KURDISTAN

SDFek jakinarazi dute eten egin dituztela AEBekin egiten ari ziren operazioak

Milizia kurduak indar nagusitzat dituen eta Pentagonoaren babesa duen koalizioa ohartarazten ari zen Ankarak eraso bat hasiz gero horri erantzutea lehenetsiko zuela. EIren aurkako borrokari eragingo dio

Turkiaren erasoaren aurkako manifestazio bat, azaroaren 20an, Qamixlin. EFE
Igor Susaeta.
2022ko abenduaren 2a
18:41
Entzun

Turkiak orain dela bi aste Siriaren menpeko Kurdistanen hasitako aire erasoak erabaki bat hartzera bultzatu ditu SDF Siriako Indar Demokratikoak. YPG (Herriaren Babes Unitateak) milizia kurduak indar nagusitzat dauzkan eta
AEBen laguntza militarra jasotzen duen koalizioak jakinarazi du eten egin dituela Pentagonoarekin batera EI Estatu Islamikotik irauten duten zelulen kontra egiten ari den operazioak.

SDFak aspalditik ari ziren ohartarazten Turkiak eraso berri bat hasiz gero horri erantzutea lehenetsiko zutela. Horrek esan nahi du, horrenbestez, baliabide gutxiago eduki dituztela bai EIko kideak hartzen dituen kartzela baten zaintzarako, bai muturreko talde islamista horren ekintzen kontra borrokatzeko. Koalizioaren bozeramaile Aram Hennak jakinarazi du, gaur, eten egin dituztela «terrorismoaren aurkako operazio bateratuak eta horien koordinazioa».

Ankarak erasoaldia hasi zuen duela bi aste; hain zuzen, Istanbulen sei hildako eta 81 zauritu eragin zituen atentatu bat gertatu eta astebetera. Turkiako Gobernuak milizia kurduei eta PKK Kurdistango Langileen Alderdiari egozten die egiletza, nahiz eta haiek ukatu egiten duten.

Horiek horrela, Lloyd Austin AEBetako Defentsa idazkariak Turkiako bere homologo Hulusi Akarrekin hitz egin zuen, telefonoz, herenegun, eta adierazi zion Washington dagoela, «irmoki», Ankara Siriaren menpeko Kurdistanen egiten ari den erasoaren kontra. Hori esan zuen, atzo, Pentagonoko bozeramaile Pat Ryderrek. Mintzatu ziren, gainera, Turkiako armadak lurretik egin asmo duen erasoari buruz. Izan ere, Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak baieztatu zuen, pasa den azaroaren 22an, lurreko eraso bat ere egingo dutela.

Ryderrek adierazi zuen, agerraldi horretan, AEBek YPGekin egiten dituen patruilatze lanak murriztu behar izan dituztela, milizia kurduek beren patruilak murriztu dituztelako. Ez zuen ezer esan, ordea, operazio bateratuak eteteaz. Hori bai, ez du nahi «alferrik galtzen utzi» 2017az geroztik SDFekin EIren kontra egindako «ahalegina».

Siriaren menpeko Kurdistango administrazio autonomoko barne desplazatuen bulegoaren burua da Xeikhmous Ahmed, eta Reuters berri agentziari esan dio Al-Hol desplazatuen kanpalekuan operazio humanitarioak eten dituztela azkeneko asteotan. Ohartarazi du, bide batez, horren ondorioz handik alde egiten ahalegindu direla EIra afiliatutako adingabe batzuk.

70 bat hildako
SDFen buru Mazloum Abdi jeneralak aste honen hasieran azaldu zion Reuters berri agentziari Washingtonen aldetik «mezu indartsuago bat» espero duela: «Urduri gaude oraindik. Adierazpen sendoagoak behar ditugu. Turkiak zein asmo duen iragarri du, eta aurrera egiten ari da. Beste herrialde batzuek hartzen duten posizioaz egiten duen azterketak erabakiko du inbasioa hasiko duen edo ez».

Pasa den azaroaren 20az geroztiko bonbardaketetan gutxienez 70 pertsona hil dituzte; hildakoen artean daude milizia kurduetako kideak, Siriako armadako soldaduak, eta baita zibilak ere. Turkiari bonbardaketak bertan behera utz ditzan eskatzeko, manifestazio ugari eta jendetsuak egin dituzte azkeneko bi asteotan Deir ez-Zor, Kobani eta Qamixli hirietan, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.