Sarkozyren aurkako hiru urteko zigorra berretsi du Frantziako Kasazio Auzitegiak

Presidente izandakoaren aurkako ebazpena behin betikoa da; ustelkeriagatik eta influentzia trafikoagatik zigortu dute.

Nikolas Sarkozy Frantziako presidente ohia, artxiboko irudi batean, ekainean. LUDOVIC MARIN / EFE
Nikolas Sarkozy Frantziako presidente ohia, artxiboko irudi batean, ekainean. LUDOVIC MARIN / EFE
Mikel Garcia Martikorena.
2024ko abenduaren 18a
15:29
Entzun

Nikolas Sarkozy 2007tik 2012ra bitarte Frantziako presidente izandakoaren aurkako ebazpena berretsi du gaur herrialde horretako Kasazio Auzitegiak —beste herrialdeetako auzitegi gorenen funtzio berak ditu—: hiru urteko kartzela zigorra. 2021ean, ustelkeriagatik eta influentzia trafikoagatik zigortu zuten Sarkozy, Bismouth auzia izeneko kasuan, eta, azken urteetan helegiteak aurkeztu dituen arren ebazpen horren aurka, Frantziako justizia sisteman gora egin ahala auzitegi orok erruduntzat jo du. Helegite gehiagorik aurkeztu ahal ez izateak, halere, ez du esan nahi Sarkozy espetxeratuko dutenik. Izan ere, agindutako hiru urteetatik bi ez ditu bete beharko, eta hirugarrena etxean bete ahalko du, non dagoen zehaztuko duen eskumutur elektroniko baten bidez.

Presidente ohia zigortzeko arrazoietako bat zera da, 2014an Frantziako Kasazio Auzitegiko epaile Gilbert Aziberti zin egin izana ahal zuena egingo zuela Monakoko postu garrantzitsu bat lor zezan; horren truke, Sarkozyk berari buruzko informazio sekretu bat helarazteko eskatu zion. Ikertzen ari ziren Libiako agintari izandako Muammar Gaddafik (1969-2011) Sarkozyren presidentetzarako kanpaina diruz lagundu ote zuen 2007ko hauteskundeetan.

Presidente ohiaren abokatu Me Spinosik AFP Agence France Press Frantziako berri agentziari adierazi dionez, «argi dago» Sarkozyk ezarritako zigorra beteko duela. Zigorra etenda egon da orain arte, helegiteak zirela eta, baina behin Kasazio Auzitegiak berretsita, indarrean jarriko dute. Halere, Spinosik jakinarazi du helegite bat aurkeztuko dutela Giza Eskubideen Europako Auzitegian. Abokatuaren iritziz, Frantziako epaileek «eskubideak ukatu» dizkiote Sarkozyri.

Bismouth auzia itxita ere, presidente ohiak badu beste epaiketarik zabalik. Izan ere, urtarrilaren 6an hasiko da Gaddafik Sarkozyren 2007ko kanpainan izandako rolaren inguruko epaiketa, Parisko auzitegi batean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.