Politikan, batez ere hauteskunde garaian, momentum-a lortzea eta egoera horretan murgiltzea sekulako babesa da hautagaientzat. Labur azalduta, bultzada bat da, hiru aldagai batzen dituena: inkestetan goranzko joera izatea, hedabideen atentzioa bereganatzea eta aurkariek beheranzko joera izatea edo bolada txar batean egotea. Iowako caucus edo herri batzarren atarian, Bernie Sanders senataria momentum-ean dago.
Ameriketako Estatu Batuetanbozen prozesu luzea abiatuko dute bihar, eta arreta, duela lau urte bezala, demokraten primarioetan dago jarria; aurten are gehiago, oposizioko alderdiak helburutzat baitu 2016ko Donald Trumpen ezusteko garaipena ez errepikatzea. Eztabaidak luze iraungo du: presidentegai zentrista batekin ala ezkerrerago dagoen batekin egin behar diote aurre agintari errepublikanoari?
Duela lau urte, Hillary Clinton zentristak Trumpek baino hiru milioi boto gehiago lortu zituen, baina ez presidente izendatua izateko ordezkari gehiago; handik hona, gainera, herrialdea dezente polarizatu eta zatitu da. Estrategiaz haratago, demokratek euren etorkizuna, izaera eta proiektua dute jokoan hilabeteotan.
Inkestak aurtengo primarioen lehia estua islatzen ari dira: Sandersez gain, Joe Biden AEBetako presidenteorde ohia, Elizabeth Warren senataria eta Pete Buttigieg ipar-mendebaldeko South Bendeko alkate ohia dira faboritoak Iowan. Sandersek eta Warrenek ezkerreko sektorea ordezkatzen dute; Bidenek eta Buttigiegek, zentrista.
Ia berdinduta egon arren, arreta Sandersek bereganatu du, eta 2016an baino eskurago du presidentegai bilakatzea. Badirudi ez diola kalte egin iragan urtean jasan zuen bihotzekoak, «indar handiagoarekin» itzuli da, abenduan adierazi zuenez, eta, batez ere, inkestetan goranzko joera hartzea lortu zuen iragan hilabetean. Hautagai zaharra izan arren (78 urte), 35 urtetik beherakoen artean du babesik handiena, bere proposamenengatik; ez du inoiz ezkutatu bere burua sozialistatzat daukala, eta 360 graduko itzulia eman nahi diola AEBetako politikari.
Estatu txiki baina giltzarria
1980tik, Bill Clintonek izan ezik, presidentegai guztiek Iowako caucus-ak, New Hampshireko primarioak —hilaren 11n dira— edo bietan irabazita abiatu dute bozen prozesua. 2016an, esaterako, Clintonek 23 ordezkari eskuratu zituen Iowan, eta Sandersek, 21; denera 3.203 ordezkari dituzte herrialde osoan, eta horiek botoa emango dute demokraten konbentzioan, uztailaren 13tik 15era.
Bidenek eta Buttigiegek abantaila bat izan dute asteotan: Sandersek eta Warrenek bi aste daramatela Kapitolioan, Trumpen aurkako epaiketa politikoan, eta, hortaz, presentzia mediatiko handiagoa izan dutela. Inkesten arabera, nazio mailan AEBetako presidenteorde ohia da faboritoa; Iowako estatuan, Sanders.
Caucus-etan herritarrek bileretan parte hartzen dute. Gauean,etxetik atera, eta pare bat ordu egiten dituzte eztabaidan, eliza edo liburutegian elkartzen diren taldeetan. Demokraten kasuan, hautagai faboritoen inguruan batzen dira, eta horietako bakoitzak babesen %15 lortu behar ditu: lortzen ez baditu, beste hautagaien artean banatzen dira boto horiek.
Batzar errepublikanoak sinpleagoak izaten dira: parte hartzaileek hitza hartzen dute, eta bozketa sekretua egiten dute ondoren. Baina ez dago sorpresarako tarterik: ez dute eztabaidarik antolatu, eta Trumpen garaipena ziurra da.
Sandersen 'momentum'-a
AEBetako bozen prozesu luzea abiatuko dute bihar, Iowako 'caucus'-etan. Arreta demokraten hautagaietan dago jarria: senatariaren goranzko joera mehatxu bilakatu zaio Biden zentristari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu