Saudi Arabiako ekonomia foroa abiatu da, nazioartearen boikota tarteko

Kristina Berasain Tristan.
2018ko urriaren 24a
00:00
Entzun
FII Etorkizuneko Inbertsio Ekimena atzo abiatu zen Riaden. Desertuko Davos esaten zaion egitasmoak nazioarteko enpresa eta banku handienen ordezkariak eta politika munduko agintari gorenak elkartu ohi ditu, baina, aurten, arabiar ordezkarietatik haratago, apenas izan duen nazioartearen babesik. Jamal Khaxoggiren hilketak eragin du boikota. Ugari dira azken egunotan bihar arte iraungo duen forora joateari uko egin diotenak. Tartean daude Munduko Bankuko presidentea, Jim Yong Kim, Nazioarteko Diru Funtseko zuzendaria, Christine Lagarde, Ameriketako Estatu Batuetako Altxor idazkaria, Steven Mnuchin, eta Frantziako, Herbeheretako eta Erresuma Batuko Ekonomia ministroak. Bigarren urtez egingo den ekitaldi horretan, hala ere, 50.000 milioi dolarren akordioak eta proiektuak adostea aurreikusten da. Nazioarteko hainbat multinazionalek eta aholkularitza enpresak ere uko egin diote foroan parte hartzeari.

Khaxoggi gogoan

Mohammed bin Salman irekiera ekitaldian izan zen; hitz egin ez bazuen ere, lehen lerroan eseri zen. Printze erregegaiak zuzentzen duen Saudi Arabiako Inbertsio Publikoen Funtsak antolatzen du foroa. Yasir al-Rumayyan zuzendari exekutiboak egin zuen atzo ongietorria, kazetariaren hilketari aipamenik egin gabe. Lubna Olayan FIIko Aholku Kontseilu kideak, berriz, haren heriotza «izugarria» izan zuen gogoan, betiere herrialdearen irudi ona goraipatzeko: «Gobernuaren babesarekin egia azaleratuko da». Saudi Arabiako enpresariaren hitzetan, herrialdea, «krisiari aurre egin, eta irmoagoa izango da, etorkizun distiratsu batekin».

Foroaren web ataria, bestalde, zerbitzurik gabe geratu zen atzo hainbat orduz. Okaz egunkariaren arabera, zibereraso bat jasan zuen webgunean. Sarean, hala ere, erruz zabaldu ziren printzea kazetariari lepoa mozten irudikatzen zuten marrazkiak. Estatu Islamikoaren ikurra ikus zitekeen printzearen atzealdean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.