Ingurumena. Pilar Marcos. Greenpeaceko kidea

«Sarraskiak egitea legezkoa da oraindik, baina ez etikoa»

Marcosen arabera, babestutako eremuak sortzea du helburu nazioarteko akordioak, giza jarduerak mugatzeko. Itsas ekosistemarentzat «arnasguneak» izango liratekeela esan du biologoak, kutsadurak eta industriak eragindako kalteak konpondu ahal izateko.

GREENPEACE.
Lide Iraola.
2022ko abuztuaren 23a
00:00
Entzun

Pilar Marcos (1976, Madril) itsas biologoa da ikasketaz, eta ozeanoen aldeko kanpainaren ordezkaria da Greenpeace gobernuz kanpoko erakundean. New Yorken dago bi aste hauetan, Nazio Batuen Erakundean, Itsas Zabaleko Ozeanoen Nazioarteko Akordioa eztabaidatzen ari diren bitartean. Behatzaile moduan daude hura eta beste erakunde ekologista ugaritako ordezkariak. Kanpotik babesten dituzte kideek, protestak eginez negoziazioak azkartu ditzatela eskatzeko.

Zergatik da beharrezkoa ozeanoak babestea?

Egoera txarra delako, klima aldaketak eta kutsadurak eraginda eta baliabideak gehiegi ustiatu ditugulako. Ozeanoen punturik sakonenean ere Marianetako itsas hobian (Ozeano Barea) plastiko arrastoak aurkitu dira; ez dago eremurik plastikoz kutsatuta ez dagoena. Animalia espezie asko desagertzear daude, poloak uste baino azkarrago urtzen ari dira, eta uda honetan muturreko tenperaturak izan ditugu. Faktore askok adierazten dute egoera ez dela ona.

Bestalde, ozeanoak osasuntsu behar ditugu, planeta osoak haren arabera funtzionatzen duelako. Ozeanoa gara, gure etxeetatik oso urrun ikusten ditugun arren. Modu berean, haiek suntsituz gero, bueltan datorkigu kaltea. Bioaniztasunari kalte egiten ari gara, eta horren onurak galtzen. Esaterako, planktonak arduratzen dira karbono dioxidoa xurgatzeaz; beraz, horien lanik gabe, gasek berotegi efektu handiagoa eragingo dute.

Hortaz gain, helburu komertzialeko itsas espezieen %30 jadanik ez dira bideragarriak, gehiegi ustiatu direlako. Badira herrialdeak arrainaren proteinez bizi direnak, Afrika mendebaldean adibidez. Beraz, elikadura ere arriskuan dago.

Zer helburu ditu akordioak?

Eztabaidatzen ari den zirriborroak hainbat artikulu jorratzen ditu; horietako bat da babestutako itsas eremuak sortzea. Eremu bat babesteak esan nahi du ozeanoari kalte egiten dioten giza jarduerak, gutxienez, mugatzea. Horrek arnasguneak sortuko lituzke ozeanoetan, bertako bioaniztasunari eta baldintza ozeanografikoei denbora eta espazioa ematen zaielako bere onera etortzeko.

Bestetik, ozeanoa ustiatzeko baliabideak herrialdeen artean banatzea lortu nahi dute batzuek. Izan ere, itsas zabalean arrantza edo meatzaritza egiteak kostu handiak ditu, eta teknologia berezia behar da, herrialde gutxi batzuek dutena. Onurak gutxi horien esku daude, hortaz, eta ez da justua. Esate baterako, ozeanoetan dauden baliabide genetikoek botikak egiteko balio dezakete, ikerketen arabera.

Zer moduz doaz negoziazioak?

Oso motel. 193 herrialde dira, eta interes ezberdinak dituzte. Bi hamarkada baino gehiago daramate hitzarmen baten beharraz eztabaidatzen, eta ustez itxita zeuden kontuak zalantzan jartzen ari dira berriz ere. Eztabaida amaigabeetan hasteak asko geldotzen du prozesua.

Horregatik, uste dugu ordezkaritza politikoa handitu behar dela negoziazio saioetan. Parte hartzen ari dira Nazio Batuen Erakundeko enbaxadoreak, legelariak eta funtzionarioak. Baina erabakiak irmoki hartuko dituzten agintariak behar dira, eta ordezkari politikoek gaitasun handiagoa dute horretarako. Guk Espainiako Arrantza eta Ingurumen sailburuei eskatu diegu bigarren aste honetan New Yorkera etortzeko.

Ozeanoetako nazioarteko akordioak ezin du itxaron. Zientzialariek nabarmendu dute ozeanoak salbatzeko beharrezkoa dela 2030. urterako ozeanoen %30 babestuta egotea. Gaur-gaurkoz, %1 dago babestuta. Bi aste hauek dira helburu hau lortzeko azken aukera. Zorionez, bigarren aste honen hasieran, posible ikusten da hitzarmen bat lortzea. Lan saioak luzatu egin dira, eta estatu batzuek urrats bat egin dute aurrera adostasuna lortzeko.

Zeintzuk dira oztopo nagusiak?

Interes handia dago nazioarteko uretan egiten den negozioarekin jarraitzeko: arrantzarekin, esaterako. Enpresa gutxi batzuk dira ozeanoan arrantzatzeko baliabide nahiko dituztenak, eta, aldi berean, horiek dute gobernuekin hitz egiteko aukera handiena. Finean, enpresa handi horiek egiten dituzte politikak askotan.

Guk hori Bruselan ikusi dugu, lobbyek indar handia baitute parlamentu horretan. Edo Espainian: marrazo haragiaren salerosle nagusia da mundu osoan, eta bost enpresaren eskuetan dago negozioa. Madrilen Arrantza Sailburu izandako bat orain enpresa horietako baten jabe da. Arrantzan jarduten duten herrialde nagusiak Espainia, Taiwan, Japonia, Hego Korea eta Txina dira.

Beste herrialde batzuen jarrera, hala ere, aldekoa da. Europako Batasuneko 50 bat herrialdek esan zuten «anbizio handiko» akordio bat defendatuko zutela, eta aurreko negoziazio saioetan oztopo ziren herrialde batzuk jarreraz aldatu dutela dirudi; hala nola Hego Koreak eta Latinoamerikako estatu batzuek.

Oraindik zehazteko dago zenbat herrialde beharko diren akordioa berresteko. Erakunde ekologistok eskatzen dugu 30 herrialderekin nahikoa izan dadila, prozesua ez luzatzeko. Baina badira gehiago eskatzen dutenak: 60 eta 90 artean batzuek.

Zein da orain egoera juridikoa nazioarteko uretan?

Estatu bakoitzak bere urak kudeatzen ditu, 200 miliako distantziaraino. Hortik aurrera, nazioarteko urak dira; denonak, baina, aldi berean, inork arautzen ez dituenak. Sektoreko erakundeen esku geratzen da askotan: itsas zabaleko arrantza, kasurako. Baina horiek espezie guztien %5ez soilik arduratzen dira. Esate baterako, Ipar Atlantikoan badaude hegaluzea eta ezpata arrainaren arrantza erregulatzen duten erakundeak, baina ez marrazoena, eta, hala, azken 50 urteetan marrazoen %70 galdu da.

Babestutako eremuetan espezie guztiak hartuko lirateke kontuan, ez soilik interes komertzialekoak. Giza jarduerak mugatu egingo lituzkete, eta, beharrezkoa denean, guztiz debekatu ere bai. Horregatik, beharrezkoa da ozeanoak arautuko dituen nazioarteko hitzarmen bat izatea. Sarraskiak egitea legezkoa da oraindik, baina inondik inora ere ez da etikoa, planetaren etorkizuna baitago jokoan.

Posible da industria jasangarri bat itsas zabalean?

Gaur egun lurrean egiten den industriaren gisan, ezinezkoa da eredu suntsitzaile hori jasangarria izatea. Neurriak hartuz gero, posible da eraginak leuntzea, baina zaila da batere kalterik ez egitea. Zientziak dioenari erreparatu behar zaio interes ekonomikoei baino lehenago, baina zientziak ez du lekurik eredu honetan.

Bizi ohiturak aldatu behar dira?

Bai, baina erantzunek goitik iritsi behar dute. Gobernuek ahalegin guztiak egin behar dituzte klima larrialdia gelditzeko, batetik erregai fosilen erabilera amaituz eta bestetik ozeanoetarako nazioarteko akordio bat lortuz. Hori da bide bakarra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.