Sarkozy, lehiatik kanpo

Fillon eta Juppe izango dira igandean Errepublikanoak alderdiko primarioen bigarren itzulian. Gastu publikoa 100.000 milioi euro urritu nahi dute biek

François Fillon —ezkerrean— eta Alain Juppe —eskuinean— azaroaren 3an egindako eztabaidan. ERIC FEFERBERG / EFE.
ander perez zala
2016ko azaroaren 22a
00:00
Entzun
Bi ezusteko izan ziren LR Errepublikanoak alderdiko primarioen lehen itzulian. Batetik, Nicolas Sarkozyren porrota, eta, bestetik, François Fillonen garaipena. Datorren igandean izango da bigarren itzulia, eta Fillon eta Alain Juppe jada hasi dira azken lehia prestatzen. Bi hautagaiek murrizketetan oinarritutako proposamenak egin dituzte, eta hainbat alorretan aldea kopuruan ikus daiteke soilik.

Herenegun egin zuen alderdiak primarioen lehen itzulia. Botoen %44,1 lortu zituen Fillonek, eta haren aurka lehiatuko da Juppe—botoen %28,5 eskuratu zituen—. Igandeko galtzaile nagusia Frantziako presidente izandako Nicolas Sarkozy izan zen; bigarrenez, agur esan dio politikari. Hirurak ziren faborito igandeko bozketan izateko. Sarkozyk, ordea, ezingo du bigarrenez Eliseorako bidea hartu; hiru faboritoen artean, programarik eskuindarrenarekin aurkeztu zen, batik bat FN Fronte Nazionalaren indarrak eraginda. Primarioen bigarren itzulian Fillonen alde egingo duela iragarri du. Lehen aldia da eskuinak primarioak antolatu dituela presidentegaia hautatzeko.

Geratzen diren bi hautagaien proposamenak alderatuz, Fillonen neurri kontserbadoreek hartu dute abantaila; Juppek diskurtso moderatuagoa du. Barrura begira, Fillonek gastu publikoa 100.000 milioi eurotan murriztu nahi du; Juppek ez du zifra zehatzik eman, baina 85.000 eta 100.000 milioi euroren murrizketa egitearen aldekoa da. Horretarako, hainbat neurri proposatu dituzte. Esaterako, Juppek 200.000 eta 300.000 funtzionario kaleratu nahi ditu, eta Fillonek 500.000; bost milioi funtzionario daude egun Frantzian. Jupperen kalkuluen arabera, 6.000 eta 12.000 mila milioi euro aurreztuko lituzke gobernuak; Fillonen arabera, 15.000 milioi euro.

Langile publikoen lanorduak luzatzearen aldekoak dira biak. Egun, 35 ordu egiten dituzte lan astean, eta Fillonek 39ra igo nahi du; Juppe ere lanorduak igotzearen aldekoa da, baina ez du kopuru zehatzik eman. Sektore pribatuko lanorduei begira, 35 ordutik 39ra igo nahi ditu Juppek, eta Fillonek enpresaren eskura utzi nahi du erabakia. BEZa handitzearen aldekoak dira biak: Juppek %21era igo nahi du, eta Fillonek %22ra —%20koa da egun—.

Osasunean ere murrizketak egitearen aldekoak dira biak. Zehazki, Fillonek hogei mila milioi euroren murrizketa proposatu du, eta Juppek 10.000 eta 13.000 milioi euro artekoa. Bestalde, Fillonek diputatuen eta senatarien kopurua murriztea proposatu du, eta 2014ko sozialisten lurralde erreforma aldatu nahi du; Juppek ez du iritzirik eman bi gai horien inguruan.

Bi hautagaiak sexu bereko pertsonen arteko ezkontzei eustearen aldekoak dira, baina adoptatzeko duten eskubidea «berriro aztertu» nahi du Fillonek; Juppek ez luke ezer aldatuko. Burkiniari dagokionez, erabilera debekatzearen aldekoa da Fillon; ez, ordea, Juppe.

Atzerrirako politikak

Kanpo politikari begira, Juppek Europako Batasuna moldatu nahi du, erakundeak «burokrazia txikiagoa» izan dezan. Kontinentearen defentsaren auzianere «gehiago sakondu» nahiko luke. Fillonek, berriz, Europako Gobernu bat sortu nahi du, euroa erabiltzen duten herrialdeetan. Schengen akordioa berriz negoziatzearen aldekoak dira bi hautagaiak.

Siriako gatazkari begira, Siriarara eta Errusiara «hurbiltzearen» aldekoa da Fillon, herrialdeen arteko kooperazioa helburu nagusia izanik. Gainera, Moskuri ezarritako enbargoa bertan behera uztearen aldekoa da, baita EI Estatu Islamikoa Siriarekin eta Errusiarekin batera lankidetzan suntsitzearen aldekoa ere. Jupperi dagokionez, Moskurekin elkarrizketak hastearen aldekoa da, nahiz eta oso kritiko den ErrusiakSirian duen rolarekin. Sirian esku hartze militar bat egitearen aurkakoa da.

Frantzia, berriz eskuinera

2017ko apirilaren 23an eta maiatzaren 7an egingo diren presidentetzarako hauteskundeek azken urteetako Frantziarik eskuindarrena irudika dezakete. Aurrekari bakarra dago: 2002ko bozetako bigarren itzulira pasatu ziren UMP Herritarren Mugimenduaren Aldeko Batasunaren presidentegai Jacques Chirac eta FNren presidentegai Jean-Marie Le Pen. Chirac hautatu zuten Frantziako presidente, tarte handiarekin gainera: botoen %82,21 eskuratu zituen, eta Le Penek %17,79.

Datozen bozetan, badirudi lehia estuagoa izango dela. Ezkerra zatituta dago —tartean, PG Ezkerreko Alderdiaren eta PCF Alderdi Komunistaren arteko liskarra—, eta François Hollande presidenteak herritarren gutxiengoaren babesa du; ez du erabaki bigarrenez aurkeztuko ote den. Alderdi sozialistaren primarioak urtarrilean izango dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.