Mundua

Sarkozyk eta Merkelek Grezian parte hartze pribatua egotea adostu dute

Berlinen bildu dira gaur Greziaz hitz egiteko. Bitartean, Papandreuk Defentsa ministroa izendatu du Finantza ministro

2011ko ekainaren 17a
15:20
Entzun

Nicolas Sarkozy Frantziako presidentea eta Angela Merkel Alemaniako kantzilerra Berlinen bildu dira gaur, beste batzuen artean, Greziako finantza krisia aztertzeko. Datorren astean goi bilera egingo du Europako Batasunak Bruselan eta gai horri helduko diote. Grezia laguntzeko ados jarri dira, eta parte hartze pribatuari bidea emango diotela gaineratu dute. Horrenbestez, "interesaturik" dauden hartzekodun pribatuek Greziari dirua laga diezaiokete, etorkizunean mailegua kobratzeko.

Europako Batasuna, Europako Batzordea eta Europako Banku Zentrala hartzekodun pribatuak onartzearen kontra agertu dira orain arte. Baina, halere, urrats hori egitea erabaki dute Frantziak eta Alemaniak. Sarkozyk eta Merkelek ez zuten zehaztu zein formula jarraituko duten hartzekodun pribatuek. Plan berria hasteko datarik ez zuten zehaztu, baina Merkel adierazi zuen ez dela "irailera arte atzeratuko".

Venizelos, Finantza ministro

Giorgios Papandreu Greziako lehen ministroak Evangelos Venizelos Defentsa ministro eta PASOK alderdiko bigarrena izendatu du gaur Finantza ministro. Giorgios Papaconstantinu orain arteko ministroa ordezkatuko du, orain arte kanpotik laguntza jasotzen jarraitu ahal izateko neurri ekonomiko gogorrak hartu zituena. Neurri horiek erantzun sendoa jaso dute greziarren aldetik, eta asteazkenean aurtengo hirugarren greba eguna egin zuten.

54 urte ditu Venizelosek, eta PASOK alderdiko arduradun nagusienetako bat da.  Orain Finantza ministro izateaz gain, lehen ministrorde ere izango da. Papaconstantinuk Ingurumen eta Energia minitro kargua izango du. Atzerri ministro Stavros Lambrinidi izendatu du Papandreuk, PASOK alderdi sozialistaren Europako Parlamentuko burua.

Papandreuk batasuna eta babesa eskatu zien atzo bere alderdiko kideei. "Herrialdeak une erabakigarria bizi du, eta une honetan garrantzitsuena egonkortasuna da", esan zuen.Greziako legebiltzarreko PASOKeko bi diputatuk dimisioa eman zuten atzo Greziako Gobernuak onartu nahi duen plan murriztatzailearekin ados ez daudelako; aurretik beste batek ere dimisioa eman zuen. 

Greziako Legebiltzarrak 300 eserleku ditu, eta Papandreuk 151 parlamentariren babesa behar du Europako Batasunetik eta Nazioarteko Diru Funtsetik likideza bermatuko duen laguntzak jasotzen jarraitu ahal izateko. Demokrazia Berria oposizioko alderdiak hauteskundeak aurreratzea eskatu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.