Bezperan EB Europako Batasuneko hiru familia politiko handien agintariek adostu zutenari jarraikiz, Europako Parlamentuak sozialdemokrata bat izendatu zuen ganberako presidente, atzo. David-Maria Sassoli da hori, Italiako PD Alderdi Demokratako kidea, kazetaria lanbidez, eta azken legegintzaldian europarlamentuko presidenteordeetako bat izan dena. «Guraso sortzaileen espiritura itzuli behar dugu, zeinek gerraren ezinikusiak alde batera utzi baitzituzten bakearen, demokraziaren, zuzenbide estatuaren eta garapen ekonomikoaren proiektu bat eraikitzeko», esan zuen parlamentuan eman zuen hitzaldian.
Gerraren ezinikusiak ez, baina ezinikusi politikoak handiak dira EBn, ordea. Horren adibide, hiru talde handien aliantzak eman duen emaitza. Kontserbadoreek, sozialdemokratek eta liberalek 750 diputatuetatik 444 dituzte elkarrekin, baina 345ek egin zuten Sassoliren alde. Izan ere, guztiek ez zuten gustuko izan talde horietako agintariek herenegun erabaki zuten kargu banaketa. Horren galtzaile nagusietako bat izan zen Manfred Weber alemaniar kontserbadorea, Europako Batzordeko presidentegaia baitzen, eta orain ganberako presidentetza Sassolirekin partekatzearekin konformatu beharko baitu—2022ra arte italiarra izanen da presidente, eta hortik legegintzaldi bukaerara arte, alemaniarra—.
Atzoko bozketan, bigarren gelditu zen Jan Zahrdali ACRE Europako Erreformisten eta Kontserbadoreen hautagaia, 160 botorekin, eta hirugarren, berriz, Ska Keller Berdeak-Europako Aliantza Askekoa (119 boto). Hitza hartu zuenean, Kellerrek Oriol Junqueras taldekide katalanaren egoera oroitarazi zion Sassoliri, ezin izan baitu europarlamentari kargua hartu Espainiako Auzitegi Gorenak ez diolako utzi behin-behineko espetxealditik ateratzen tramiteak bete ahal izateko. Haren eskubideak «berrezartzeko» laguntza eskatu zion.
Bi aste kargu gorenarentzat
Europako Parlamentuak datozen bi asteotan egin beharko du bertze bi hautagaitzaren inguruko bozketa: Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidentegaiarena, eta Josep Borrell EBko diplomaziaburugaiarena.
Sassoli italiar sozialdemokrata, europarlamentuko presidente
Talde kontserbadoreak, sozialdemokratak eta liberalak babestu dute hautagaitza. Weber eskuindarrak hartuko du postua 2022an
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu