Sarkozyren itzala luzea da eskuinarentzat

Frantziako presidente ohiaren figura askoren ahotan dago haren familia politikoaren berregituratzeaz aritzean. Haatik, datozen hilabeteetan alor judizialean izango du jarria arreta, bi epaiketari egin behar baitie aurre.

Sarkozy, iragan hilabetean, Jean Luxenburgoko Duke Handiaren hiletan. J. W. / EFE.
ander perez zala
2019ko uztailaren 14a
00:00
Entzun
Itzuli egin da, baina, aldi berean, ez da guztiz itzuli. Edo pixka bat itzuli da. Nicolas Sarkozyk tentu handiz kalkulatu du datozen hilabeteetan Frantziako politikan izan nahi duen estatusa eta eragina, eta merezi ote dion itzultzeak. Testuinguru politikoa aldeko du, eta, era berean, testuinguru judiziala kontra du: Frantziako eskuinak bere burua berregituratu behar du, 2017ko presidentetzarako bozetan bigarren itzuliaren atarian geratu baitzen, eta maiatzaren 26ko Europako hauteskundeetan botoen %8,48 besterik ez baitzuen lortu. Berregituraketaz arduratzeko, nor hobeagorik Sarkozy baino, eskuinaren azken garaipen garrantzitsuena lortu zuena baino, galdetu dio batek baino gehiagok bere buruari. Arazoa, edo oztopoa, zera da: Frantziako presidente ohiak (2007-2012) bi epaiketari egin beharko diela aurre. Bata, 2012ko bozetako kanpainaren ustezko finantzaketa irregularragatik; eta bestea, ustezko ustelkeriagatik.

«Gure mugimenduan, aginte moral bat dago zilegitasun ororen gainean. Nicolas Sarkozy da», ziurtatu zuen, duela hilabete, Christian Estrosi Nizako alkate eta Sarkozyren eta Jacques Chiracen gobernuetan ministro izandakoak. «Frantziaren eta nire artekoa ez da inoiz amaituko», esan zion duela bi aste Sarkozyk Le Point astekariari, haren bizitza politikoari buruzko bildumaren Passions lehen liburukia aurkeztu berritan.

Hein batean bada ere, Frantziako presidente ohiarentzat obra hori kaleratzea izan da politikaren ikuspuntutik bere buruaz aritzeko modu bat, arreta gustuko duen eremu batera eramateko estrategia bat; bai baitaki datozen hilabeteetan arlo judizialak beteko duela bere egunerokoa, eta horrek eragin handia izango duela bere familia politikoan. Baita bere etorkizun politikoan ere.

Baina Frantziako presidente ohiak ez du guztiz argitu politikara itzultzeko asmoa ote duen. Ezetz esan du hainbatetan, baina beste hainbatetan iradoki du luze gabe itzuliko dela. 2016ko oroitzapen gazia hor du: Errepublikanoak (LR) alderdiak primarioak egin zituen 2017ko presidentetzarako bozetako hautagaia hautatzeko, eta Sarkozy ez zen bigarren itzulirako ere sailkatu. Ikusteko dago, beraz, haren aurkako epaiketek zer-nolako eragina izango duten haren familia politikoan; horien araberakoa izango baita haren itzulera.

'Bygmalion afera' ezaguna

Sarkozyk Bygmalion afera entzutetsuari egin beharko dio aurre lehenik: 2012ko presidentetzarako hauteskundeetako kanpainan finantzaketa irregularra izatea leporatu diote. Hortaz, epaiketan argituko dute Herritarren Mugimenduaren Aldeko Batasunak (UMP) eta Bygmalion komunikazio enpresak faktura faltsuak sortu ote zituzten, 20,5 milioi euroko gainkostua ezkutatzeko; izan ere, alderdiek gehienez 22,5 milioi euro gasta ditzakete kanpainan.

Bigarren epaiketa iragan hilabetean baieztatu zuen Kasazio Auzitegiak, Frantziako presidente ohiaren helegite bati uko eginda; hitzordu horrek ere zeresan handia emango du, Sarkozy bilakatuko baita ustelkeriagatik epaituko duten V. Errepublikako lehen presidentea —influentzia trafikoa ere egotzi diote—. Akusazioaren arabera, Frantziako presidente ohiak zin egin zion Kasazio Auzitegiko epaile bati ahal zuena egingo zuela Monakoko postu garrantzitsu bat lortu zezan, trukean hari buruz sekretupean zegoen informazio bat helarazten bazion.

Gaur-gaurkoz, bi kasu horiek dira Sarkozyren aurkako garrantzitsuenak, baina ez bakarrak: beste zortzi auzitan ustez parte hartu du, edo zerikusia izan du, modu batean edo bestean.

LRk urriaren 12an hautatuko du hurrengo presidentea, Laurent Wauquiezen dimisioaren ostean —urte eta erdi iraun du karguan—. Sarkozyk kritikatu izan du Wauquiezen estrategia, alderdia eskuinerago eramatearena: bozen emaitzek agerian utzi dute ez zela eraginkorra izan. Bada, Frantziako presidente ohiak erabaki beharko du primario horietan zenbateraino parte hartuko duen;erabakia edozein dela ere, harena itzal luzea izango da eskuinarentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.