Bygmalion aferagatik ezagun bilakatu den finantzaketa ilegalak eramango du akusatuen aulkira Nicolas Sarkozy. Eta harekin batera, beste hamahiru gizon, denak 2012ko presidentetzarako hauteskunde kanpainako laguntzaileak: besteak beste, Bastien Millot Bygmalion enpresako arduradun ohia eta Jerome Lavrilleux kanpainako zuzendaria izan dena eta egun eurodiputatua dena. Guztiak auzipetuak daude, iruzurragatik eta dokumentu faltsuen erabilpenagatik.
Funtsean, harturiko neurriek helburu bera zuten: Sarkozyren kanpainako kontuen muga disimulatzea, batetik fakturak apalduz, eta, beraz, faktura faltsuak eginez; eta, bestetik, gastuak UMP Herritarren Mugimenduaren Aldeko Batasuna alderdiaren esku utziz. Legeak hautagai bakoitzeko 22,5 milioi euroko muga ezartzen du presidentetzarako hauteskundeetan. Alta, 2012ko urtarril eta maiatz artean, orduan Frantziako presidentea zenak 44 mitin egin zituen, kanpainako aurrekontua ia bikoiztuz.
Epaileak hainbat ardura egozten die. Sarkozyri dagokionez, magistratuak haren eskarmentua aipatu du: «Tresna legalak edonork baino gehiago ezagutu, errespetarazi eta aplikarazi behar zituen [...]. Sarkozyren autoritatea, esperientzia politikoa eta jokoan zuena aintzat hartuta, sinesgarritasun txikia du pentsatzeak haren taldeaz osoki deskonektatua egongo zela».
Sarkozyk, 2007an, hauteskundeak irabazi zituenean ere susmo txarrak piztu zituen. Orduan, kanpainaren legez kanpoko finantzaketa Libiako buru zen Muammar Gaddafiren bidez egin zela zabaldu zen. Auzi horregatik ere ez da baztertzen Sarkozy auzipetua izatea.
Macron edo Hamon
Presidentetzarako bozen atarian, eskuinean ez ezik, ezkerrean ere bada zer aipatua. PS Alderdi Sozialistako kideei ohartarazpena egin die Jean-Christophe Cambadelis alderdiko idazkari nagusiak: «Macron sostengatzen dutenak ez dira PSko kideak izango». François Hollanderen gobernuan ekonomia ministro izan denaren gibelean lerrokatuko liratekeen sozialistei alderditik kanporatzeko mehatxua egin diete, 500 kideren babesarekin lehiatzeko aukera izango luke-eta Emmanuel Macronek —En Marche mugimendua sortu du presidentegai izateko—. Benoit Hamonek ezkerreko primarioak irabaziz geroztik alderdiko adar liberaletik entzun diren bozak isilarazi nahi ditu Cambadelisek, eta, bereziki, Lyongo auzapeza Gerard Collombek irekitako bidea itxi, alderdia «bateratzeko» asmoz. «Ezin da PSkoa izan, eta aldi berean pareko alderdia sostengatu».
Sarkozy auzipetu dute, hauteskunde kanpainaren finantzaketa ilegalagatik
2012ko kanpainan, legez baimenduta dagoen 22,5 milioi euroko muga gainditu zuen Sarkozyk Presidente ohiak helegitea jarriko du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu