Saudi Arabiako mugazainek ehunka migratzaile hil dituztela salatu du HRWek

Yemengo mugan 2022ko maiatzetik 2023ko ekainera izandako hainbat kasu ikertu ditu GKEak. Errefuxiatu gehienak etiopiarrak dira

Gizon desplazatu bat Yemengo kanpaleku batean. YAHYA ARHAB / EFE.
Urko Iridoy Alzelai
2023ko abuztuaren 22a
00:00
Entzun
Ehunka lagun hil zituzten Saudi Arabiako mugako agenteek 2022ko maiatzetik ekainera, gehienak etiopiarrak. Hala salatu du HRW Human Rigths Watch GKE gobernuz kanpoko erakundeak, atzo kaleratutako txosten batean. Euria bezala tirokatu gintuzten izena du txostenak, eta 73 orrialde ditu. Yemengo mugatik iritsitako errefuxiatuen kasuak aztertzen ditu HRWen txostenak.

Yemendik Saudira Arabiara iristen diren errefuxiatu gehienak Etiopiatik iristen dira. Afrika ekialdeko herrialde horrek pairatzen dituen arazoengatik ihesika doazenak dira; Tigrayko gerratikadibidez, txostenak dioenez. Etiopiatik Djibutira ihes egiten dute, eta handik, Yemengo mafiek bideratuta, Adengo golkoa zeharkatzen dute. Yemen iparraldera joaten dira, Saudi Arabiako mugatik gertu, GKEak esan duenez. Yemen ipar-mendebaldean bi kanpaleku handi daude: Al-Thabit eta Al-Raqw.

HRWek dio errefuxiatuak hurbil-hurbiletik tirokatuak izan ohi direla. Txostenean ere jaso dutenez, zenbait kasutan gertatu izan dira bortxaketak, presio psikologikoak, torturak eta gorputz atal batzuk zatikatzea. Horrez gain, lehergailuen erabilera ohikoa da mugan. GKEak elkarrizketatutako errefuxiatuek diote agenteek talde handiei lehergailuak jaurti zizkietela morteroak erabiliz. Yemenera atzera-buelta bidean morteroekin tirokatuak ere izan dira zenbaitetan.

Erasoetatik onik atera ziren hainbat gazte beste errefuxiatu batzuek bahitu eta bortxatzera behartuak izan ziren, txostenaren arabera. Beste kasu batzuetan, agenteek errefuxiatuei agindu zieten haien gorputz adar bat aukeratzeko ondoren hari tiro egiteko. Hilotzez beteriko lurrak dira, saudiarabiarrek ez baitituzte gorputzak jasotzen. Errefuxiatu askori eraso zieten beren lagun edo familiakoen gorpuen bila joandakoan. «Ez genuen espero lehergailuak erabiltzea. Egoera oso larria da, guk uste baino okerragoa», esan du txosteneko ikertzaile nagusi Nadia Hardmanek.

Kirol zuriketa

HRWek adierazi du Saudi Arabia bere irudia garbitzeko kanpaina handi bat osatzen ari dela. Kirolean inbertsio asko egin ditu azken urteetan, hala nola Espainiako Superkopa hara eraman zuen. HRWek esan du giza eskubideen aurkako salaketak ezkutatzeko egin duela hori Saudi Arabiak. 'Kirol zuriketa' esaten zaio praktika horri, hau da, giza eskubideak urratzeaz leporatuta dauden herrialdeek kirol ekitaldi masiboak antolatzea beren irudia garbitzeko. Adituek diotenez, Qatargo futboleko munduko kopa horren adibide garbia izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.