Europako migrazio politikak

Bizilagunei ateak ixten ari dira Schengen eremuko estatuak

Migrazio irregularraren igoera eta «eraso terroristen mehatxuak» argudiotzat hartuta, Schengen eremuko hainbat herrialdek barne mugak itxi dituzte azken asteotan, eta kolokan jarri itunaren oinarria: 400 milioi herritarren ibili askea bermatzea.

POLAND SLOVAKIA BORDER MIGRATION CRISIS
Kontrol postu bat Poloniaren eta Eslovakiaren arteko mugan, Polonia hegoaldean, urri hasieran. GRZEGORZ MOMOT / EFE
maddi iztueta olano
2023ko abenduaren 24a
05:00
Entzun

Bi asmo oinarri hartuta ekin zion EB Europako Batasunak Schengen eremuaren proiektuari: EBko herritarren mugimendu askea bermatzea, batetik; estatu kideen batasun irudia hauspotzea, bestetik. Egitasmoak nabarmen erraztu ditu milioika europarren joan-etorriak, eta gorabehera handirik gabe izan da abian 1995ean indarrean sartu zenetik. Baina hautsezina zirudien hitzarmen hori kolokan jarri zuten 2015eko errefuxiatuen krisiak eta 2020an hasitako COVID-19aren pandemiak; eta, orain, zenbait estatu kidek berriro ere erabaki dute barne mugak ixtea, kanpo migrazioaren gorakadaren eta «eraso terroristen mehatxuen» harira.

Azken hilabeteotan, Schengen eremuko 11 herrialdek itxi dituzte barne mugak: Alemaniak, Austriak, Danimarkak, Eslovakiak, Esloveniak, Frantziak, Italiak, Norvegiak, Poloniak, Suediak eta Txekiar Errepublikak. Besteak beste, nortasun agirien eta pasaporteen kontrolak berrezarri dituzte alboko herrialdeekin dituzten mugetan, eta polizia gehiago jarri dituzte kontrol postuetan.

Araudiaren arabera, herrialdeko «barne segurtasuna» arriskuan dagoenean baino ezin dituzte mugak itxi Schengengo estatuek, hilabete batez. Hori bai, legediak aintzat hartzen ditu zenbait salbuespen. «Arriskua» dagoen bitartean, hogei egunetik behin erabaki dezakete mugak itxita edukitzea, eta bi hilabetera arte luzatu, edo, egoerak hobera ez duela egingo aurreikustea posible denean, sei hilabetera arte luzatu. «Ezohiko egoeretan», berriz, mugak bi urtez itxita eduki ditzaketela zehazten du araudiko 26. artikuluak.

Frontexen arabera, gutxienez 355.500 pertsona iritsi dira Europara urtarriletik azarora artean; hala, 2016tik izandako igoerarik handiena da aurtengoa.

Schengen eremuko hainbat estaturentzat, migrazio irregularraren igoera litzateke delako «arrisku» hori. Europa iparraldeko eta Balkanetako herrialdeek argudiatzen dute milaka migratzaile iristen direla Mediterraneotik hara, Schengen eremuko kontrolik eza baliatuta. Frontex Mugak eta Kostaldea Zaintzeko Europako Agentziak emandako azken datuen arabera, gutxienez 355.300 pertsona iritsi dira Europara urtarriletik azarora artean; hala, 2016tik izandako igoerarik handiena da aurtengoa.

Edonola ere, migrazioa ez da mugak ixtea eragin duen aldagai bakarra. Kroaziako lehen ministro Andrej Plenkovicen arabera —Kroazia izan da Schengen eremuan integratu den azken herrialdea, iragan urtarrilaren 1ean—, orain EBk aurre egin behar die azken 30 urteetako «krisirik larrienei», hots, Ukrainako gerrari, Israelen eta milizia palestinarren arteko gatazkari, eta migrazio irregularraren gorakadari. 

Kasurako, urriaren 7an milizia palestinarrek egindako erasoaren ondoren, Esloveniarekin duen muga ixtea erabaki zuen Italiak, argudiatuta horrek nabarmen areagotu zitzakeela EB barruko «indarkeria mehatxuak», eta Europara irits zitezkeen «migratzaile terroristen» kopurua. Esloveniak argudio berak erabili zituen Hungariarekin eta Kroaziarekin dituen mugak ixteko.

Bakoitza berean

Kanpo migrazioaren aferak bi aldiz agerian utzi du horixe dela Schengengo Ituna hautsi edo kolokan jarri dezakeen arrazoi nagusia: hori, eta EBko estatu kideak eta hitzarmenaren sinatzaileak oraindik ere gai ez izatea ados jartzeko migrazioaren auzian. Oraingoz, hamabi estatu horietatik bederatzik adierazi dute mugak itxita edukitzeko asmoa: Txekiar Errepublikak, Poloniak eta Eslovakiak datorren urtarrilera arte; eta Alemaniak, Austriak, Danimarkak, Frantziak, Norvegiak eta Suediak datorren urteko apirilera edo maiatzera arte.

Alemaniako Barne Ministerioak jakinarazi duenez, 9.200 «sarrera irregular» atzeman dituzte urriaren 16an Poloniarekin, Txekiar Errepublikarekin eta Suitzarekin dituzten mugetan kontrolak berrezarri zituztenetik. «Neurriak emaitza onak dituen seinale» da hori, Barne ministro Nancy Faeserren esanetan. Mugak ixteak, ordea, urratu egiten du hitzarmenaren oinarria bera, hau da, Schengen eremuko estatuetako 400 milioi herritarren mugimendu askatasuna bermatzea; eta kolokan jartzen ditu, beste behin, Schengen eremuan sartzeko Bulgariaren eta Errumaniaren aukerak.

Bi estatu horiek hamabost urte daramatzate hitzarmenaren parte izateko zain. Europako Batzordea gero eta presio handiagoa egiten ari da Schengengo estatuek taldean onartu ditzaten, iritzita betetzen dituztela horretarako baldintza guztiak. Itunaren sinatzaileek, dena den, ez dute hain argi. Herbehereak eta Austria sarrera blokeatzen ari zaizkie Bulgariari eta Errumaniari, migrazioaren aferagatik. Izan ere, milaka migratzailek egiten duten Balkanetako ibilbidearen parte dira ekialdeko bi herrialde horiek.

Luxenburgoko Schengen herrian sinatu zuten Frantziak, Alemaniako Errepublika Federalak, Belgikak, Herbehereek eta Luxenburgok barne mugak kentzeko akordioa, 1985eko ekainaren 14an. Halere, tresna handik hamar urtera sartu zen indarrean, 1995eko martxoaren 26an; epe horretan, proiektuarekin bat egin zuten Espainiak eta Portugalek, eta, geroago, Italiak eta Austriak. Kroazia izan zen itunean sartzen azkena, joan den urtarrilaren 1ean. Hala, denera 27 herrialde daude Schengen eremuan; horien artean, Norvegia, Suitza, Liechtenstein eta Islandia, nahiz eta ez diren EBko estatu kide.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.