Santosek eskua luzatu dio Uriberi, bake prozesua salbatzeko

Kolonbiako presidentea ezetzaren aldeko liderrekin bildu da. Pastrana: «Habanako itunak izan behar du oinarria». FARCek ez du onartuko bake itunean aldaketarik egitea

2016ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Igandeko plebiszituaren emaitzak eragindako kezka eta galderen ostean, begi guztiak Bogotako Nariño Etxera zeuden zuzenduta. Sei urteko ezin ikusien ondoren, Juan Manuel Santos Kolonbiako presidenteak eta Alvaro Uribe presidente ohi eta senatariak eskuak estutu eta hiru ordu luzez eztabaidatu zuten. Bakoitzak bere lan taldea eraman zuen bilerara.FARCekin adostutako akordioak hautetsontzian errefusatuak izan ostean, behartuta daude presidentea eta ezetzaren aldeko lider nagusia ikuspuntu kontrajarriak elkartzera.

Santosekin bildu aurretik, ezetzaren aldeko liderrek beren jarrera finkatu zuten, eta argi utzi dute bake prozesua ez dutela amaitutzat emango. Kontrara, sinatutako ituna oinarritzat hartuko lukete. Horren lekuko izan ziren Andres Pastrana presidente ohiaren (1998-2002) hitzak. Pastrana Uribe baino ordu bete lehenago izan zen Nariño Etxea bisitatu zuena. Baikor atera zen Santosekin izandako elkarrizketatik: «Gaur kolonbiarren %99 dago baietzaren alde. Herria FARCen erantzunaren zain dago». Pastranak nabarmendu zuen oinarri sendoak daudela plebiszituan errefusatutako akordioetan, eta aukerak ikusten ditu ituna «doitu eta konpontzeko». «Oinarria Habanako akordioak izan behar du»,azaldu zien kanpoan zain zeukan kazetari andanari. Kanpoaldean dozenaka lagun bildu ziren, zuriz jantzita, akordioaren alde manifestatzeko. «Hildako gehiagorik ez!», oihukatu zuten.

Gerrillak ez zuen itxaropen handirik jarrita bileran: «Bakea Uriberen eskuetan uzten badugu, deabruak eramango du herria», azaldu zuen publiko egindako mezu batean. FARCeko eta gobernuko negoziazio buruek Habanan jarraitzen dute negoziatzen. Halere, gerrillak argi utzi du ez duela onartuko akordioan aldaketarik egitea. «Bakerako borondatea izateak ez du esan nahi sinatutako akordioan aldaketak egin daitezkeenik», adierazi du Carlos Antonio Losasda FARCeko kideak.

Menia, urriaren 31ra arte

Santosek iragarria zuen eztabaidarako espazioak sortuko zituela, Zentro Demokratikoarekin hitz egiteko. Gobernuaren izenean Humberto de la Calle, Maria Angela Holguin eta Luis Carlos Villegas eseriko dira mahaiaren alde batean; Zentro Demokratikoko ordezkari Carlos Holmes, Ivan Duque eta Oscar Ivan Zuluaga izango dituzte aurrez aurre. Atzoko bilerak espazio horietatik kanpo kokatu zituen Santosek, baina herrialdeko eta nazioarteko hedabideen arreta osoa bereganatu zuten. Plebiszituaren porrotak eragindako ziurgabetasunaren aurrean ikusteko dago Santosek hartuko duen jarrera. Bezperan, aurreneko neurria iragarri zuen, askok oposizioari egindako keinu gisa ulertu dutena: FARCekin hitzartutako menia urriaren 31ra arte egongo da indarrean. Defentsa ministerioak azaldu du igorritako zuzentaraua luzatu egin daitekeela, «su etena mantentzeko beharrizanen arabera, eta herritarren, FARCeko gerrillarien eta segurtasun indarren segurtasuna bermatze aldera». Rodrigo Londoño 'Timochenko' FARC gerrillako buruak harriduraz hatu zuen erabakia. «Epe horretatik aurrera gerrak jarraitzen al du?», itaundu zuen sare sozialetan. Gerrillak berretsi egin du bakerako apustua, eta etorkizuna eraikitzeko arma «hitza» izango duela adierazi du. Dena den, Nestor Martinez Fiskal nagusiak jakitera eman du FARCeko agintarien aurkako atxilotze-aginduak bertan behera jarraitzen duela behin-behinean.

Santosek neurria iragarri eta ordu gutxira hitz egin zuen FARCeko hirugarren buruak, Felix Antonio Muñoz 'Pastor Alapek'. Urduritasuna nabaria da, Santosen eta FARCen apustuak kale eginez gero gertatu daitekeenaren aurrean: «Gure unitate guztiak mugitzen hasi behar dira kokagune seguruagoetara, probokazioak saihesteko». Era berean, gerrillak dei egin die herritarrei urriaren 31n FARCen kanpamentuetan elkartzera, gobernuak su-etena amaitutzat eman dezakeenena. Bake itunaren aldekoak beldur dira plebiszituaren ondotik zabaldutako aroa, zalantzaz betea, gehiegi luzatzeko. Horregatik mobilizazioetara deitu dute presio eiteko. Atzo bakearen aldeko hainbat martxa antolatu zituzten. Jendetsuena iluntzerako deituta zegoen, Argien Parketik abiatzekoa zena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.