Ez da ezustekorik izan Bundestagen: Olaf Scholz Alemaniako kantzilerrak konfiantza mozioa galdu du. Mozioa irabazteko 367 konfiantza boto behar zituen, eta 207 lortu ditu. 116 diputatu abstenitu egin dira, eta 394k kontra bozkatu dute.
Konfiantza mozioa galduta, Scholzek herrialdeko presidente Frank-Walter Steinmeierri eskatu dio Alemaniako Legebiltzarreko behe ganbera desegiteko, eta presidenteak 21 eguneko epea izango du horretarako. Aurrez talde parlamentario guztiekin batzartuko dela jakinarazi du presidentearen bozeramaileak, X sare sozialean. Steinmeierrek Budestag desegin eta gero, 60 eguneko epea izango dute hauteskunde orokorrak egiteko.
Halere, badirudi eguna zehaztua dagoela. Presidenteak begi onez ikusi zuen bozak otsailaren 23an egitea. Data hori proposatu zuten behe ganberan ordezkari gehien dituzten bi alderdiek: SPD Alderdi Sozialdemokratak —Scholzen alderdiak— eta CDU Batasun Kristau-Demokrata kontserbadoreak.
Scholzen gidaritzapeko gobernuak parlamentuko gehiengoa galdu zuen azaroaren 6an. Egun hartan, kantzilerrak Christian Lindner Finantza ministroa eta FDP Alemaniako Alderdi Liberalaren burua kaleratu zuen. Hala, 2021eko hauteskunde orokorren ostean SPDk, Berdeek eta FDPk osatutako aliantza hautsi zuen.
Gaur, mozioa bozkatu aurretik, Scholzek kargugabetze horren arrazoiak eman ditu. Liberalei «sabotajea» egin izana egotzi die. Izan ere, zerga politiken inguruan desadostasunak izan dituzte liberalek eta sozialdemokratek. Alemaniaren geldialdi ekonomikoari aurre egiteko gastu publikoa areagotzea defendatu izan du Scholzek; baina kantzilerrak azaldu du koalizioko kide guztiek ez zutela jarrera bera, FDPri erreferentzia eginez.
Alderdi nagusiak jada hauteskundeei begira daude. Mozioa galduko zuela jakitun, Scholz bera herritarrei mintzatu zaie bozketa aurretik emandako hitzaldian: «Herritar maiteok, konfiantza eta babesa eskatuko dizuet». Eta azken urteetako erronkei aurre egiten jarraitzeko asmoa azaldu du, besteak beste geldialdi ekonomikoari eta Ukrainako gerrari aurre egiten segitzekoa.
CDU oposizioko alderdi nagusiko buru Friedrich Merzek, ostera, uste du Scholzek ez duela merezi herritarren konfiantza. Kantzilerrari egotzi dio koalizio gobernua gidatzen ez asmatzea, eta Scholzek EB Europako Batasunean izandako jokabidea «lotsagarritzat» jo du. Gainera, konfiantza moziora koalizioa hautsi bezain laster deitu behar zuela aurpegiratu dio kantzilerrari. Iritzi berekoa da AfD Alemaniarentzako Alternatiba alderdi ultraeskuindarreko Alice Weidel. Horrez gain, egungo gobernuaren migrazio politikak kritikatu ditu, eta alderdi nagusiei leporatu die Alemania «eraso nuklear baten jomugan» jartzea, Ukrainari laguntza militarra emateagatik.
Inkestetan, kontserbadoreak buru
Scholzi geratzen zaizkion azken aliatuek, Berdeek, abstentzioaren alde egin dute konfiantza mozioan. Robert Habeck Kantzilerorde eta Ekonomia ministroak onartu du hiru alderdiko koalizioak ez duela lortu elkarren arteko desadostasunak albo batera uztea, baina gogorarazi du hurrengo gobernuak ere antzerako erronkei egin beharko diela aurre.
Koalizioko beste kideak, berriz, gogor kritikatu du kantzilerra. Finantza ministro ohi eta FDPko buru Lindner —haren kargugabetzeak eragin zuen aliantzan haustura— Scholzen «gaitasunik ezaz» aritu da. Esan du kantzilerra ez dela gai aldaketa sakonak egiteko, eta haren erantzunak ez direla nahikoa Alemaniako ekonomiak pairatzen dituen «arazo sakonei» aurre egiteko. Azken inkesten arabera, hauteskundeen ostean baliteke FDP ordezkaritzarik gabe geratzea Bundestagen —orain 90 eserleku ditu—.
Wahlkreisprognose eta INSA ikerketa politikorako zentroek egindakoak dira azken inkestak, biak azken zazpi egunetan eginak. Horien arabera, CDUk eta CSU Batasun Sozial Kristauak osatutako koalizioak lortuko luke boto gehien —%30 inguru—. Haren atzetik lehia estua espero dute SPDren eta AfDren artean. Inkesta batek Scholzen alderdia jartzen du bigarren postuan, eta besteak, alderdi ultraeskuindarra. Botoen %17 eta %20 artean lortuko lukete biek. Ostean, Berdeak egongo lirateke —%11-%15—, eta jarraian, BSW Sahra Wagenknecht Aliantza —%5-%8—. Bi inkesten arabera, botoen %5 inguru eskuratuko du FDPk; horixe da Bundestagen ordezkaritza edukitzeko gutxiengoa.