Batzarrak, martxak, manifestazioak: iazko ekainetik, Sardinian dozenaka alkate eta milaka herritar ari dira protestan «energia espekulazio» deritzotenaren kontra. Sardiniaren «laugarren kolonizazioa» salatzen ari dira asko: kolonizazio linguistikoaren, industrialaren eta militarraren ondoren, laugarrena. Italiako Gobernuak eta dozenaka enpresa pribatuk ehunka haize errota eta sistema fotovoltaiko erraldoiz bete nahi dute uhartea.
Su Entu Nostu (Gure Haizea) batzordearen bozeramaileetako bat da Antonio Muscas; 53 urte ditu, ingeniari mekanikoa da eta urte ugari daramatza energiarekin zerikusia duten alorretan; ingurumena babesteko zenbait batzarretako kidea da, eta Sardiniaren trantsizio energetikorako plana idazten ari direnetako bat ere bai. Protestan zergatik ari diren azaldu du.
Zein da batzordeen eskari nagusia?
Ekainetik, Sardiniako herritarrek dozenaka batzorde osatu dituzte, eta gero elkarrekin koordinatu dira. Sardiniako Eskualdeko gobernuari, nagusiki, zera eskatzen diogu: etenaldi bat ezar dezala, lege bat bertan behera utziko dituena orain arte zentral fotovoltaikoak eta parke eolikoak eraikitzeko eman diren baimen guztiak. Denbora behar dugu eskualderako energia plan bat prestatzeko, plan bat kontuan hartuko duena zein diren lurralde honetako benetako premiak eta eragotziko duena iturri berriztagarriak nonahi eta modu kaltegarrian erabiltzea.
Zein dira datu zehatzak?
2022an, [Mario] Draghiren gobernuak guztiz liberalizatu zuen energiaren merkatua, eta, hala, bide eman zion espekulazioari. Ekainean jakin genuen gaur egun 718 eskari eginak dituztela beste hainbeste planta eoliko eta eguzki planta jartzeko, guztira 56 gigawatteko potentzia izango luketenak. Izugarrizko datua da. Sardinian, iturri berriztagarrietatik bi gigawatt ekoizten dira gaur egun, bost gigawatt sortzeko ahalmena egonik guztira.
Gaur egun, berez behar duen baino %40 elektrizitate gehiago ekoizten du Sardiniak; hortaz, ez dago produkzioa handitu beharrik. Badira multinazionalen eta enpresa pribatuen parke eoliko batzuk oraindik ere diru laguntza publikoak jasotzen dituztenak baina elektrizitate saretik deskonektatu behar direnak, zeren Sardinian energia gehiegi sortzen baita, hura gorde eta garraiatzeko duen ahalmenarekin konparatuz gero. Beraz, absurdoa da gaur egungo potentzia halako 11 ekoitzi nahi izatea!
Horregatik, salatzen ari gara espekulazio operazio bat dela hau, enpresa pribatu asko aberastuko dituena —diru laguntza publikoak lortzeko baino ez daude sortuak enpresa horietako asko— eta ez dietenak inolako onurarik bermatuko herritarrei.
Alferrekoak ez ezik, proiektu horietako asko izugarri suntsigarriak ere badira Sardiniako lurraldearentzat...
Dozenaka mila hektarea lur hartuko lituzkete energia zentral horiek, eta batzuek arriskuan jarriko lukete gure ondare historiko eta arkeologikoa. Gainera, eguzki plaka asko lur emankorretan jarriko lituzkete.
Iraganekoekin konparatuta, gainera, plantak gero eta handiagoak dira, eta eragin jasanezina dute ingurumenean eta paisaian. Nire herri Villacidron eraiki duten azkena haize errota bat da, 2,2 megawattekoa, eta 160 metroko hegalak ditu. Proiekturik berrienetako haize errotak, berriz, 6,6 megawattekoak dira, eta 210 metro dituzte.
«Denbora behar dugu prestatzeko eskualderako energia plan bat, lurralde honetako benetako premiak kontuan hartu eta iturri berriztagarriak nonahi eta modu kaltegarrian erabiltzea eragotziko duena»
Horrez gainera, itsasoko dorre eolikoen proiektuak ere badaude: Sardiniako kostaldean jarri nahi dituzte, eta 300 metroko aparatuak lirateke, hala itsas faunarentzat nola nabigaziorako arazoak ekartzeko modukoak.
Parke eolikoak non jarri bila dabiltzanean, erdi propagandan erdi mehatxuka ibiltzen dira...
Enpresek lur pribatuak nahi dituzte halako plantak ezartzeko, jabeei promestuta etekin handia aterako dutela, baina berez etekin txikiak dira, enpresek lortzen dituztenekin konparatuta.
Eragozpenik topatzen badute bidean, energia berriztagarria gai estrategiko nazionaltzat jotzen duen legeaz baliatzen dira, eta, segidan, lurrak desjabetzen eta okupatzen hasten dira.
Mezulariei beti ahazten zaie esatea ezen, plantak zaharkituta geratzen direnean —25 urteren ondoren—, legeak ez dituela enpresak behartzen haize erroten oinarriko hormigoizko plataforma erraldoiak erretiratzera, ezta itsas azpiko kableak kentzera ere. Hormigoizko oinarri horietako bakoitzak mila metro kubo baino gehiago ditu.
Gobernuak ez al die hori eskatzen? Alegia, onartzeko moduko prezio bat, trantsizio ekologikoa laster egiteko?
Iraganean ezarritako industrien eta zentral elektrikoen ondorioz, Italiako eremurik kutsatuenetako bat da Sardinia, eta, beraz, trantsizio ekologikoaren alde gaude. Baina horretarako ezin da lurraldea gehiago suntsitu.
Energia alferrik kontsumitzeari eta xahutzeari oso zorrotz uzteko plan bat egin behar dugu, eta gure premiekin bateragarria den energia programa bat ere bai. Gaur egungo legeak, ordea, Far West moduko bat sortu du, non energia lobbyen interesak gailentzen baitzaizkie biztanleen interesei.
Zer erantzun die Sardiniako Gobernuak zuen eskariei?
Lehenik, arazoa ukatu zuen; gero, abuztuan protestak areagotzeaz batera, eskualdeko gobernuak zin egin zigun bertan behera utziko zituela proiektuak berehala. Hurrengo egunean, ordea, hemengo gobernuko kideak oporretan joan ziren, eta orain arte ez dituzte bete beren konpromisoak. Hortaz, borrokan jarraitzen dugu konponezina litzatekeen hondamendi hau eragozteko.