PKK.
Iranek ekintzaile kurdu baten aurkako heriotza zigorra berretsi du
Matxinada eta talde armatuetako kide izatea leporatuta, Irango Auzitegi Gorenak berretsi egin zuen herenegun Pakxan Azizi ekintzaile kurduari Teherango auzitegi batek ezarritako heriotza zigorra. Horren berri eman zuen aktibistaren abokatuak Xargh Irango egunkarian, eta iragarri beste helegite bat jarriko duela. Salatu du, besteak beste, Gorenak ez dituela kontuan hartu auziaren ikerketan izandako irregulartasunak.