Astearte Handian jaso zuen bultzadari segida eman zion Joe Biden AEBetako presidenteorde ohiak asteartean. Sei estatutan primarioak egin zituzten herenegun, eta sei horietatik lautan nagusitu zitzaion Bernie Sandersi—lerro hauek idazterakoan, botoen %67 zeuden zenbatuta Washington estatuan—. Garaipenari esker, Bidenek handitu egin du Sandersekiko zuen aldea. 150 ordezkariren tartea du orain. Era horretan, beste urrats bat eman du AEBetako bozetan Alderdi Demokrataren presidentegai bihurtzeko. Errepublikanoen artean ez dago zalantzarik nor izango den hautagaia. Donald Trump AEBetako presidenteak erraz garaitu zuen berriro ere Billi Weld bere aurkari bakarra.
Astearteko bozketak primarioetako inflexio puntua izango direla adierazi zuen Bidenek lehen emaitzak jaso ostean. «Kanpaina aireratzen ari da». Sandersek ez zuen adierazpenik egin asteartean, baina atzo jakinarazi zuen ez duela lehia utziko.
Azken aukera
Ziurrenik igandean izango du egoerari buelta emateko azken aukera. Aurreza-aurreko eztabaida izango du Bidenekin; asteartean argituko da ahalegin horren emaitza, primarioak izango baitituzte Arizonan, Illionisen, Ohion eta Floridan —azken hori da ordezkari gehien banatzen dituzten estatuetan hirugarrena—.
Oraingoz, Bidenek 860 ordezkari eskuratu ditu, eta Sandersek, 710. Hautagaitza automatikoki eskuratzeko 1.991 behar dituzte.
Komunitate beltza da demokraten zutabe nagusietako bat, eta oinarri horren babesa du Bidenek, Barack Obamaren ondokoa izandakoak. Mississippiko emaitzak ikusi besterik ez dago: hautesleen %60 beltzak dira bertan, eta Bidenek 31 ordezkari eskuratu ditu; bi besterik ez Sandersek.
Alderdi Demokratan ezkerrekoak direnen babesa du, berriz, Sandersek, eta gehien bozkatua da 18 eta 49 urte bitarteko hautesleen artean. Aldiz, gaur-gaurkoz, ez dirudi horrek nahikoa boto ziurtatuko dionik.
Analistek garrantzi berezia aitortzen diete Michigango emaitzei. Erdialde-mendebaldeko estatuetan, hirigune kanpoaldeetako hautesleen eta industriako langile zurien portaeraren erakusle izan daitekeela uste dute. 2016ko primarioetan, Sanders nagusitu zitzaion Hillary Clintoni, baina, asteartean, Bidenek 72 ordezkari lortu zituen, eta Sandersek 52.
Bidenek astearteko bozketa irabazi zuen Missourin eta Idahon ere, eta Sanders Ipar Dakotan eta Washingtonen gailendu zen. Azken estatu horretan behin-behinekoak dira emaitzak.
Bidenek alderdiko aparatuaren babesa du, eta bere hautagaitzak bultzada jaso du primarioetatik erretiratu diren hainbat hautagaik haren alde egin ostean.
Bidenen aldekoek ez dute nahi primarioetako lehia 2016koa bezainbeste luzatzea, eta ahalik eta azkarren izendatu nahi dute hautagai, Trumpen kontrako kanpaina ahalik eta azkarren abiatzeko.
Sandersek ohartarazi du «tontakeria» litzatekeela berriro ere hautagai moderatu bat aukeratzea Trumpi aurre egiteko. Bidenek, berriz, lidergo «egonkor»baten beharra nabarmendu du, koronabirusaren hedatzeak giro soziala nahastu duen garaian.
Sandersekiko aldea handitu du Bidenek, beste lau garaipeni esker
Sandersek ez du primarioetako lehia utziko; igandeko eztabaidan saiatuko da egoera iraultzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu