Joan den hilaren 11n jakinarazi zuten Abiy Ahmed Etiopiako lehen ministroari emanen diotela Bakearen Nobel Saria, Eritrearekin iaz egin zuen bake akordioa lortzeko izan zuen jarrera saritzeko. Berri hori jakinarazi eta 11 egun eskasera, ordea, etxean bertan gatazka handi bat piztu zitzaion, orain arte gutxienez 78 pertsona hil dituena. Lehen ministroa bera protagonista duen gatazka bat da, haren jatorrizko eskualdean hasia, aliatu ohi batekin dituen desadostasunengatik. Bakegintzan nazioarteko eredutzat aurkeztu eta ezin denbora gutxiagora sortu zaio merezimendu horri eusteko erronka.
Gatazka Oromia eskualdean piztu da, herrialdeko eskualderik handienean. Etiopiako Gobernuak Jawar Mohammed ekintzaile politiko oromoa egin du liskarren erantzule, eta erran du hildakoak etnien arteko borroketan gertatu direla —«zentzurik gabeko biolentzia ekintzak», erran zien herenegun Billene Seyoumek, lehen ministroaren bozeramaileak—. Etiopiako Giza Eskubideen Batzordearen arabera, ordea, estatuko indarrek gutxienez hamar pertsona hil dituzte.
Gatazkaren motiboa Jawarren eta Abiyen arteko ezinikusia izan da, eta funtsa, berriz, Etiopiako etnien arteko historia eta harreman zaila. Abiyek 2018an EPRDF Etiopiako Herri Fronte Demokratiko Iraultzaileko buruzagitza hartzeko lehia irabazi zuen, eta, hortaz, lehen ministro aukeratu zuten. Oromo etniako lehenbiziko agintaria da. Haren aitzinekoak, Hailemariam Desalegnek, protestek eta matxinada giroak behartuta utzi zuen agintea, eta sistema politikoa erreformatzeko promesa egin zuen Abiyek.
Matxinadaren protagonista nagusia oromo etnia izan zen, eta Abiyek Jawarren Querroo mugimenduaren babesa izan zuen boterea hartzeko. Ordutik, ordea, okerrera egin du bien arteko harremanak. Jawarrek Abiyen politikak kritikatu ditu, eta Abiyek, berriz, etnien arteko liskarrak sustatzea egotzi dio Jawarri.
Konspirazio salaketa
Iragan hilaren 22an, Abiyek parlamentuan ohartarazpen bat egin zion Jawarri, izenik aipatu gabe. «Etiopiako pasaportea ez dutenek ere jakin behar dute, gure bakea eta segurtasuna mehatxatzen badituzte, neurriak hartuko ditugula». Jawarrek AEBetako pasaportea du, eta mehatxu zuzentzat hartu zuen. Handik gutxira jakinarazi zuen Poliziak eskolta kendu ziola, eta konspirazio bat salatu zuen, zeinaren arabera gobernuak sustatu nahiko zukeen jende multzo batek Jawarren etxeari eraso egitea. Horregatik, haren etxea defendatzera dei egin zituen aldekoak, eta ehunka jarraitzaile elkartu ziren. Jarraian piztu ziren liskarrak Oromiako hainbat hiritan, Jawarrek salatutakoa oromo etniaren aurkako bertze neurri baten gisan hartu zutelako herritar anitzek. Dozenaka hildakoren eta 409 atxiloturen ondoren, egoera baretzeko bidean dela adierazi du gobernuak. Zazpi hilabete falta dira hauteskundeetarako, Abiyen erreforma politikoentzat suzko proba bat izanen den hitzordurako. Haren ekintzen neurgailutzat hartuko da Suediako Akademiaren saria.
Saria justifikatzeko erronka
Etiopian gutxienez 78 pertsona hil dituzte hamar egunean, Oromia eskualdean. Abiy Ahmed lehen ministro eta Bakearen Nobel saridunaren eta ekintzaile baten arteko ezinikusiak piztu du gatazka
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu