Errefuxiatuak

Saudi Arabiako mugazainek ehunka migratzaile hil dituztela salatu du HRWek

Yemengo mugan 2022ko maiatzetik 2023ko ekainera izandako hainbat kasu ikertu ditu GKEak. Errefuxiatu gehienak etiopiarrak dira.

Gizon bat Yemengo kanpleku batean. YAHY ARHAB / EFE
Urko Iridoy Alzelai
2023ko abuztuaren 21a
15:50
Entzun

Saudi Arabiako mugako agenteek ehunka lagun hil zituzten 2022ko maiatzetik aurtengo ekainera, gehienak etiopiarrak. Hala salatu du HRW Human Rigths Watch GKE gobernuz kanpoko erakundeak, gaur kaleratutako txosten batean. Zarra-zarra tirokatu gintuzten izena du txostenak, eta 73 orrialde ditu. Yemengo mugatik iritsitako errefuxiatuen kasuak aztertzen ditu HRWen txostenak.

Yemendik Saudira Arabiara iristen diren iheslari gehienak Etiopiatik iristen dira. Afrika ekialdeko herrialde horrek pairatzen dituen arazoengatik ihes egiten dute pertsona horiek; adibidez, Tigrayko gerratik, txostenean diotenez. Etiopiatik Djibutira ihes egiten dute, eta, handik, Yemengo mafiek bideratuta, Adengo golkoa zeharkatzen dute. Yemen iparraldera joaten dira, Saudi Arabiako mugatik gertu, GKEak esan duenez. Yemen ipar-mendebaldean bi kanpaleku handi daude: Al-Thabit eta Al-Raqw. Yemengo gerra zibilaren ondorioz matxino huthiek bereganatutako lurraldeak dira horiek.

HRWek dio errefuxiatuak hurbil-hurbiletik tirokatuak izan ohi direla. Batzuetan, hil baino lehen, tratu txarrak ematen dizkiete agente saudiarabiarrek. Bortxaketak, presio psikologikoak, torturak edota gorputzaren zatiketak identifikatu ditu HRWek kasu batzuetan. Horrez gain, lehergailuen erabilera ohikoa da mugan. GKEak elkarrizketatutako iheslariek diote morteroak erabiliz talde handiei lehergailuak jaurti zizkietela agenteek. Yemenera itzultzeko bidean morteroekin tirokatutakoen kasuak ere jakin dira.

Erasoetatik onik atera ziren hainbat gazte beste iheslari batzuk bahitu eta bortxatzera behartuak izan ziren, txostenaren arabera. Beste kasu batzuetan agenteek errefuxiatuei agindu zieten aukeratzeko beren gorputz adar bat, eta gero bertan tiro egiteko. Elkarrizketatuek ikara handiz deskribatzen dute egoera. Hilotzez beteriko lurrak dira, saudiarabiarrek ez baitituzte gorputzak jasotzen. Iheslari askori eraso zieten beren lagunen edo familiakoen gorpuen bila joandakoan. «Ez genuen espero lehergailuak erabiltzea. Egoera oso larria da, guk uste baino okerragoa», esan du Txosteneko ikertzaile nagusi Nadia Hardmanek.

42 lagun elkarrizketatu ditu HRWek txostena osatzeko: 32 gizon, hamar emakume eta hiru ume. 50 km ditu aztertutako mugak, Al-Raqw kanpalekuaren eta Al-Gar herriaren artean. Elkarrizketatuek emandako testigantzaz gain, sare sozialetan edota satelite bidez lortutako argazkiak eta bideoak erabili dira gertaera salatzeko. 350 bideo eta argazki baino gehiago erabili dira. Multimedia eduki horiek 42 forentsek eta adituk aztertu dituzte, errefuxiatuen hilketen arrazoiak ikertzeko.

‘Sportwashing’

Saudi Arabia bere irudia garbitzeko kanpaina handi bat osatzen ari dela adierazi du HRWek. Kirolean inbertsio asko egin ditu azken urteetan; hala nola Espainiako Superkopa hara eramatea edota bertako futbol ligako taldeen fitxaketa berriak. Futbolaz gain, golfa izan da Saudi Arabiako Gobernuak herrialdera eramandako kirol nagusia. HRWk esan du giza eskubideen aurkako salaketak ezkutatzeko egin duela hori Saudi Arabiak. sportwashing esaten zaio praktika horri, hau da, giza eskubideak urratzeaz leporatuta dauden herrialdeek kirol ekitaldi masiboak antolatzea berenirudia garbitzeko. Adituek diotenez Qatarren egindako futboleko munduko kopa ere sportwashing horren adibide garbia da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.