AEB

Sare sozialak eta faltsukeriak AEBetako bozetan

2020ko AEBetako hauteskundeen buelta oinarri hartuta, sare sozialetako politikako edukiak aztertu dituzte hainbat ikerlarik. Baieztatu dute segregazioa dela kontserbadoreen eta liberalen arteko kontsumoan, eta albiste faltsu ia denak eskuinekoek jasotzen dituzte.

Facebook, Instagram eta Threads aplikazioen ikonoak. CRISTOBAL HERRERA-ULASHKEVICH / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2023ko uztailaren 28a
15:37
Entzun

Ameriketako Estatu Batuak, 2020ko irailetik 2021eko otsailera arte: presidentetzarako hauteskundeen bezperak, azaroaren 3ko bozak, egunak luzatu zen kontaketa, Biden garaile, Kapitolioko erasoa, Trumpen bigarren impeachment-a... Hauteskunde batzuen itzulinguruak ez dira bareak izaten; bestela, esan diezaietela duela hiru urteko estatubatuarrei. Putzuaren beste aldean badira ere, sona handia lortzen dute bozkalekuak jendez mukuru diren aldiro. Demokraziaren eragiketak nahi edo nahigabeko emaitzak ematen ditu zenbaitetan, eta 2021 hasierakoa da horren erakusle: Trumpen jarraitzaile andana Kapitoliora indarrez sartzen. Erantzule egin nahi izan zuten orduko presidentea, auzipetuz. Kongresuak ganberako botoen gehiengo soila lortu zuen horri ekiteko; ordea, hilabete batera Senatuak errugabetu egin zuen, Kapitolioko «matxinada bultzatu» ez zuela ebatzita.

Baga ala biga: urdinez eta gorriz tindatzen da AEBetako mapa lau urtean behin; ez dirudi tarteko kolorerik dagoenik. Segregazio hori hautetsontzietan ez ezik, sare sozialetan ere ematen dela ondorioztatu du ikerlari talde batek. Politikari buruzko edukien kontsumoa ez da bera progresisten eta kontserbadoreen artean.

Facebooki eta Instagrami begira egon dira ikerlariak. Metarekin elkarlanean —sare sozial horien jabe da—, eduki politikoekiko 208 milioi estatubatuarren joerak aztertu dituzte —hauteskundeen bueltan herrialdean aktibo zeuden profilen %90, hain zuzen—. Ordea, ez dituzte datu guzti-guztiak eskuratu. Behintzat ehun aldiz partekatu ziren eta estekaren bat zuten argitalpenak izan dira ikerketaren oinarri. Science eta Nature aldizkarietan argitaratu berri dituzten ondorioak, beste hiru txostenekin batera. Denera, hamasei txosten izango dira.

Estatubatuarren jaso zituzten edukien kasik %4 politikari buruzkoa zen; eta partekatu zituztenen %3. Ikerketaren arabera, halakoak kontsumitzen dituztenak eskuindarrak dira orokorrean. Eta horra hor arriskua: politikan, beste zenbait gaitan bezala, egiazkoak eta ez hain egiazkoak diren informazioak zabaltzen dira sare sozialetan. Proportzioz, askozaz ere gehiago dira lehenak, bigarrenak baino. Dena dela, Metaren iragazkiek faltsutzat jo dituen eduki ia guztiak (%97) kontserbadoreen pantailetara heltzen dira. Eta horiexek dira albiste faltsuak hauspotzen dituztenak.

Izan ere, errua bota ohi zaio algoritmoari. Ikerketan diote baietz, algoritmoak baduela zeresana horretan, baina ez dela ahaztu behar erabiltzaileek atsegiten dituzten mezuak, partekatzen dituztenak, iruzkintzen dituztenak...

Eta ez da erabiltzaile solteen kontua soilik. Ikerketak azpimarra jarri du Facebookeko orrialdeetan eta taldeetan. Ideologia bereizketa ageriagoa da horietan, ildo bereko albisteak partekatzen baitira. Haatik, bat edo beste jarraitzean ideologia kontuan hartu daitekeela aditzera eman dute ikerketan.

Beste ikerketak

Goikoak ikerketa nagusiaren ondorioak izan dira, baina beste hiru txosten ere argitaratu dituzte. Ikerketa horietako laginak txikiagoak dira —20.000na parte hartzaile izan dituzte—. Aldaketak egin zituzten erabiltzaileek edukiak jasotzeko moduan: lehenengoan, algoritmoa ezabatuta kronologiaren arabera agertzen ziren mezuak; bigarrengoan, Facebooken gainontzeko erabiltzaileek partekatutako edukiak ezkutatu zituzten; hirugarrengoan, antzeko ideologiadun erabiltzaileen edukiak gutxiago jaso zituzten.

AEBetako presidentetzarako hurrengo bozak 2024 amaieran izango dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.