Sarkozy inputatu egin dute

Ustelkeria, influentzia trafikoa eta sekretu profesionalaren urratzea egotzi dizkiote.Poliziak 15 orduz galdekatu du Frantziako presidente ohia.Ez du baztertzen UMPko presidentegaia izateko aukera

Xabin Makazaga.
2014ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Politikaren lehen lerrora itzultzeko prestatzen ari zen Nicolas Sarkozy Frantziako presidente ohia (2007-2012), eta, Eliseora eraman zuen hauteskunde kanpainaren finantzaketaren auziak geroa beltz jarri dion arren, ez du borrokarako grina galdu: UMPko presidentegai izateari ez diola atea itxi argitu zuen atzo. Goizaldeko ordu biak arte atxilotuta deklaratzen eduki zuten Sarkozy: hamabost orduz Polizia Judizialaren aurrean eta beste hiru orduz epaileen aurrean. Eta inputatu egin dute, influentzia trafikoa, ustelkeria aktiboa eta sekretu profesionalaren urratzea estaltzea egotzita.

Sarkozy «erabat harrituta eta atsekabetuta» azaldu zen atzo iluntzean bere kontrako inputazioagatik, eta inoiz ez duela zuzenbide estatuaren kontrako ekintzarik egin nabarmendu zuen, TF1 eta Europe1 telebista kateei eskainitako elkarrizketan: «Errepublikaren printzipioak ez ditut inoiz urratu; ni hondoratzeko obsesioa dauka magistraturaren sindikatuak».

Sarkozyk «Justiziaren zati baten instrumentalizazio politikoa» salatu zuen, eta pribilegiorik ez duela eskatzen erantsi zuen: «Hutsegiteren bat egin badut, ondorio guztiei aurre egingo diet. Ez naiz beren erantzukizunei ihes egiten dieten horietakoa». Hala ere, bera «umiliatzeko» saioa salatu zuen, eta bere aurkako karguak «barregarriak» direla erantsi.

Frantziako presidente ohi bat Poliziaren aurrean atxilotuta deklaratzera behartu duten lehen aldia izan da, eta horrek lurrikara politikoa eragin du Parisen. Are, Nanterreko Polizia Judizialaren egoitzan deklaratu ostean epaileek inputatu egin dutela ikusirik.

UMP alderdiko buru gisa berriro presidentetzara aurkezteko aukerak asko zailtzeaz gain—2017an dira hauteskundeak—, gutxienez urte eta erdi iraungo den auzibideari aurre egin beharko dio Sarkozyk. Frantziako zigor kodearen arabera, ustelkeria aktiboagatik hamar urteko espetxea eta 150.000 euroko isuna ezar diezaiokete Sarkozyri —hautagai izateko ezintasunaz gain, zigortuz gero—, eta, influentzia trafikoagatik, bost urteko espetxealdia eta 500.000 euroko isuna.

Nanterreko Polizia Judizialaren eta epaileen aurrean hemezortzi orduz deklaratzen egon ondoren, atzo goizaldeko ordu bietan itzuli zen etxera Sarkozy, neke aurpegiarekin. Eta goizean Thierry Herzog abokatuarekin ordu eta erdiko bilera egin zuen. Sarkozyk baino egun bat lehenago deklaratu zuen haren abokatuak, Gilbert Azibert eta Patrick SassoustKasazio Auzitegiko epaileekin batera, eta hura ere inputatuta dago entzuketen auziagatik.

2007ko hauteskunde kanpainaren ustezko legez kanpoko finantzakerak eraman du Sarkozy atxilotuta deklaratzera eta inputatua izatera. Muammar Gaddafi Libiako agintariak kanpainarako milioika euro eman izana eta Liliane Bettencourt L'Oreal enpresaren jabearen egoera ahulaz baliatuta dirua jasotzea leporatu diote, azken auzi hori artxibatu arren, presidentetza kanpainako gehiegizko gastuak ordaintzeko.

Entzuketen legezkotasuna

Guztira zazpi auzitan nahasita dago Sarkozy, baina bereziki hauteskunde kanpainaren finantzaketarekin lotutako biek eragin zuten epaileek Frantziako presidente ohiaren telefono deiak zelatatzeko baimena ematea Poliziari. Eta entzuketa horiek azaleratu dute, Frantziako hedabideen arabera, Sarkozyk sare bat antolatu zuela estatuko aparatuak baliatuta, bere aurkako auzi sekretuei buruzko informazioa jasotzeko.

Azibert epaileak auzitegietan Sarkozyren kasuei buruzko informazioa bildu eta gero Herzogi helarazten ote zion ikertzen ari da Justizia. Martxoan bien etxeak miatu zituen Poliziak, eta Kasazio Auzitegiko ordenagailuak aztertuta, epaile batzuek beraiei ez zegozkien auziei buruz informazioa bilatu izan dutela egiaztatu dute.

Sarkozyren eta Herzogen arteko telefono deiak dira zelatatutako asko, eta bezero batek bere abokatuarekin duen harremana legez babestuta dagoenez, entzuketa horiek legez kanpokotzat jo eta auzia bertan behera utzi behar litzatekeela argudiatu dute presidente ohiaren ingurukoek.

Frantziako Presidentetzak eta Gobernuak, bestalde, biak sozialisten esku, bi puntu aipatu dituzte Sarkozyren inputazioari buruz: botere judizialaren independentzia eta errugabetasun ustea. Manuel Valls lehen ministroak «gertakari larriak» direla nabarmendu zuen: «Inor ez dago legearen gainetik». Hein berean, dena denerrugabetasun ustea herritar guztiei zor zaiela esan zuen, «izan presidente ohia, haren abokatua edo epaile inputatua».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.